Dokumentuaren akzioak
Trikitiaren festa Azpeitian, bi maisu omentzeko
Ordu eta erdiko omenaldiari ondo eutsi zion Juanito Garate Maltzetak, baina azken-azkenean, txalo zaparradaren artean taula gainera igotzeko tenorea iritsi zitzaionean, Mari Karmen bere emaztea eta Joxe Mari Iriondo Zaldibarko Trikitixa eta haren emaztearekin batera, bihotzak buruari aurre hartu zion eta Maltzetak ezin izan zituen emozioa eta poza barruan gehiago gorde. Borborka ateratzen zitzaizkion, irribarrea ezpainetan dantzan eta begiak diz-diz egiten ziotela.
Bada etorria
Ekitaldiaren ondoren, «poz handia» sentitu zutela eta, gustura ageri ziren bi trikitilariak. «Egun zoragarria izan da», esan zuen Joxe Mari Iriondok, egunarekin eta belaunaldi gazteagoek eskainitako saioarekin kontentu. «Trikitilari onak dauzkagu, bada hemen etorria», gaineratu zuen.
Maltzetak ere ez zuen bere poza ezkutatu. «Lehen trankil egon naiz baina... hemen barruan ezin kabitu», zioen bihotzari eutsiz. «Polita, izugarri polita izan da eta eskertzen dut nirekin hainbeste jende akordatzea eta hain estimatua izatea. Gauza ederra izan da eta bihotzak plast egin du», aitortu zuen.
Izan ere, omenaldi hunkigarria eskaini zitzaien bi trikitilari handi hauei Azpeitian atzo arratsaldean. Kiroldegiaren ohiko itxura alde batera utzi eta telebistako plato gisa apaindu zuten ETBk apirilaren 9an eskainiko du atzoko ekitaldia eszenatoki handi eta koloretsua erdi-erdian jarriz. Aurrealdean, pistan jarritako aulkietatik hasi eta tribunako azken lerrora arte jende andana ikus zitekeen, gazte, heldu eta nagusi, Maltzetari eta Zaldibarko Txikitixari bere agurra eskaintzera etorriak.
Taula gainetik, aldiz, makina bat trikitilari eta dantzari pasatu zen, Bizkaitik zein Gipuzkoatik etorriak. Betiko porrusalda, fandango eta arin-arinak doinu berriekin tartekatu zituzten, esku soinuak, handiak zein txikiak, tankera oso diferenteko instrumentuak ezkontzeko duen gaitasuna erakutsiz.
Dantzariak ere makina bat izan ziren, tartean txapeldun bikote pare bat: Eneritz eta Kimetz, Segurako Dantza Solte Txapelketako txapeldunak, eta Europako mailako pasodoble, bals eta tangoan txapeldun izan diren Jose Orbegozo eta Amaia Gonzalez bikotea.
Hala ere atzokoan, Bizkaitik etorritako Esther Korta eta Kepa Urkizu senar-emazteek jaso zuten txalo zaparradarik luzeenetakoa. Bizkaiko jota zaharra ondo baino hobeto dantzatzen du bikoteak eta, atzokoan txispa atera zioten egurrezko taula zaharri. Haiek ikusi eta gure aiton-amonen erromerietako giroa zer-nolakoa izan zitekeen irudikatzea ez zen batere zaila. Gorputzak arrimatuz, orain soltean, ondoren elkarri hartuta baltsean, Estherrek eta Aitorrek ederki berotu zuten kiroldegiko giroa.
Joxe Mari Iriondoren emazte bizkaitarrak, berak dantza soltea horrela ezagutu duela aitortu zuen amaieran. Eta hala zioen, «gipuzkoarrek oso ondo egiten duzue dantzan, dotore, baina beharbada Bizkaira etorri beharko duzue ikastera».
Zaharrak berri, Imuntzok eta Belokik biolina eta wiroa trikitiaren laguntzaile finak direla erakutsi zuten.
Pepe Reiren luma fina
Honela, orain urte batzuk Pepe Rei kazetaria lehen aldiz atxilotu zutenean, bi trikitilariok eskaini zioten pieza jo zuten atzo berriro, ordutik hona egoera ez baita aldatu. "Pepe Reiren luma fina"k gaita eta trikitia zituen jatorrian, Euskal Herria eta Galiziaren arteko zubi. Atzo gaitaren lekua Asier Suberbiola biolin-jotzaileak bete zuen, dotore.
Imuntzo eta Beloki ez dira, ordea, trikitia eta panderoarekin jolas egiten duten musikari bakarrak, Donato Goienetxek eta Edurne Iturbek marinba eta bomboarekin tartekatu zituztelako. Birtuosismoa, dena den, Maltzetaren eskolako ikasleek erakutsi zuten, panderoarekin gorputz guztia igurtziz.
Dokumentuaren akzioak