Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Txantxoak, ihautea Txindokipean

Dokumentuaren akzioak

Txantxoak, ihautea Txindokipean

Egilea
Martin Anso
Komunikabidea
Egin
Mota
Erreportajea
Data
1996/02/18

Alkandora eta galtza zuriak daramatzate, txapela gorria borla zuriarekin, gerriko gorria, gorbata beltza eta, sorbaldan gurutzatuta, aspaldiko bi ezkon-mantoi dotore eta koloretsu. Soinujoleak eta bi mozorroek osatzen dute koadrila. Orotara, beraz, hamaika lagun. 8etan hasiko dira baserriak bisitatzen. Txantxoek "Makila txiki" deritzon makil-dantza bat egingo dute. Mozorro batek dantza egin behar den etxe ataria garbituko du. Bestea, berriz, dirua biltzeaz arduratuko da.



Larraitzeko zita



Txantxo koadrila 10.30etan berriro egongo da herrian, meza nagusitik aterako direnen aurrean dantza egiteko prest. Ondoren, Larraitzeko bidea hartuko dute, hango meza irteeran ere dantza egiteko. Larraitzen Amezketako txantxoekin egin ohi dute topo. Amezketarren taldea ugariagoa da (zortzi bikote), janzkera ez da hain ikusgarria (galtza urdinak, alkandora zuria eta txapela eta gerriko beltzak daramatzate) eta beren dantza (Talai dantza) hau ere makil-dantza izan arren, ezberdina da. Dena den, lasai asko esan daiteke Amezketa eta Abaltzisketako txantxoak enbor bereko bi adar direla. Txantxoak baserriz baserri ibiliko dira ordubi t'erdiak arte. Bapo bazkaldu, siesta egin eta, ondoren, abaltzisketarrek Tolosako bidea hartuko dute, parranda bila. Amezketarrek, berriz, baserriz baserri segituko daude, baita astelehenean ere. Hamabost Urteko Etenaldia Abaltzisketako txantxoen tradizioak hamabost urteko etenaldia izan zuen eta galtzekotan egon zen. 1989an, ordea, Jose Luis Zubeldia eta beste lagun batzuen lanari esker, suspertu egin zen.



'Hemen lan polita egina genuen sanjuanetako soka-dantza errekuperatzen' -dio Zubeldiak-. Hori lortu bezain laster, jendea "eta txantxoak zer?" hasi zen galdezka. Zaharren laguntzarekin, egia esan txantxoak nik neuk ere ezagutu nituen txikitan, ez zen zaila izan'.



Egun ez dago esaterik txantxoena noizko tradizioa den... 'Nik gerraurreko txantxoen berri dut soilik. Kintoen kontua zen, hau da, soldaduskara joan behar zutenen kontua. Garai hartan ez zuten dirurik biltzen, jakina, jeneroa baizik... arrautzak, txerrikia, lukainka... Mozorroetako bat etxean sartu eta ahal zuen guztia "lapurtzen" zuen. Seguru asko etxekoek horregatik kantatzen zieten "txantxo mala kasta/ipurdian ardatza/kolkoan ardoa/txantxo pikaroa". Bildutako jenero guztia ostatuko nagusiari saltzen zioten (Abaltzisketako egungo Udaletxea ostatu zen lehen) eta, lortutako etekinekin, bapo afaltzeaz gain, festak antolatzen zituzten. "Zaharrek diotenez -berriro Zubeldiak- festa horiek sanjuanak baino hobeak izaten ziren sarri".



Gerraurreko Txantxoak



Gerraurreko eta egungo txantxoen artean bada diferentziarik... lehen, adibidez, Abaltzisketan ez ezik, Oreindain, Baliarrain, Gaintza nahiz Zaldibian ere ibiltzen ziren eta, zoinua erabili beharrean, txistuaz baliatzen ziren -horretarako Bedaioko Sarasola etortzen zen", zehazten du Zubeldiak-. Baina tradizioa bere horretan mantendu dela esan daiteke. Tradizioa errekuperatu da, arrakasta handiarekin gainera, herritarren harrera ezin hobea izan da... eta, hala ere, Jose Luis Zubeldiak ezin du ezkutatu etorkizunari begira duen kezka... "Ez du behar besteko ilusiorik ikusten eta, are okerrago, txantxoetan nahiz sanjuanetako soka-dantzan, ez dut uste erreleboa bermatzeko pausoak ematen ari direnik". Dena den, gaurkoz behintzat, edonoren kezkak uxatuko ditu txantxoen jardunak, Txindokiren aurpegi serioan ere ihaute-irriñoaren zirriborroa somatzen hasiak gara eta.

Dokumentuaren akzioak