Dokumentuaren akzioak
Txistulariaren doinuen atzetik
Dantzarako sortu zen txistua, folklorean gorde zen gero, eta egun instrumentu bat gehiago da Euskal Herrian. Berezkotzat hartzen da, gainera; euskal nortasunaren ikur da, eta horrek berriz piztu eta galbidetik atera du. Baina txistuaren eta hari lotutako danbolinaren sorrera Erdi Aroko Europan kokatu behar da. Hipotesi horren alde egin du Mikel Aranburu Urtasunek Niebla y cristal. Una historia del txistu y de los txistularis liburuan. «Asmakizun baten modukoa izan zen. Norbait ohartu zen txirulari doinu bera ateratzea bazegoela esku bakarrarekin, biak erabili beharrean; horrela, beste eskuarekin danborra jo zitekeen. Aurrerapen handia izan zen garai hartan, pertsona bakar batek jar zezakeelako dantzarako melodia eta erritmoa».
Azkar asko zabaldu zen Europa osoan, baita Euskal Herrian ere. Gainbehera ere azkarra izan zen, ordea, eta Pizkundearekin batera galdu egin zen leku askotan; bizirik iraun zuen herrialdeetan, bertako folkloreari esker iraun zuen. Euskal Herrian txirula eta danborra elkarrekin jotzen jarraitu zen arren, danbolin eta tuntun jotzaile deitu zieten. Tamborilero ageri da nagusiki agiri zaharretan, baita chunchunero ere.
Izan ere, txistua eta txistulari hitzak berritzat jotzen ditu Aranburuk: XIX. menderen amaieran erabiltzen hasi eta XX.ean finkatu ziren. Hori da liburu honetan lantzen dituen beste ideietako bat. «Ondorio okerretara eraman du horrek hainbat historialari, eta eragin larria izan du gure kulturan, txistua arrotza eta inposatua dela esan baitute. Txistulariek XVI. mendetik jotzen dute Iruñean; idatzietan juglar (koblakari) deitzen diete, baina idatzi horiek garbi azaltzen dute txistua eta danbolina zutela».
Historiari lotua
Iruñeko Udal Txistulari Bandako kide da Aranburu , eta euskal folklorearen aztertzaile. Txistuaren historiaren sintesia egiteko helburuarekin idatzi du liburua. «Txistulari eta txistuzale askok ikerketa interesgarriak egin dituzte, eta Txistulari aldizkaria haien berri izateko tresna garrantzitsua da. Baina barne argitaralpena da, eta dakiguna jendarteratu egin behar da». Txistulariak arduratu dira, Aranbururen ustez, txistuak bizirik iraun dezan, eta haien urratsei segitu die lan hau osatzeko. Argibideak ireki dizkio, baina zalantzak ere bai; ikertzen segitzeko akuilu izatea espero du.
Euskal Herriko historiaren barnean aztertu du Aranburuk txistuaren bilakaera, eta eragin handiko hainbat gertaera nabarmendu ditu. Agintari politiko eta erlijiosoek danbolintero edo txistularia udal langile bihurtzea erabaki zutenekoa, adibidez. «Gazteen jaiak kontrolatu nahi zituzten. Dantzak igande arratsaldeetan egiten ziren, eta gehiegikeriak egingo ziren kezka zuten agintariek. Horregatik, udalari lotu zitzaion festa eragile zen musikaria. XVIII. mende osoan udalak kontratatutako langile modura ageri da txistularia, ospakizunetan jotzeko baina baita bestelako eginkizunak egiteko ere (pregoilari, aguazil, zerga kobratzaile...)».
Baina Ilustrazioak beste modu batera ikusi zuen txistulariaren egitekoa, eta mendebaldeko musika arauen barruan gozatu zuen txistua. «Bultzada akademikoa eman zitzaion txistuari, eta horri esker txistulari bikoteak eta txistulari bandak osatu ziren». XIX. mendean, ordea, apenas zen bandarik, eta abertzaletasunak bultzatuta eta lore jokoen bidez indartzen hasi zen, nortasun ikur modura. Bide horri segitu zioten hurrengo mendean ere, eta frankismoak ezarritako debekuak gaindituta, egungo egoera ez du batere gaizki ikusten Aranburuk. «Kalitate artistiko handia du, eta kalean lekua galdu badu ere, egokitu eta eutsi egin dio, jendeak gustuko duelako eta berezkotzat hartzen duelako».
Zenbateraino modernizatu eta zenbateraino gorde behar den tradizioan, betiko eztabaida iruditzen zaio. «Jaietan jotzen zuten artzainen melodia tradizionalak egun arte heldu dira; hor dira Mauricio Elizalde eta Alejandro Aldekoaren ekarpen aberatsak, tradizioz jasoak baina musika ezagutzarekin landuak. Baina transmisioa galdu egin da, eta orain musika eskoletan ikasten dute gazteek txistua jotzen. Horrek ez du kentzen tradizioko forma horiek galtzea». Bestalde, Jose Ignacio Ansorenak txistuaren konfigurazioan eta pedagogian eginiko lana nabarmendu du.
Agintariek jaiak kontrolatu nahi zituzten, eta XVIII. mendean udal langilea zen txistularia»
mikel aranburu
Txistularia eta idazlea
Dokumentuaren akzioak