Dokumentuaren akzioak
Tropikalismo garaikidea
'Evolution'
Lau piezatako egitarau distiratsu batekin etorri da Bilboko Arriaga antzokira Acosta Danza konpainia kubatarra, hango dantzarien maila bikaina eta Carlos Acostaren nahi eta kezka artistikoak erakutsiz.
Gaualdiko lehen atalari —Satori izenekoari— urdin koloreko oihal handi batean gerritik behera bilduta ekin diote dantzariek. Lau emakume eta lau gizon agertu dira hasiera horretan, eta guztiek bularraldea agerian eramateak primitibismo kutsu nabarmena eman dio piezari. Erritmo kementsu batek lagundu ditu dantzariak erritual itxurako pasarte horretan, eta jainkosa beltza, bere afrikar estetikarekin, puntetan dantzatzen hasi denean antzeman dugu Raul Reinosoren koreografia honek ondo baino hobeto jaso lezakeela konpainiaren izaera.
Pepe Gavilondoren soinu-banda ia sinfonikoak aberastasun handiz irudikatu ditu naturaren baitako izaki ilunen bilakaera, eta gogora ekarri dizkigu Brasilgo Heitor Villa-Lobos edo Egberto Gismonti bezalako konpositoreen pieza indigenistak. Koreografia ere oparoa izan da ideien ugaritasun eta garapenean, baina nire gusturako nolabaiteko izaera deskriptibista nagusitu da dantza hutsaren handitasunaren kaltetan, eta, seguruenik, Kubako yoruba kulturako sinbologiaren ezagutza falta oztopo izan zaigu proposamena era egokian ulertzeko.
Atsedenaldiaren ostean, hiru pieza laburrago etorri dira, eta Pontus Lidbergen Paysage, soudain, la nuit-en Latinoamerikako nekazari giroko igande bateko dantzaldi batean aurkitu gara, gizon zein emakumeen jantzi estilizatuek iradoki diguten bezala. Stefan Levinen eta Leo Brouwerren musikak nolabaiteko tropikalismo garaikidean murgildu gaitu, eta giza paisaia horretan berreskuratu ditugu gazte izatearen poza, dantzatzearen alaitasuna eta gozamen apalek ekarritako betetasuna.
Harrigarriki, Two izeneko pieza laburrean bakarlari aritu da dantzaria —Carlos Acosta bera—, eta, duda barik, gaualdiko une gorena izan da hura taula gainean ikustea. Argi zenital karratu baten pean eta Andy Cowtonen musikak lagunduta, mugimendu geldoekin erakutsi digu bere gihartasuna, energia neurtuaren, malgutasun ikaragarriaren eta presentzia eszenikoaren erakustaldi betean. Ikusleen txalo zaparrada itzela jaso du.
Eta amaierako piezan plastikozko 36 botila handi izan dira protagonista Jorge Crecisen Twelve koreografian. Argi hori-berdexka bana zegoen haien barruan, eta estilo uniformean jantzitako dantzariak Vincenzo Lamagnaren musikan bilduta ibili dira elkarri botilak jaurtiz eta airean harrapatuz itxurazko anabasa koreografiatu batean eta ariketa akrobatiko harrigarriak hortik-handik tartekatuta. Esker oneko pieza izan da, ezin uka, eta berari esker ikusleek gogoz eskertu dituzte konpainiaren etorrera, lau koreografien distira eta dantzari guztien maila gaindiezina.
Dokumentuaren akzioak