Israelgo Armadak tunel handi bat aurkitu omen du asteburuan. Non? Gure arimetan, seguru. Tunel beltz itzela, egunero handitu eta ilunagotzen dena Gazatik datozen albiste eta irudiekin. Hildakoak, zaurituak, desesperazioa, irudi lazgarriak, brutalak, mingarriak, izugarriak… Adjektiboak ere bala-zuloz josi dituzte bizitzaz hustu arte; «izugarri» ahoskatu eta ezdeus ulertzen duzu, porlan-hautsak estalia balego bezala, odol tantekin zikindua; «erdiragarri» esan eta hitza pusketetan amiltzen da misilen sarraskiari suntsipenaren hutsa gehituz. Martin Larralderen madarikazioarekin akordatzen zara, «zerua itsaso zikin bat da», eta pentsatzen duzu «lurra basamortu zikinagoa» dela, ia lur gaineko batzuen arima bezain zikin eta iluna.
Eta gu hemen, maratoiak egiten. Baina, zer egingo dugu ba?
Paradoxa da gurea, palestinarren kausaren alde lerratuta, Erosten Harresi baten aurrean bezala gaude, kipadun sinestunen gisara erneguaren burua aurrera eta atzera dantzatuz; hori bai, hormaren arrakaletan errezoen ordez amorruzko madarikazioak idatziz. Buru gainera eroriko ahal zaie!, pentsatuz; kolpeak itzuliko ahal dizkiete desiratuz, horrek tunelean sakonago induskatzea dakarrela jakinagatik ere… Izan ere, justiziaren aldarrikapena egiten jarraitzen dugu, baina egiari zor, justizian sinesten jarraitzeko (justizia soziala, politikoa, ez naiz epaitegien jardueraz ari) esfortzu aparta egin beharra dago, sinestun fanatikoa izan beharra dago. Eraitsitako eraikinen baten azpian egongo da, edo Hamasekoen enegarren kuartel nagusia den gordeleku misteriotsu horietako batean. Justizia. Lurperatuta, armen suak milioika tona porlan eta altzairuren azpian ehortzia.
Aspaldi birrindua.
Justizia jainkoak asmatutako amarru bat da, jendeak haren bilaketa ezinezkoetan torturatu eta desesperarazteko. Eta etsitzeko, indiferentzian murgil egiteko. Marka da, baina erradikalki sinesgabea naizen honek fedea botatzen dut faltan. Jainkoa hil dugu (nahiz eta batzuek ustez jainkoagatik hil), elizak hustu ditugu (nahiz eta aldareak ez dizkiegun oraindik kendu), baina indiferentziaren ermitan hartu du jendarteak abaro, «zer egingo dugu, ba?» zelaietan egiten ditugu erromeriak. Hiperkonektatuta gaude, sare digital infinitoa ehundu dugu eta denok oihuka gabiltza dantzan; baina elkarri bizkarka jarri gaituzte.
Beteko dugu, halere, gure barneko tunel palestinar hori. Guretzat ez da hain zaila: irudiak artxibo bihurtzen dira, numeroak estatistika, estatistika Wikipediako artikuluetan sartzen dugu eta ahanzturaren lurrez —tartean gogorarazle bihurtzen den hartintxarren bat— betetzen dugu tunela. Ezinbestean, bestalde. Norbere eraikineko habe eta hormen dardarek eta misil propioek ematen dute nahikoa lan. Norberari hazten zaizkio tunel ilunak hiru urtez entrenadoreak bortxatzen zaituenean; zure hilabeteak 15ean amaitzen direnean; zure hilarrian africano idatziko dutela abisatzen ez dizutenean; egunero eskolara joatea infernura jaistea denean; medikuaren diagnostikoak gogan zaintiratua eragiten dizunean; zure bikotekidearen laztanak uppercut-ak direnean… Egunero dakartza bizitzak, labezomorroak bailiran, hainbat tunel egiteko dinamita-kartutxoak.
Badaukagu bertan nahikoa mendi zuloz betetzeko, zuloz husteko.
Gure kaleak argiz bete dira egun gogoangarri eta goxo hauetan (dabiltzala erne katolikoak Mosadek ez ote duen Bethleemgo estalpearen azpian tunelik aurkituko, “haurtxoa giza ezkutu bat baino ez zen!”), ospakizunetan gabiltza. Zer egingo dugu, bada?
Txarra ez asmatuko bagenu bonbilla horietakoren bat tunelak argiztatzeko erabiltzen. Eta haren inguruan biltzen, aurpegiz jarri eta etengailuen jabeen aurkako dantza hasteko.