Dokumentuaren akzioak
'Ttakun ttan ttakun' ikuskizun berria aurkeztuko du Beltranek gaur, Iruñean
Txalapartaren soinuen inguruko bidaia prestatu du musikariak, Kukai Dantza Taldearen parte-hartzearekin
Ikuskizun «intimoa, magikoa eta pixka bat fantastikoa», hori da lana.
Musikaren soinuak, argi eta itzalen bidez irudikatuak, dantzariekin,
musikariekin eta landa giroko doinuekin. Eta, nola ez, txalapartaren
kolpeekin.
Beltranen proiekturik handinahienetakoa da, ikuskizunean
oinarritutako CD bat, DVD bat eta 250 orriko liburu bat ere
argitaratuko duelako batera, Durangoko Azokan. Liburuan, txalapartaren
inguruan orain arte egindako ikerketa lan garrantzitsuenetakoa egin du
Beltranek, Iñaki Zarataren laguntzarekin. Bertan, tresnaren historia
kontatu dute, lanabesa zenetik gaur arte. Horretarako, musikariak azken
urteotan egindako bilketa eta ikerketa lan guztia baliatu dute, eta
Euskal Herriko zein kanpoko txalapartarien lekukotasunak bildu dituzte.
Halaber, hainbat txalapartariren eta txalapartarekin lotutako pertsonen
lekukotzak ere irakurri eta entzun ahal izango dira. Baita hainbat
grabazio ere, aspaldikoak zein gaur egungoak. Atal batean,
txalapartaren eta hizkuntzaren arteko harremana jorratu dute.
Liburua Nerea argitaletxearekin elkarlanean argitaratuko da.
CDan hainbat musika sartu dituzte, JosAnton Artzeren laguntzarekin, eta
DVDn, berriz, txalapartaren bidaia kontatu dute, musikaren bidez.
Mireia Gabilondoren gidoia
Gaur Gaiarren aurkeztuko duten ikuskizuna Mireia Gabilondok
zuzendu du, eta harena da gidoia. Koreografia Jon Maiarena da, eta
txalapartariak, berriz, Juan Mari Beltran, Ander Barrenetxea, Ixiar
Jauregi eta Aitor Beltran. Dantzariak, azkenik, Jon Maia eta Vanessa
Castaño. JosAnton Artzeren hainbat poema ere irakurriko dituzte.
Ikuskizunean, Kirikoketa igoko dute agertokira, baserrietan
sagarra txikitzeko hirukotean egiten zen joaldia, alegia. Iribasko
kanpai-jotzaileak kanpai-hotsekin nola aritzen ziren ekarri dute
ikuskizunera, eta abereei eman behar zitzaien ote janaren xehatze
prozesuko soinuekin jolastu dira. Orobat, eraikuntzan metalezko
palankek egiten duten soinua ere txertatu dute. Edo uraren azpian
harriak elkarren aurka kosk-kosk eginen sortzen zen musika.
Jon Maia eta Vanessa Castañoren dantzak lagunduta, joaldi
tradizionalen soinua, gaur egungo doinuak, poesia eta irudia nahastu
dituzte. Helburua, musikatik abiatu baina musikatik harago joatea,
«neurri hutsa gainditu eta melodiaren bidean sartzeko, inprobisazioa,
elkarrenganako laguntza edo alternantziaren bidez».
Xedea, beste era batera esanda, txalapartatik sortzen den
soinuaren mundua erakustea da. «Erakustea» azaldu du Juan Mari
Beltranek berak, gaur Gaiarre antzokiko kontzertua aurkezteko
prentsaurrekoan, «txalapartaria ere badela palankak jotzen dituena,
zein zura edo harriei kolpeak ematen dizkiona, edo, ondo bazkaldu
ondoren, mahai gainean koilararekin edo edalontziekin erritmo bila ari
dena».
Iruñeko estreinaldiaren ondoren, Tkakun Ttan Tkakun Arrasaten aurkeztuko dute, abenduaren 12an.
Dokumentuaren akzioak