Tunturroaren edo txano puntadunaren jatorria aspaldikoa da, kristautasuna baino lehenagokoa, zalantzarik gabe. Bestalde, tunturroak ez dira bakarrik Euskal Herriko zenbait ihauteritan erabiltzen. Kanarietako Hierro uhartean, XX. mendera arte erabili dute artzainek ardi larruzko tunturroa, egunerokoan, lanerako; hau da, ospakizunetan izaten duten kolore biziko apaingarririk gabea, baina itxura berekoa. 1972ko Kozijat Rog (Ahuntz-adarra) Bulgarian eginiko film ederrean ere ikus daitezke. Ipuin zaharretako zazpi ipotxak, berriz, basoko bizilagunak izanik, halako kapela buruan dutela irudikatu ohi dira. Erdialdeko Europan urrezko lau tunturro ere aurkitu dira, Brontze Arokoak laurak; orduko kultu batekin lotuak, segur aski. Urrutirago joanda, Irango Kermanxah eskualdean Bextun izeneko erliebe erraldoi ikusgarria dago, arrokan zizelkatua, non errege eszitiar bat agertzen baita, tunturro handi bat jantzita. Hamaika dira adibideak.
Antza, tunturroa edo kono itxurako kapela artzainen burugainekoa izan da, eremu zabal-zabal batean. Beharbada, tunturroa artzainen zibilizazio baten bereizgarria izan zen behinola, nahiz eta noizbait bestelako osagarri sinbolikoak eta estetikoak bereganatu zituen.
Edonola ere, kristautasuna hedatu ahala, kono itxurako kapela ergel eta eroen ikur bilakatu zen: gizakume irrigarri, ezjakin, zibilizatu gabe eta heretikoen adierazgarria. Beraz, garaileen ikuspegitik, baztertu beharreko jendailaren burugaineko bat.
Bide beretik, zergatik irudikatzen ote dira, besteak beste, Galesko Merlin aztia eta sorginak kapela puntadunaz? Argi dago, bai Merlin, bai sorginak, artzainekin batera, iraganeko aro bateko jakinduriaren ordezkariak direla. Oraindik ere, oztopoak oztopo, hainbat alderdi lauso gorpuzten dute gure irudimenean: iragarleak, sendagileak edo xamanak dira. Halaber, Merlinen tunturroko izarrek egutegia eratu zuten herriak ekartzen dizkigute gogora; hain zuzen, artzainek eta nekazariek lehorrean lan egiteko eta itsastarrek itsasoan ez galtzeko antzinatik baliatu duten egutegia.
Gaurko gizartean nahiko toki ezdeusa eta xelebrea betetzen dute Merlin eta sorginak bezalakoek. Hala eta guztiz, egoera horretara eraman duen bidea gezurkeriaz eta odolez egin da. Baita eskoletan ere, ikasle onak ez omen ziren haurrek —edota etxetik kanpo garaituen hizkuntzari eusten ziotenek— tunturroa buruan egon behar izaten zuten txoko batean, hormari begira, belauniko. XX. mendera arte ezarri den zigorraz eta isekaz ari gara. Gaztelerazko tonto de capirote laidoa da, memelo hutsaren parekoa. Harrigarria da zenbat iraun duen txano puntadunarekiko erdeinuak.
Izan ere, garaileen helburua askotan izaten da etsaien sinesmenen aztarnak desagerraraztea. Eta, hondarren bat gelditzekotan, sinesmen horiek erabat lotsagarri uztea. Hala, garai batean txano puntaduna itzalaren ezaugarri bat—hedadurazko adieran— izan arren, geroago balio izan du norbait astoa eta basatia dela erakusteko.
Izan ere, garaileen helburua askotan izaten da etsaien sinesmenen aztarnak desagerraraztea. Eta, hondarren bat gelditzekotan, sinesmen horiek erabat lotsagarri uztea
Duns Scotus (1266-1308) katolizismoaren teologo eta filosofo eskoziarrak, aldiz, kapela konikoa janztea aholkatzen zien bere ikasleei, burmuinaren jarduera sustatzen zuelakoan. Dunsen burutazio horretatik dator, dirudienez, ingelesezko duns irain-hitza, berau aipatu tonto de capirote-ren ordaina. Frantsesez ere, honako lelo bitxi hau dute abesti herrikoi batzuek: «turlututu, chapeau pointu».
Inkisizioak tunturro batez estaltzen zuen auzipetuen burua. Egun, penitentziagile katolikoek tunturroa eramaten dute damutzen diren bekatariak direla aditzera emateko, beren burua antzinako paganoen mailara beheratuta. Bide batez, Inkisizioaren «Jainkoaren epaia» antzeztuz, ontzat ematen dute Erdi Aroko bortizkeria hura.
Dena den, zer zela-eta etorriko ziren bat hainbeste herri, han eta hemen, txano luze puntaduna erabiltzeari buruz? Batetik, herri zahar haiek lehen astronomoak izan ziren, zeruaren behaketa luze eta zehatz bati esker. Eta harreman mota berezia izan zuten kosmosarekin. Bestetik, orduko gizakiek gaitasun handia zuten, gorputzaren bitartez ere, izarren eta naturaren eraginei antzemateko. Hortaz, baliteke kapelaren muturrak edo puntak energia onuragarria erakartzea. Gainerakoan, fisikan ere badauka garrantzia punta batek.
Bada, burugainak berak betebehar esanguratsu bat izan du beti, baita elizgizon kristauen ohituretan ere. Lekaideen tontsura da horren adibide bat; edo burugaineko ilea larru-arras moztea, elizgizonen prestakuntza gisa. Are gehiago, zazpi dira energia gune ikusezinak Yoga irakasgaiaren arabera; haietako bat da burugaina, zeinak lotura sendoa omen duen izaki gorenarekin.
Orain frogatutzat jotzen da ilargi beteak eta haize hegoak aldartea eraldatzen dutela. Hala ere, astrologia merkeak eta abarrek ekarri duten nahasmenagatik-edo, ez dira aintzat hartzen unibertsotik etortzen diren eraginak giza osasunean. Zientziaren ikerbideak ez du hortik jotzen. Eta, zer esanik ez, zientzialariek aurreko garaietako jakintza gutxiesteko joera dute. Gaur beste era batera heltzen zaio giza osasunari. Esaterako, uhin elektromagnetikoak aztertu egiten dira, jakina, baina gehienbat berekin ekar ditzaketen kalteei muzin eginda. Hau da, haririk gabeko telefoniaren uhinak edo mikrouhin-labearenak gizarteratu eta merkaturatu dira giza osasunerako onak edo txarrak diren behar bezala egiaztatzeko astirik hartu gabe. Lehenbailehen, irabaziak; gero, gerokoak. Ildo horretatik, mereziko luke, tunturroak gogoan, ikuspegiz aldatzea, bai osasunaren eta bai gure iraganaren gaiari ekiteko.
