Dokumentuaren akzioak
Txekiatik etorrita, Alargun alaia eskainiko dute Kursaalean etzi
Jadanik sarrerak agortuta daude
Brnoko Teatro Nazionalaren Balet eta Orkestrak Alargun alaia eskainiko du astelehenean Donostiako Kursaaleko auditorioan, 20:00etatik aurrera. Victor Leon eta Leo Steinen opera ezaguneko hiru atalak dantzatuko dituzte dagoeneko sarrerak agorturik dituen ikuskizunean.
1905ean estreinatu zen victor Leonek eta Leo Steinek sorturiko opereta hau, eta inork espero ez zuen arrakasta izan zuen nazioartean. Geroago opereta ezagun hura baletera egokitu zuten, eta egileek musikari ipini zioten kolorea galdu barik areagotzea lortu da, azken batean, koreografiaren zuzendariaren arabera, «musikak dantza eransteko eskaria egiten baitu».
Instrumentazio bikaina nabarmentzen da Alargun alaia obran, eta soinuen konbinaketa ere azpimarragarria da. Egileen garaian oraindik erabat berria zen, eta egun oraindik deigarria den erotismo ukituak egin izan du obra hau ezagun.
Brnoko Teatro nazionaleko Balet eta Orkestra honek helburu zehatz batekin aukeratu du obra hau taularatzea; publikoari ondo pasarazteko eta haiek entretenitzeagatik aukeratu zuten obra hau, «horretarako bereziki egina dela baitirudi», zuzendarien arabera.
Txekiar Errepublikako talde sinfoniko onenetakoa
Txekiar Errepublikako talde sinfoniko onenetako bat da Brnoko Teatro Nazionaleko Orkestra. 1918an sortu bazen ere, Ivo Vaña Psota bakarlaria zuzendaritzara iritsi zenean lortu zuen nazioartean ospe berezia. Psota 1952an hil zen, baina haren ikasleak izandako hainbat izan dira gerora taldearen zuzendari, eta horrek baletaren errepertorioan obra klasiko eta modernoenak biltzera eraman du Brnoko Teatroko Baleta.
Alargun alaia operetaren musika zuzendaria Jan Stuch da, eta koreografiaz eta dantzarako egokitzapenaz arduratu dena, berriz, Zdenek Prokes. Orkestraren errepertorioa oso zabala da: txekiar musika sinfonikoaren obra oinarrizkoenetatik hasi, operatik igaro, eta XX. mendeko eta gaur egungo obrak ere agertzen dira.
Dokumentuaren akzioak