Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Txirri, Mirri eta Txiribitonentzat izan da I. Verdini Saria

Dokumentuaren akzioak

Txirri, Mirri eta Txiribitonentzat izan da I. Verdini Saria

Pailazoek hainbat urtez egindako lana saritu nahi izan du dantza taldeak, bai euskararen bai urritasunak dituzten pertsonen alde.

Euskararen Nazioarteko Eguna, eta aldi berean, Urritasunaren Nazioarteko Eguna ere bada abenduaren 3a. Hori dela eta, Verdini Dantza Taldeak I. Verdini Saria banatu du gaur goizean, Viktoria Eugenia Antzokian. Txirri, Mirri eta Txiribiton pailazoentzat izan da saria, hainbat eta hainbat urtez euskararen eta urritasunak dituzten pertsonen alde egindako lanagatik.
Egilea
Estitxu Zabala
Komunikabidea
Irutxuloko Hitza
Mota
Albistea
Data
2014/12/04
Lotura
Irutxuloko Hitza

Pailazoen Begiek salatzen al naute? abestiarekin koreografia ederra eskaini dute dantzariek antzokiko Klub aretoan, une hunkigarriak sortuz. “Zergatik begiratzen ote nauzu? / Begiek salatzen al naute? / Zure berdina ez izan arren, / adiskide izan gaitezke“, dio abestiak. Down sindromea duten lagunek osatzen dute Verdini Dantza Taldea, eta 22 urte daramatza borrokan urritasunak dituzten pertsonak gizarteratzeko. Jose Ignazio Ansorena eta Txema Vitoria, Mirri eta Txiribiton, hurrenez hurren, izan dira garaikurra jasotzeaz arduratu direnak. Txirri, Xabier Otaegi, lan kontuengatik ezin izan baita bertaratu. Eskerrak eman dituzte pailazoek, eta gustura bildu dira dantzariekin: “Emozioak bultzatuta egin genuen kanta hura, egiten ditugun gauza guztien moduan”, aipatu du Mirrik. Txantxetarako tartea ere izan dute, garaikurra jasotzean. “Pisu handia du sariak, eskerrak Txema bilbotarra den eta berak erraz altxatuko duen”, gehitu du Mirrik.

Juniorrekin, taula gainean

Bi pailazoez eta dantzariez gain, Mirri eta Txiribiton juniorrak ere izan dira ekitaldian, hau da, Kattalin Ansorena eta Juanma Zaldua; baita udaleko ordezkariek ere. Mirri juniorrek aipatu duenez, abenduaren 13an Txutxupe ikuskizun berria estreinatuko dute Viktoria Eugenia Antzokian bertan, eta Verdiniko kideak bertan izango dira. Hori baino lehen, ordea, gaur 17:00etan, Viktoria Eugenian Verdiniren emanaldi batez gozatzeko aukera egongo da, Esencia de Verdini. Sarrera irekia izango da, baina aurrez gonbidapenak hartu beharko dira antzokiaren txarteldegian.

Sari emate ekitaldian, manifestu baten irakurketa ere egin du Aintzane Gamizek, dantza taldearen izenean. “Badakigu gizartea pixkanaka aurrerantz doala. Ziztu bizian aurreratzea nahiko genuke, baina badakigu gauza guztiek euren denbora behar izaten dutela. Ez daukagu presarik. Bien bitartean, gizartean gure lurrina zabalduko dugu. Gizarte batek euskaraz, gazteleraz, ingelesez edo beste edozein hizkuntzatan hitz egiten badu hobea dela uste dugu. Aldi berean, gizarte bat hobea da pertsonek osatzen baduten, euren kromosoma kopurua kontutan izan gabe. Ez zaizkio inori hegoak moztu behar. Guztiok batera gizarte hobeago bat eraikiko dugu”, zioen besteak beste testuak.

I. Verdini Saria

Pailazoek, udal ordezkariek eta Verdiniko kideek bat egin dute Viktoria Eugenia Antzokiko klub aretoan. (Argazkia: Estitxu Zabala)

Dokumentuaren akzioak