Dokumentuaren akzioak
Txaikovski Baleta ikusteko parada Iruñean
iruñea. Gaur, 20:00etan, Gaiarre antzokian.
Txaikovski Balet taldearen arrakasta ez da zoriaren fruitua izan, urteetako lan onaren ondorio baizik. Gainera, Perm munduko baletaren harribitxia da, Mosku eta San Petersburgoren inguruan. Litekeena da taldeari horrek laguntza eman izana, Txaikovski Baleta mundu osoan gehien estimatutako taldeen artean baitago, dantza klasikoaren eremuan betiere.
Beltxargen aintzira Errusiako hiriburuko Bolshoi antzokian estreinatu zuten lehenengoz, 1877. urteko otsailaren 20ean. Ez da, hortaz, gaur gaurko emanaldia. Odette printzesa ederraren eta Sigfrido printze gaztearen arteko amodio istorio erromantikoa azaltzen du, balet erritmo ederrean girotuta.Maiurs Petipa, Lev Ivanov eta Leksandre Gorskiren koreografia gidaritza klasikoa moldatu du Nikolai Boiartxikov koreografoak emanaldia jendaurrean aurkezteko.
Egun dagoen ikuskizun onenetakoa
Kritikariak ikuskizun baten inguruan ados jartzea maiz zaila gertatzen bada ere, oraingoan gehienak ados dira: Beltxargen aintzira une honetako ikuskizun erakargarrienetakoa da.
Ildo horretan, Permeko hiriak Mosku eta San Petersburgorekin duen harreman estuak, balet eta dantza korronteei dagokienez, aipamen berezia merezi du. Izan ere, bertako koreografia ekarpenak zale eta jakitun gehienen mirespena jaso du behin baino gehiagotan. Hala, Iruñean aurkeztuko duten obrarekin atsegina hartzeko parada izango du dantza maite duenak. Hiru ekitalditan banaturik dago Beltxargen aintzira, hasierako tristezia eta melankolia kutsuko girotik zorioneko amaierara igaro arte. Dantzaren eta musikaren bat-egiteak hiru ordu inguruko narrazio emanaldia osatzen du. Gaur izango da Txaikovski Balet taldeak Iruñean aurkeztutako ikuskizunaz gozatzeko azken aukera. Beste herrialdeetan egin duten bezala, Euskal Herriko publikoak ere euren baletarekin gozatzea nahi dute.
Dokumentuaren akzioak