Dokumentuaren akzioak
Txerrero, Zamaltzain eta europar literatura (I)
Zuberoako maskaradak dira euskal lurraldeetan gertatzen diren folklorearen erakustaldirik aztertuenetakoak. Dantza eta funtzio hauek lehen aldiz ikusten dituenak harriduraz hartzen ditu beren erakargarritasun estetikoagatik. Aldi berean, errepresentazio hauek konplexuak diren neurrian, ez da erraza jakitea beren oinarrizko zentzua zein den. Hori dela eta, antropologoek, folkloristek eta literatura popularraren ikertzaileek anitz azalpen eman dituzte. Horien artean, bi multzo egin daitezke. Alde batetik, XX. mendeko lehen zatian idatzi zuten autoreak ditugu, batez ere Georges Hérelle eta Violet Alford. Hérellek luzeki deskribatu zuen maskarada eta Alfordek ugalkortasun errituekin lotzen ditu, J.G. Frazerren ‘Urrezko adarra’ren teoria bereganatuz.
XX. mendeko bigarren zatian, Julio Caro Barojari esker, kutsu berriko ikerketak garatu ziren. Caro Barojak, 1965ean, ‘El Carnaval (análisis histórico-cultural)’ argitaratu zuen, eta, bertan, metodologia historikoa aplikatzen dio folkloreari, orduan modako zegoen analisi estrukturalistari erantzuna emanez. Aldi berean, ihauterien ikerketa konparatiboaren oinarriak jartzen ditu.
Beste aldean, ikerketa estrukturalistaren eremuan batik bat, kokatzen dira Txema Hornillak 80ko hamarkadan idatzi zituen ‘Sobre el carnaval vasco’ (1987) eta ‘Zamalzain el chamán y los magos del carnaval vasco’ (1988) liburuak. Hornillak maskaradetako gai garrantzitsu bat azpimarratu zuen, heriotza eta berriztatze errituekin zerikusia zutela alegia, nahiz eta bere metodologia batez ere transkulturala den. 80ko hamarkadan, halaber, Patri Urkizuk ‘Euskal antzertia’ liburua argitaratu (1984) eta bira literarioa eman zion maskaraden ikerketari, antzerki formekin dituen loturak azpimarratuz. Maria Arene Garamendi da joera literario hau bururatu zuen autorea. Ikuspegi zabaleko ikerketa da bere ‘Teatro popular vasco. Semiótica de la representación’ (1991). Bertan Garamendik hiru metodologia nagusi erabiltzen ditu maskaraden interpretazioa lantzeko: historikoa, semiotikoa eta hermeneutikoa. Bere sakontasunagatik, metodologiaren erabilera malguagatik eta ematen dituen giltzarriengatik, esan daiteke Garamendiren liburuak goi-kalitate estandar berria jarri zuela maskaradei buruzko bibliografian.
Ikerketa hauei guztiei esker jakin dezakegu maskaraden errepresentazioa nolakoa den, zein den bere zentzu orokorra eta errepresentazioa osatzen duten zatien elkarrekiko lotura. Hala ere, badago maskaradetan gai bat ikertzaileen harridura sorrarazi duena. Paradoxaz beteriko gai hori da hiru pertsonaia nagusien izenen eta jardueraren artean ez dagoela erabateko koherentziarik. Hiru pertsonaia hauek dira Txerrero, Zamaltzain eta Gathia edo Gathusai (Gatuzain). Ikus daitekeen moduan, pertsonaia hauek animalia zaindarien izenak dituzte (zerriarena, zaldiarena eta katuarena), baina antzezten den ekintzan, hirurek dute zaldien edo zaldunen jokaera nabari. Txerreroari dagokionez, nahiz eta bere izena gardena den (zerrizaina), Garamendik aipatzen du «es indudable que representa un caballo». Zalantzarik ez dago horrela dela, antzezlanaren ‘Manitxalak’ deituriko funtzioan, ferratzaileak diren pertsonaia hauek Txerreroa gatibatzea eta ferratzea lortzen baitute. Orduan, zergatik gertatzen da era horretako koherentzia falta, zerrizainak zaldi baten jarduera hartzea? Lehen begiradan akatsa edo errakuntza dirudienak bere zentzua erakusten du literatura konparatuaren metodologia erabiltzerakoan eta esan daiteke europar tradizio literario hautatu batzuekin bat datorrela.
Philippe Walter da metodologia horren garatzaile aipagarrienetako bat. Walterrek frantziar literaturaren oinarriak aztertu ditu eta literatura horretan aurretiko mitologia zeltarrek utzi zituzten aztarnak identifikatu ditu. Bere lanen artean ditugu ‘Mythologies du porc’ (1999) eta ‘Tristan et Yseut. Le porcher et la truie’ (2006), non azaltzen dituen zerriek eta zerrizainek zeltar mitologian zituzten agerpenak eta garrantzia. Horien artean dugu Tristan zaldun ezaguna. Walterrek aipatzen du Tristan kristautasunaren aurretiko mitologiatik datorren heroia dela, XII. mendetik aurrera europar literaturan maiz azaltzen baldin bada ere. Walterren ustez, Europako lehen literaturetan, kutsu arkaikoa duten figurak eta istorioak jasotzen dira. Tristanen kasuan, ‘Triades’ deituriko testuak kontuan hartu behar dira. Triades edo hirukote bat elkarrekin zerikusia zuten mitologiazko hiru pertsonaia hautatuen bilduma zen, pertsonaia hauen ezaugarri nagusiak oroitzen laguntzen zuen tresna literarioa, alegia. Hogeita seigarren triadak dio Tristan zerrizainak Marc Meirchyawnen semea zenaren zerriak zaindu zituela, etsai boteretsuei aurre egin ziela eta lortu zuela zerri bat bera ere ez galtzea. Ikus daitekeen moduan, Tristan eta Marc aipatzen ditu triadak, ‘Tristan eta Iseo’ istorioaren pertsonaia nagusiak, baina ezaugarri ezberdinak erantsita dituztela.
Testu hauek ongi ulertzeko, kontuan hartu behar da zeltar komunitateetan zerrizainak zuen gizarte kokapena. Le Rouxek eta Guyonvarc-ek ‘La société celtique’ (1991) beren liburuan azaltzen dute zerrizaina Irlandako gorteko goi-funtzionarioa zela eta hiru funtzio nagusi zituela: apaiza, gizonen gidaria eta lurraldearen babeslea. Horren adibide moduan, autore hauek diote irlandarren santu babesle San Patrizio pirata batzuek hazia zela, eta geroago, errege baten zerrizaina bilakatu zela. Antzeko zeinuak ditu Homeroren Iliadan Eumeok ere, Ulisesen zerrizainak, piratek hazia baitzen. Pirata horiek, geroago, Ulisesen aitari saldu zioten. Ikus daitekeen moduan, santu kristauaren bizitza kontatzeko, mitologia paganotik hartutako zeinuak erabiltzen zituzten. Komunitateak irudi hauek ondo ezagutzen zituelako kristautasunaren sarrera leuntzen zuten. Gainera, Iliadan, Eumeo «gizonen gidari» ere bada, erregetzaren babeslea eta kosmos osoaren ordena gordetzen duen pertsonaia. Zuberoako maskaradetan, Txerrerok antzeko funtzioa du, prozesioa gidatzen baitu eta aurrean jartzen zaizkion oztopoak gainditzen saiatzen da.
Dokumentuaren akzioak