Dokumentuaren akzioak
Trikitixa, musikako goi-mailako eskoletan espezialitate berria

Espainiako Ministroen Kontseiluak musikako goi-mailako irakaskuntzen barruan Trikitixa espezialitatea sortzea onartu du. Horri esker, irakaskuntza formalizatzeaz gain, ikerketa-eremu bat sortuko da horren inguruan, musika tresna eta haren errepertorioak kontserbatu eta zabaltzea ahalbidetuko duena.
Hezkuntza, Lanbide Heziketa eta Kirol Ministerioak eskatuta, astearte honetan onartutako Errege Dekretuak irakaskuntza horri dagokion curriculumaren oinarrizko alderdiak, ordutegiak, ebaluazio-helburuak eta irizpideak arautzen ditu. Hortik aurrera, hezkuntza-administrazioek beste irakasgai batzuk sartu ahal izango dituzte espezialitate berri horretan.
Ministerioak adierazi duenez, trikitixa «Euskal Herriko bertako musika tresna adierazgarrienetako bat da». «XIX. mendearen erdialdean ritsi zenetik, trikitixak errotze handia lortu du festetan, erromerietan, omenaldietan eta kalejiretan, balsak, mazurkak, tangoak edo boleroak bezalako musika herrikoia gehituz», gaineratu du.
Espezialitate honen sorrerarekin, «trikitixa euskal musikaren nortasun-elementutzat hartzen da, eta haren proiekzio sozial eta profesionala baimentzen da, bai euskal estetika tradizionalaren baitan, zein soinu-lengoaia berrietan», argudiatzen du dekretuak.
Hezkuntza saila pozik
Begoña Pedrosa Hezkuntzako sailburuak adierazi du Hezkuntza saila pozik dagoela trikitixa espezialitatean Musikako Ikasketa Profesionalak sortzeko izapideak amaitu direlako. Azaldu duenez, dekretua argitaratu ondoren, espezialitatea musika kontserbatorio profesionaletan eta musika zentro baimenduetan eman ahal izango dute.
Pedrosak eskerrak eman dizkie Hezkuntza Sailari «lorpen hori lortzeko» lagundu dioten erakundeei. Gogora ekarri du trikitixa euskal musika tradizionalaren tresna adierazgarrienetako bat dela, eta Euskal Herriko Musika eta Dantza Eskolen Elkartearen (EHME) eta Euskal Herriko Trikitixa Elkartearen lankidetzari esker izan dela.
Behin trikitixa espezialitatea sortuta, Pedrosak iragarri du lehen urratsak ematen ari direla «euskal dantzak ere aintzat har daitezen, berezko ikasketa titulazio baten bidez, kasu honetan goi-mailakoa izango dena».
Dokumentuaren akzioak