Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka 'Tximeleta' ikuskizuna eskainiko du Baratze pilotalekuan Ballet Biarritz Juniorrek bihar

Dokumentuaren akzioak

'Tximeleta' ikuskizuna eskainiko du Baratze pilotalekuan Ballet Biarritz Juniorrek bihar

Egilea
Andoni Etxeberria
Komunikabidea
Diario Vasco
Tokia
Segura
Mota
Albistea
Data
2006/03/03

Ballet Biarritz eta Dantzaz taldeak antolatuta, azken bi urteetan udako dantza tailerrak antolatu dira, profesional munduan aritu nahi duten 12 gazte aukeratzeko. Akademia honetara iparralde zein hegoaldeko 50 dantzari aurkeztu ziren iaz ,eta hautatutako gazteak formazio profesionala jasotzen ari dira joan den irailetik, Bidasoaren bi aldeetako erakunde publikoen diru-laguntzei esker. Egiako Kultur Etxean gehienbat eta batzuetan Miarritzen bertan, prestakuntza profesionala ari dira hartzen gazte hauek azken sei hilabeteetan eta, balet maisuak, Ballet Biarritzeko irakasleak eta gonbidatutako koreografoekin prestatzen egon ondoren, gazte hauek dantza profesionalera sartzen dira modu egokian.



Arte bizia



Lan guzti horren fruitua da larunbatean pilotalekuan emango den Tximeleta dantza ikuskizun bizia, lau dantza koreografiez osatua. Euskal Herri osoko 15 hirietan dantzatu eta gero, apirilaren 4ean amaituko dira talde honen emanaldiak eta, Josune Arrondok atzo esan zuenez, «Udalak esfortzu handia egin du goi mailako balet hau Segurara ekartzen, eta herritarrek zein etorri nahi duten kanpotarrek kalitateko emanaldi bat ikustea da gure helburua, eta horregatik jarri dugu sarrera doan».



Adriana Pous-en esanetan «larunbateko koreografia ikusgarria da oso, lehen aldiz baleta ezagutzera doazenak benetan disfrutatzeko modukoa. Baleta arte oso bizia da eta dantzariak ere oso ilusionatuta daudenez eskaintzen ari diren dantza saioekin, ziur nago ikusleek asko gozatuko dutela koreografiekin».



Iparraldeko sei eta hegoaldeko beste sei, Biarritz Ballet Junior konpainia 18 eta 22 urte bitarteko hamabi neskak osatzen dute: Jone Miren Agirre, Judith Argomaniz, Victoria de la Fuente, Pauline Fabien, Noemie Garcia, Miren Gomez, Sara Hernandez, Irma Hoffren, Severine Lefevre, Aurelie Luque, Anne Sophie Placier eta Gisela Ribak.



Artista gazte hauek egunean sei ordu entsaiatzen dute, teknika, dantza metodologia eta arte eszena berriak garatuaz.



Lau koreografia



Tximeleta dantza ikuskizuna lau koreografiaz osatuta dago, hain zuzen, Laztanak, Elurraren herrialdea, Zisnearen heriotza eta Boleroa. Obra 12 dantzarik eramango dute eszenara eta 70 minutuko iraupena izango du. Sarrera doan da eta berogailua egongo da.



Laztanak Gael Domenger-en koreografia da, 10 minutuko iraupena du eta 3 dantzarirentzako baleta da. Begientzako laztan soilak, Fernand Knopff margolari sinbolistaren koadro batetik hartzen du izena. Elurraren herrialdea egile berak sortutako lana da, 11 minutukoa eta 9 dantzariri zuzendua. Izenburua eleberri japoniar batetik dago hartuta eta Domengerri Euskal Herria ezagutzeak piztu zion emozioa islatzen du koreografiak.



Beste bi koreografiak Ballet Biarritzeko buru den Thierry Malandainek asmatu ditu.Zisnearen heriotza, 12 minutukoa eta 3 dantzari, Michel Fokinek Ana Paulovarentzat sortutako obran dago oinarritua eta zisne baten bizitzako azken uneak deskribatzen ditu. Boleroa 15 minutu eta 12 dantzari, Nijinskaren koreografia bat da, baina Maladainek erabat aldatzen du hasierako istorioa, Maurice Ravelen musika partiturari lehentasuna emanez. Aski ezaguna da Ziburuko konposatzailearen pieza orraztuz-orraztuz doala, era obsesibo batean, bukaerako goren puntura iritsi arte. Amaiera indartsu horretan, askatasunak ematen duen plazeraren metafora adierazteko, Malandainek hamabi gazteak dantzan jarriko ditu.

Dokumentuaren akzioak