Dokumentuaren akzioak
Txina eta Greziako dantzak hartuko dauz Andra Marik
Nazinoarteko I. Folklore Jaialdia eratu dau Kriskitin dantza taldeak
Hasiera ordua 21:00etan izango da, halandabe, aurretik, 20:00etan kalejirea egingo dabe Alde Zaharrean; Santa Ana plazan saioa be eskainiko dabe.
Orain urte bi sortutako ekimena da floklore jaialdia eratzea, Kriskitin dantza taldeko kide Marisa Barrenak dinoanez: «Greziako Mesimeri eskualdean izan ginan geure ikuskizunagaz; kasualidade hutsez joan ginan eta hainbat herritan egin genduan dantzan. Orduan argi euki genduan, goizago ala beranduago hango talde bat ekarriko genduana, halandabe, ez genduan, datei jagokonez, konpromiso zehatzik hartu».
Igaz egin eban Kriskitinek jaialdia sortzeko lehenengo ahalegina, halandabe, ez eben aurrera eroaterik izan. «Dana dala gogoa eta konpromisoa geunkan eta, aurton aurrera egitea erabagi dogu». Tang Inperio Dinastia Portugaleteko Elai Alai dantza taldearen bitartez izango da Durangon.
Txina eta Greziako folklorea ezagutzeko aukerea
Saioak ordu eta erdiko iraupena izango daue, eta Grezia eta Txinako folklorea ezagutzeko aukerea emongo dau. Kriskitin dantza taldearen helburuetariko bat da Euskal Herriko dantzak munduan ezagutu eragitea. «Horixe da gure filosofia; kulturen arteko trukea, edo, behintzat, alkar ezagutzea. Hori bizitea garrantzitsua dalakoan gagoz», dino Barrenak.
Jaialdiak harrera ona izango dauelakoan dagoz Kriskitinekoak. Andra Mari elizpea betetea da euren asmoa; ganera, ikuskizunerako 500 jarleku ipiniko dabez. «Lehenengo saioa dogu; ardurea eta urduritasuna sortzen dau horrek. Dana dala, Kriskitinek ikuslego leiala daukala uste dot, eta jentea hurreratuko dalakoan nago», dino Barrenak. Hurrengo urteetan be jarraitzeko animauta dago bera: «Egokiena urte birik behin egitea litzateke, eta, noizean behin, guk geuk be kanpora urten... Horixe da bideragarriena, baina ez dago ezer erabagita».
Ganera, holakoak eskualde mailan antolatzea joten dau egokientzat. Aurten, lehenengo pausoak egin dira, Barrenak dinoanez. Kalikratiak 7 saio izango dauz eginda Greziara bueltau aurretik, Kriskitinek gertauta. «Interesa sortu gura dogu inguruko herrietan be. Durangotik urtekeran, ikusi dogu arrakastea daukiela halako ekitaldiek; Zornotza, Berriz eta Mañarian egiten dabe, esaterako. Merezi ebalakoan eratu dogu jaialdia».
Dokumentuaren akzioak