Ttikitatik ikusi izan ditu aita, osaba, izeba, anaia eta lehengusu-lehengusinak joareak jotzen, «eta ohorea da gaur egun berain ondoan joaldun ateratzea. Belaunaldiz belaunaldi bizirik mantendu den tradizioa da, eta gu ere transmisio horren parte gara».
Urtean lehenbiziko ateraldia Errege bezperan egiten dute; «guretzat entsaio edo beroketa moduko saioa izaten da. Goiz-goizetik hasita, egun osoan etxez etxe ibilitzen gara joareak jotzen, soinean larru eta joareak daramatzagula. Bertan, zeure burua ongi ikusiz gero, hurrengo pausoa inauterietan ekipamendu osoarekin ateratzea da, tunturroa, atorra, zapia, azotea, galtza urdinak, azpiko gona, zapinak eta abarkak jantzita». Inauteriez gain, «herritik kanpoko ateraldietara joaten gara emakumeak gizonezkoekin batera».
Loiartek ttikitatik ikusi izan du emakumea joaldun ateratzen; «nire izeba Juli Loiarte Mutuberria, hain zuzen ere». Gizonezko joaldun gehiago ateratzen badira ere, Zubietan «emakumearen figura egon izan da eta errespetatua izan da. Aurten, esaterako, zazpi emakume atera ginen inauterietako asteartearekin». Gainera, «jendeak askotan animatu ohi digu aupa neskak! bezalakoak ohikatuz, eta hori pozgarria da guretzat».
Etorkizunera begira, «herrian neska gazte asko gaude eta errege bezperan asko elkartu ohi gara joareak jotzeko, hortaz, inauterietan emakume joaldun gehiago ateratzea gustatuko litzaidake. Gogoa, sasoia eta ilusioa badauzkagu, animatzeko saltoa egitea besterik ez da falta».