Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Txotxongiloak eta dantzariak uztartzen dituen «Marixe», Donostian ikusgai

Dokumentuaren akzioak

Txotxongiloak eta dantzariak uztartzen dituen «Marixe», Donostian ikusgai

Kresala dantza taldeak haurrentzako ikuskizuna taularatuko du Gazteszenan

Egilea
Donostia
Komunikabidea
Gara
Mota
Albistea
Data
2002/12/27

"Marixe" ikuskizuna 6 eta 12 urte bitarteko haurrei zuzenduta dago, baina familia osoak ikusteko modukoa da, bere sortzaileek atzo, bihar arratsaldean eskainiko duten emanaldia aurkezteko eginiko prentsaurrekoan esan zutenez. Kresala dantza taldeko zuzendari artistiko den Faustino Arantzabalek, Aitzol Iriondo gidoilariak eta Larraitz Zubeldia dantzariak joan den maiatzean Gazteszena aretoan lehen aldiz taularatu zen lanaren berri eman zuten atzo. Fabula sinboliko gisa egituratuta dagoen ikuskizuna dela eta Euskal Herrian dantza eta musika herrikoiaren eta txotxongiloaren munduak lehenengoz uztartzen dituen lana dela nabarmendu zuten.



Dantzaren eta beste arte eszenikoen inguruan haurraren munduarekiko «nahiko huts nabarmena zegoela ikusi genuen», esan zuen Aitzol Iriondo dantzari eta gidoigileak, eta uste horretatik abiatu ziren txikienentzako emanaldia antolatzeko. «Etorkizuneko antzerki eta arte eszenikoen zale izango diren haurrei emankizun ez elitista eta ez lehiakor bat eskaintzen saiatu gara, ahalik eta integratzaileena eta ahalik eta balore positiboenak eman nahi izan dizkiogularik», gehitu zuen.



Haurrek erraz ulertuko dituzten elementu sinbolikoz osatu dute emanaldia, hala nola, naturarekiko errespetua, koloreak edota animalien mundua. Horiek agertuko dira taulagainean ikuskizunak irauten duen ordu eta laurdenean.



Haurren ametsezko mundu majikoan txertatu nahi izan dute obra eta taularatzea goraipatu zuen Faustino Arantzabalek. Hogeita hamar dantzari, bost musikari (txirulari, arrabitari, soinujole eta perkutsionistak) eta harizko txotxongiloak batera aritzeaz gain, «dantzariak marionetak balira bezala agertuko dira, hau da, mugimenduaren eta keinuaren munduan jira egin, bihurrikatu eta mugitzen diren panpin artikulatuak balira bezala», azaldu zuen.



Fabula asmatutako urruneko lurraldeetan garatzen da eta kutsu oniriko garbia du. Ikus-entzuleek ohiko lanbideak, kantak eta dantzak ikusiko dituzte, ikuskizunak ametsezko mundu batetik bestera egiten duen bitartean. Katua, azeria, ahuntza, hartza, ehunzangoa edo oilarra agertuko dira animalien erreinu jakintsuan, eta aizkolaria edo ipotx erraldoia bezalako benetako eta alegiazko gizakiak beste hamaika parajetan.



Guztien gainetik dago Marixe dama ederra, dena dakien fabularen protagonista nagusia, mundu horiek zaintzen dituen txotxongiloa. Berak ematen dio izena ikuskizunari.

Dokumentuaren akzioak