Dokumentuaren akzioak
Trikitixaren Museoaren lehen habea Azpeitiko Basazabal Jauregian
XIX. mendearen erdialdera hasi zen zabaltzen trikitixa, pixkanaka Euskal Herri osora hedatzeko. Ordudanik frankismo amaiera bitarteko historiaren kontakizuna egin da Basazabalen. «Gure historia guk kontatu nahi dugu, guk dakigu-eta», esan du elkarteko idazkari Andoitz Antzizarrek (Irun, 1977).
Joseba Tapia trikitilariak (Usurbil, 1964) ez du zalantzarik. «Zer garen jakiteko atzera begira jarri beharra dago». Horixe egin nahi izan du elkarteak. Aurreko hamarkadetan egiten jakin ez dutena. «Gure eginbeharra zen historia kontatzea. Gaur egun nahiko mugimendu handia dauka trikitixak Euskal Herrian eta gainera, erreferentzia da nazioartean ere. Hainbat belaunaldi gaude eta guri tokatzen zaigu gure historia idaztea. Horretan abiatu gara», adierazi du Tapiak.
Lehengo zein gaur egungo argazkiz osatutako bilduma da. Festa giro alaia darie. Erromerietara, jaialdietara, kalejiretara… garamatzate zuri-beltzezko irudiek. «Trikitixa hasieratik zer izan den kontatu nahi izan dugu, zein lotura eduki duen herritarrekin, baita Euskal Herriko mugimendu artistikoaren barruan zein eginkizun izan duen ere», zehaztu du Joseba Tapiak.
Koldo Izagirrek (“Elgeta, sasiaren sustraiak”, 2000) ondutako testuez lagunduta daude, hausnarketara gonbidatuz. Egunkari zaharrak eta testuak erakusten dira. Lehengo idatziak gaur egunera ekarriak.
Soinu zaharrak eta sinadurak
Bada bereziki zaleen arreta piztuko duen zerbait. Izan ere, trikitixaren historian euren izena hizki larriz idatzi dutenek astindu zituzten soinu txikiak jarri dituzte ikusgai.
XX. mendean hain ezagun egin ziren Larrinaga-Guerrin soinuak, Tirikitrauki dendaren bildumako piezak -Juanjo Manterolarenak-, baita soinu-jotzaile ezagunen kolekzio pribatuetakoak ere, Joseba Tapiarenak eta Iker Goenagaren jabetzakoak, esaterako. Iraganeko soinu-jotzaile zaharren eta oso ezagunen soinuak daude ikusgai jauregian.
«Geratzen zaiguna garai bateko soinuak, egurrezko piezatxoak, dira. Soinu guztiak dira bereziak, banaka-banaka egindakoak dira-eta. Hainbat garaitan egindakoak, gainera. Ondare guztia altxorra da guretzat. Materiala osoki da urrea guretzat» , azpimarratu du.
Tapiak familian bertan zuten ondarea babesten jakin du. Publikoaren aurrean jarri ditu orain. «Bakoitzak bereak dauzka. Eleuterio eta Juanito bi osabenak gordetzen ditut nik, eta Elgeta edo Gelatxorena ere gordetzea -Iker Goenagak jasoak- erreferentzia da guretzat. Aurreko mende hasieratik egindakoak dira: 1928, 1932… Gure historiaren eta aitona-amonen garaian kokatzen gaituzte. Haiek sufritu zuten testuinguruan ikusten dituzu eta izugarri hunkigarria da».
Etxetik jaso du trikitixa usurbildarrak. «Nire inguruneak eta haren eraginak izango zuten zerikusirik ni soinu-jotzaile izateko», esan du.
Panderoak ere badaude erakusketan. Berriak dira, baina zaleek eskertzen duten detailea dute: jotzaileen sinadura eta haiek behin esandakoa ageri da idatzita larruan. Ramon Zubizarreta “Landakanda”rena dago tartean. «Orain gutxi utzi gaitu, baina hil aurretik panderoa sinatuta utzi zuen», nabarmendu du.
1991n Faustino Azpiazu “Sakabi” eta Joxe Mari Urbieta “Egañazpi”k jaso zuten oroigarriaren erreplika ere -originala etxeak izandako sutean erre edo galdu zen- aurkituko du bisitariak. «Jacinto Rivas ‘Elgeta’ri, Sakabiri eta Egañazpiri eginiko omenaldi hura izan zen Euskal Herriko Trikitixa Elkartearen ernamuina; orduan hasi ziren elkartzen eta handik sortu zen ofizialki elkartea», esan du Antzizarrek.
Ez da erraza izan “Trikitixaren ganbara” erakusketa prestatzea. «Kostata, baina lortu dugu. Buelta asko eman zaio eta zuzenketa asko izan ditu», aitortu du Tapiak.
Aurrera begira
Pausoa sendoa da, baina bidean bada lana. «Abiatu baino ez gara egin. Lana da, dirua behar da, jendea lanean behar da eta ez dugu hori dena oraindik gauzatu. Nola egin dokumentazio zentroa? Ez bakarrik lokal aldetik, baita funtzionamenduari dagokionez ere. Proiektua idatzi egin behar da eta lanean ere hartu beharko dugu norbait; horretan gabiltza», zehaztu du Tapiak.
«Toki fisikoa lortu dugu eta mugimendu handia sortzeko asmoa dugu. Trikitixa mundu barrurako ere. Eta museoa oso garrantzitsua da lehengoa jaso eta galdu dugun hori berreskuratzeko. Baita material aldetik ere. Oraindik erabat osatzeko dago, baina dokumentazio zentroa oso baliagarria izango da, ikasten edo tesia egiten ari direnentzat. Interesa duen edonorentzat kontsultagarri egongo da», argitu du. Momentuz, aldez aurretik hitzordua egin behar du erakusketa ikusi nahi duenak.
Museoa eraikitzen jarraitzeko asmoa du elkarteak. «Lehenengo panela, handiena, osatuta dago. Eta soinu eta pandero bilduma ere bai. Etorkizunean historia kontatzen jarraitu nahi genuke panel berriak erantsiz».
Bada aipagarria den elementu bat. «Trikitixaren ‘Gernika’ deitu dugun murala -gero ez dakigu izen bera izango duen- egin nahi dugu. Azpeitiko Kulturaz Kooperatibarekin elkarlanean, asmoa da, erakusketan historia guztia behin kontatuta daukagunean, Dinamon ari diren artistek murala margotzea. Pareta osoa hartuko du. Bertan testu eta argazkien bidez kontatutako historia irudien, marrazkien edo margoen bidez jasoko dute», azaldu du Antzizarrek.
«Arbelezko diskoak»
Aspaldiko “arbelezko diskoak”, hasierako grabazioak, jartzeko intentzioa dute aurrerago. Disko berrienak ere ikusgai egongo dira. Ideia da tablet baten bidez entzungai ere izatea. «1924ko Zumarragako Trikitixatik abiatu eta mende bateko historia kontatuko dugu audio bidez», iragarri du Antzizarrek.
Erakusketa iraunkorra behin-behineko erakusketarekin osatuko da. Urtean behin gai bat aukeratu eta erakusketa jarriko da, eskoletara edo beste toki batzuetara ateratzeko aukerarekin.
«Aldatzen joango diren atalak ere izan ditzan nahi dugu, ez izatea estatikoa. Ez dugu leku geldia nahi. Horrek emango dio dinamikotasun handia museoari». Urola Erdiko trikitixari eskaini zaio estreinakoa. Trikitilari zaharren argazkiak eta erreferentziak bildu ditu Trikigiro elkarteak, Haritz Garmendia buru dela. «Kristoren lana egin dute: dokumentala osatu dute, liburua osatzen ari dira eta bideoetan jadanik hilda dauden pandero-jotzaileen irudiak jaso dituzte», txalotu du Tapiak.
Elgetak, besteak beste, trikitixaren bilakaeran izan duen protagonismoa islatzen du erakusketak. Urola Erdiko trikitilariak bere jarraitzaileak dira ia guztiak.
Ez da kasualitatea museoak lehen pausuak Azpeitian eman izana. «Solairu osoa utzi digu Udalak eta bulegoa bertan ireki dugu; 2022an ofizialki ireki genuen», esan du Antzizarrek.
Ezin gusturago dago. «Turismo Bulegoa ere bertan dago, uda garaian zabalik egoten dena. Azpeitiak berari dagokion erakusketa dauka eta ondoan dago gurea. Azpeitiarrek badute sentsibilitatea eta horri esker errazagoa da Udalarekin lan egitea».
Aurretik beste ate asko jotakoa da elkartea. Ondo daki Tapiak. «Denbora luzea daramagu horrelako leku baten bila. Batez ere, dokumentazio zentro baten atzetik ibili gara. Kezka horrekin ibili gara hainbat tokitan. Itziarren abiatu ginen, ondoren Azkoitian, Zarautzen... Azpeitiak askoz gehiago eskaini digu, interpretazio zentroa ere irekitzeko aukera eman digu».
Elkarlanari ateak ireki dizkio, gainera. «Azpeitian dagoen kultur mugimenduarekiko elkarlana inportantea izan liteke eta pozik gaude», dio Tapiak. Egin nahi duten guztirako aukera ematen du Basazabalek.
Ekarpenak
Elkarteko lehendakari izana, beste hainbat kiderekin eskuz esku museoa zutik jartzeko lanetan dabil azken urteotan Tapia. Berarekin batera, museoaren bidean emandako lehen urrats honen atzean, pertsona askoren lana dago. Asko dira biltze eta gordetze lana egindakoak. Elkartea hasieratik ohartu zen horren garrantziaz. «Artistei duintasuna emate aldera sortu zen elkartea eta ikusi zen jasotze lana beharrezkoa zela», gogoratu du Antzizarrek.
Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak hainbat lan-ildo jarri ditu abian azken urteotan. «Duela urte dezente hasi ginen bilketa lana egin nahian. Soinuaren Liburutegia sortu genuen, elkartearen webgunea, Trikimailua -trikitixaren entziklopedia- jarri genuen abian, argazki zaharrak biltzen hasi ginen...», dio Tapiak.
Bere aurrekoek egindako ahalegina goraipatu du Antzizarrek. «Lan asko egin dute nire aurretik elkarteko idazkari lanetan aritu direnek eta bereziki boluntario lanean aritu den hainbeste jendek. Gaur egun liberatu bakarra du elkarteak eta pertsona bakarrak ezin du hori guztia egin. Atzetik boluntario piloa dago eta haiei esker lortzen dira gauza hauek guztiak. Ibon Errazu ‘Uitetxo’, adibidez, etxez etxe ibili da sinadurak biltzen, banaka-banaka. Eta pandero berriak Tirikitrauki dendak oparitu dizkigu. Bereziki azken urteotan egin da, baina gure aurrekoen katalogatze eta biltze lana ezinbestekoa izan da erakusketa honetara iristeko. Eta berdin etorkizunerako. Guk egiten ez badugu, ez du beste inork egingo. Bestelako sentsibilitateaz eta betaurrekoekin begiratzen dugu, eta gure betaurrekoekin egin nahi izan dugu».
Haritz Garmendiari aipamen berezia egin dio. «Berari eskerrak gaude Azpeitian eta lortu dugu lokala. Gure filosofoa, gure arima izan da. Bera gabe ezin izango zen hau egin». Baita Tapia eta Izagirreri. «Haien begirik gabe ere ezin hau aurrera eraman. Izagirrek gure tokian jarri gaitu nabarmen, bere jakituriak eta artxibo erraldoiak... Ez dakit buruan ala ordenagailuan daukan... Ikaragarria izan da ekarpena», nabarmendu du.
Ibilbidea
Trikitixaren garapenean bada atentzioa pizten duen zerbait. «Soinu txikia gure artera iritsi zenean gorrotatua izan zen, kanpotik zetorrelako. Momentu hartako nazionalismoak eta Elizak halako distantzia markatu nahi izan zuten iritsi berria zen instrumentuarengandik», gogoratu du Antzizarrek.
«Folkloristen eta Elizaren kontrako mugimendua izan zen. Herritar xeheek aurrera atera zutena; ez, beharbada, ideologiatik, baina, bai, plazeretik. Huraxe behar zutelako dantzarako eta ondo pasatzeko, nahiz bekatua izan. Gainera, oso polita da: kanpotik dator, bertakoek ez dute ondo ikusten, bertakoa zikintzera datorren zerbait bezala ikusten baitute, eta gero, urteekin, ia gure instrumentu nazional nagusi bihurtu da», dio Tapiak, irribarrez.
Mitoak hautsiz
Badago desmitifikazio handi bat, bere hitzetan. «Gurea zer den eta zer ez den... Baita bide bat ere; nola guk kanpotik gauzak hartu eta gure bihur ditzakegun. Askotan badirudi odolari lotutako zerbait izan dela, gure DNA ezberdina dela, gure ohitura zahar eta garbiak... eta ez da horrela. Mundu osoan beste era batera funtzionatzen dute folkloreak eta kulturak eta lotura handia daukate aldamenean gertatzen denarekin, baita gaur egun ere. Izan ere, zantzu handiak ematen ditu trikitixaren bilakaerak gaur egungo munduarentzat ere. Euskal kantugintza berriarekin trikitixak izan zuen lotura, irratiek jokatutako paper inportantea… eta batez ere bizimodu hark ekarri eta garatu zuen kultur adierazpena». Horri guztiari jarri zaio fokua.
Biak bat datoz. Kultur adierazpen gisa oso esanguratsua da euskaldunontzat. «Oso berezia da, munduan bakarrenetakoa. Trikitixak bere baitan biltzen ditu, ez bakarrik soinu txikia, baita dantza, kantua eta kopla ere. Bere baitan dauzka denak. Musika, esaterako, partikularra da, bere egin du handik eta hemendik edanez. Baina egiteko modu berezia ere sortu du. Trikitixa dena da, ez bakarrik instrumentua, egitura osoa baizik. Ez dakit halakorik dagoen; bertsolaritzarekin konpara gaitezke, adibidez», dio Andoitz Antzizarrek.
«Batetik, plazerari lotua dago, dibertitzeko modua da. Eta literaturari begiratuz gero, gurea den espresioa daukagu, kopla. Mundu osoan dago kopla, baina guk ondare oso inportantea daukagu. Kantagintza berria ere bada trikitixa, estilo berriak daude, bizitzeko modua agertzen du, inkietude nazionalista ere badago tartean, euskal kantagintza berriarekin lotura dauka… Espazio handiagoa da instrumentua bera baino», gaineratu du Joseba Tapiak.
Bere hitzetan, «urteen joanean gure instrumentuak erakutsi du oso eremu ezberdinetan oso ondo funtzionatu duela eta jakin duela moda eta estilo berrietara ederki itsasten. Zentzu horretan oraindik ere ezustekoak ematen dituen musika tresna da. Beste instrumentuek bezala, gureak ere jarraitu du baliagarri izaten eta jakin du berritzen. Guretzat oso inportantea da gordetzea lehen izan zena izan zen bezala. Bi adar horiek banatu eta elkartu behar dira aldi berean».
Non hasten da tradizioa?
Iraganaren inguruan, ezjakintasuna nagusitu da. «Ez dakigu ezer. Non hasten da tradizioa? Noiztik hasten da gure folklorea? Alde horretatik oso motz ibili gara. Jardun artistiko honek folklore biltzaileen interesik ez du piztu oso berandura arte. Horren ondorioz material asko galdu dugu».
Garbi dio. Literaturak salbatu du trikitixa. «Guk errepertorio bati lotua ikusi dugu trikitixa eta ez diogu askotan duen inportantzia ikusi. Horregatik Gure Soinuaren liburutegian idazle pilo batek erakutsi digu zein sakontasun eta zabalera daukan gure mundu honek. Horretan Koldo aitzindaria izan da. Elgetari buruzko lehen liburua berak idatzi zuen eta ikustekoa da nondik heltzen zion gaiari eta zer eragin zeukan. Ezinbestekoa izan da eta berarekin batera, Gure Soinuaren liburutegian dauden idazle guztiak», iritzi dio Tapiak.
Aitortza
Trikitixak gaur egun aitortza handia duelakoan dago Joseba Tapia. Andoitz Antzizarren ustez, «jendarteak ez dio ematen dagokion prestigioa. Eta halako garrantzia izanik, iruditzen zaigu duintasuna behar duela. Beti kaleko kontua izan da eta oholtzetan ez dauka halako indarrik. Baina, agian, hori bera izan daiteke egokia. Herriak berea dela ikusten duen momentutik, ez du besterik behar. Oholtzetan egon beharrik ez du izaten askotan; indargunea ere izaten da hori».
Etorkizunari begira baikorra da Tapia. «5.000 ikasletik gora ditugu Euskal Herrian. Talde asko ditugu kontzertuak eskaintzen dituztenak…».
Trikitixa osasuntsu ikusten duen galdetuta, baietz dio. «Euskalduntasunaren parean doa; euskaldunak osasuntsu bagaude, gure kultura ere bai, eta ez bagaude, kultura ere ez», esan du irribarrea ahoan.
LANTEGIEN DESAGERPENA, GALERA HANDIA
Tapiak badu pena, soinuak egiten zituzten lantegien desagerpenari lotua. «Ez dakit zenbat soinu egin ziren, baina numerazioetan milatik gora daude markatuak. Eta fabrika horiek galdu egin ditugu, horixe da niretzat penagarria. Larrinaga-Guerrini galdu izana, adibidez. Oraintxe bota dute etxeak egiteko Zarautzen, Bilboko Cengotita ez dugu ezagutzen… galera handia izan dugu».
Larrinaga donostiarra eta Guerrini italiarra elkartu ziren hasieran. Gero Guerrini Zarautzera joan zen eta bertan Keler lantegia sortu zuen. «Larrinagaren oinordekoek jarraitu zuten, baina soinuak beraiek egin ordez, Italiatik ekartzen hasi ziren. Paolo Soprani etxekoak saltzen hasi ziren. Eta Guerrini, bere aldetik, Estrella izeneko trikitixak ekartzen hasi zen. Horiek dira denboraldi batean hemen izan ditugun trikitixa diatoniko bakarrak. 1979an Martinek Soprani batekin irabazi zuen Euskal Herriko Txapelketa. Beraz, 1975-1980 tarte horretan hasiko ziren ekartzen», azaldu du.
«Oso penagarria izan da galdu izana Larrinagaren historia. Noiz ireki zuten eta antzeko informazioaren berri izatea… Hain zuzen, bertako bati elkarrizketa egitekoa nintzen datuak biltzeko eta aste hartan bertan hil zen. Presazkoa zen dokumentazio lana abiatzea. Eta gure presa horretan joan egin zaizkigu lekukotza batzuk», adierazi du.
Dokumentuaren akzioak