Dokumentuaren akzioak
Txistua, mundurako
Polentzi Gezala txistulariari buruzko biografia liburua idatzi du Joxe Juan Ugalde kazetariak, Lezoko Udalaren laguntzarekin
Txistua ia-ia ahoan zuela munduratu zen. Eta ondoren bera izan zen txistua munduratu zuena. Txistua lagun hartuta munduan barrena ibili zen, eta txistuari nazioarteko eitea eman zion. Euskal kulturaren zeinuetako bat da txistua. Saldu ere hala saldu izan da sarri, eta zenbaitetan esparru mugatuetara bideratu du horrek, baina izan dira konplexurik gabe, eta ia beste ezein musika tresna balitz bezala erabiliz eta landuz, txistua han-hemenka plazaratu dutenak. Horietako bat da, dudarik gabe, Polentzi Gezala (Lezo, Gipuzkoa, 1919-Coarraza, Frantzia, 2008). Pertsonaiaren tamainaz aspalditxo jabetu zen Joxe Juan Ugalde kazetaria, eta tamaina horren neurria ematen duen biografia liburua argitaratu berri du, Lezoko Udalaren laguntzarekin.
Txistuaren enbaxadorea izan zen Gezala. Han-hemenka barreiatu zuen
txistuaren soinua, eta hainbeste mugitu izanak ezin konta ahala pasadizo
biziarazi zizkion: «Gertaera eta pasadizo harrigarriak kontatzen
zituen: Floridatik Las Vegasera, bera entzutera propio joan zen Gaztelu
lezoarrarena; Washingtonen kontzertua amaituta, ikusle batek txistuaren
truke txeke zuri bat eskaini zionekoa -'bihotzeko gauzek ez dute
preziorik' izan zen erantzuna-; Brigitte Bardoten film baten lorategian
txistua jotzen parte hartu zuenekoa; Tunisiako Habib Burguiba
presidentea ezagutu zuenekoa...», dio Ugaldek liburuari sarrera ematen
dion atarikoan. Baina, atzerrian asko ibili eta bizitakoa izan arren,
Euskal Herria oso presente izaten zuen beti Gezalak: «Aparteko
garrantzia ematen zion munduan barrena ibili izanari, Paris hiriaz
maiteminduta zegoen, txistua bere bihotza bezain garrantzitsua zela
esaten zuen behin eta berriz... eta aberria. Polentzik askotan aipatzen
zuen Euskal Herriaren geroari buruzko kezka, beti, hori bai, atzean,
Gerra garaian bizi izandakoarekin nahastuz. Harro zegoen familia
abertzalean sortu izanaz. Harro zegoen nazionalista izateaz. Ez horren
harro euskal abertzaleen arteko zatiketa eta ezinikusiaz. Aberriaz
mintzo zenean, abertzaleen arteko zatiketak eragindako mina adierazten
zuen. Eta berehala, Parisen, Jose Antonio Agirre lehendakariarekin
izandako hartu-emana ekartzen zuen solasera, garai haietako batasuna
nostalgiaz gogoratuz».
Joxe Juan Ugaldek, kazetari izateaz gain -Euskadi Irratiko Albiste Faktoria
saioa gidatzen du egun-, dantzari ere izandakoa da, eta, Gezalak
bezala, lezoar izaera harrotasunez darama. Herriko seme izanik ezagutu
zuen txistularia, eta hamaikatxo hizketaldi izan zituzten Gezala bizi
zen artean, «Lezoko Kale Nagusiko Alai Etxe-ko egongela txiki
hartan». «Dena zuen mintzagai: hormako argazki zaharra, halako
herritarren xelebrekeria, soldadutzako urte luzeak, munduan zehar
ikusitako ñabardurarik txikiena edota agertokietan izandako unerik
sakonena». Bizi zela hitzegina zuten biografia liburu bat idazteko
aukerari buruz, eta «baldintza bakarra» jarri omen zion biografiaren
protagonistak: «Liburuak hiru hizkuntzatan izan behar zuela zioen.
Euskaraz jakina, baita espainieraz eta frantsesez ere».
Jaizkibel azpian, Lezoko kale nagusian jaio zen Polentzi Gezala.
Abertzaletasuna bezala, musika ere oso errotua zegoen Gezalatarren
etxean. Polentziren aitona musikaria zen; zeharkako flauta jotzen zuen.
Aita Lezoko Udal Bandaren zuzendaria zen. Luis eta Regino anaiek
saxofoia eta pianoa jotzen zuten; Luke, arrebak pianoa; Irenek abestu
egiten zuen, eta Xabinek pianoa, txistua, atabala, saxofoia eta
eskusoinua jotzen zituen. Musika giro hartan hazi eta hezi zen Polentzi.
Ezin bestela izan, bera ere musikari atera zen.
Lezoko Patrizio Intxaurrandietarekin jo zituen txistuaren lehen
notak; geroxeago, Errenteriako Alejandro Lizasorekin jarraitu zuen, eta
Donostiako Isidro Ansorenarekin ere sakontze ikasketak egin zituen. 36ko
gerran, Euskal Herritik kanpo ibili zen, eta soldadutzan zazpi urte
egin eta gero, musikaren munduan murgildu zen. Etorki dantza taldearekin
Parisera joan zen 1951n, eta han eman zituen bizitzako urte gehienak.
Reveil Basco Bearnais konpainian aritu zen -han ezagutu zuen ondoren
emazte izango zuen Annie Gezala-, Ballet L'ensemble Populaire de Parisen
aritu zen, Izarra dantza taldean, eta garaian ezagun ziren hainbat
dantzarirekin lan egin zuen; esaterako, Mariemmarekin, Carmen Amayarekin
eta Manolita eta Rafael Aguilarrekin.
Makina bat sari eskuratu zituen bere ibilbide luzean Gezalak,
besteak beste Parisko Udalak emandako arte eta zientzien domina, eta 30
disko inguru ere grabatu zituen, artean txistu doinuak grabatzea oso
ohikoa ez zen garaietan.
Izenburua. 'Polentzi Gezala'.
Egilea. Joxe Juan Ugalde.
Argitaratzailea. Lezoko Udala.
Kolaboratzaileak. Iñaki eta Imanol Esnaola, Jose Ignazio Ansorena, Patxi Intxaurrandieta, Estanis Karrera eta Daniel Moers.
Aurkezpena. Irailaren 11n, Lezoko Gezala auditoriumean, 19:00etan.
Dokumentuaren akzioak