Dokumentuaren akzioak
Txori erreboltaria
"Carmen"
Behe-laino arinean bilduta, argi urdinaren pean, agertoki huts batean eta Gare du Midi antzoki erraldoia ondo beteta zegoela erakutsi ditu Dada Masilok bere konpainiaren indar neurrigabea eta beraren sormen ikaragarria.
Masiloren ibilbidea harrigarria da gure begietatik ikusita: Soweton jaio eta hazi zen (Johannesburg, Hegoafrika) eta bertako Newton auzoko Dance Factoryn jaso zuen bere lehen heziketa dantzan, baina Miarritzen garbi utzi du jaiotzetik daramala dantza zainetan, arbasoengandik heredatuta segur aski. Belgikako PARTS ikastegi prestigiodunean osatu zuen bere formazioa eta, Hegoafrikara itzulitakoan Mendebaldeko kulturako klasikoen berrirakurketa pertsonala izan da bere lan ildo nagusia. Bide horretatik, Romeo eta Julieta, Hamlet eta Beltxargen aintzira bezalako lan ezagunak berreraiki ditu dantzarako, bere estilo apurtzaile eta ezin sormentsuagoan, eta Euskal Herrira ekarri duen lehen lana Carmen hau izan da.
Bere aurrekariak ikusita, ezin genuen ezer konbentzionalik espero emanaldian zehar, eta Masilo bera agertu denean ulertu dugu irudipen horren zergatia. Eszenaren inguruko soinuek Sevillako giro flamenkoa ekarri dute, palmekin, takoikadekin eta zalapartarekin batera, eta dantzaria oinutsik eta kaskamotz agertu da, afrikar emakumeen estiloan, konpainiako dantzariek ?bosna emakume eta gizon? banakako erakustaldi laburrak egiten zituzten bitartean, festa flamenkoetan bezala. Hala ere, koreografoak flamenkoko osagairik behinenak aukeratu eta bere lengoaia pertsonalean txertatu ditu, umore bizigarria lagun. Bide horretatik, esangura berezia eman dio beso eta eskuen adierazkortasunari eta, gizonen kasuan, edertasun osoa atera die belaun bat lurrean eta beste hanka luzatuta egotearen posizioei.
Inpaktu handiko hasiera horren ostean, izar handi baten distirarekin nagusitu da Masilo konpainia osoko mugimendu-bloke koordinatuetan, nortasun handiz interpretatuz Carmenen bizi-gogoa, amorrazioa, suharra eta harropuzkeria kolpe ugariak. On Jose kaporalak aurreko emaztegaiarekin eta geroko Carmenekin izandako duo kementsuak estilo integrazioaren bide beretik joan dira, narratibotasun elkorrari uko eginez, jaiotzetiko iturri afrikarretatik oparo edanez eta bere hiztegi koreografiko agortezinean sakonduz, toreatzailearekin izandako borrokan gertatu den bezala.
Bitartean, Bizeten melodia ezagunenak entzun ditugu ?Toreatzailearen martxa eta L'amour est un oiseau rebelle habanera?, haien artean piano melodia iragarleak eta flamenko giroko zalapartak zeudela, eta amaitutakoan ikusleak zutik jarri dira eta berotasun handiz txalotu dute Hegoafrikako txori erreboltariaren ekarpena.
Dokumentuaren akzioak