Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka 'Travestika', errebista trabestia

Dokumentuaren akzioak

'Travestika', errebista trabestia

Sanferminen harira, 'Travestika'-ren emanaldi berezia egin zuten atzo Iruñeko Konpainia plazan. Hango eta hemengo sei trabestik parte hartu zuten festaz eta algaraz beteriko bermut trabestian, eta zezenketen aurkako mezuak izan ziren protagonista.
Egilea
Iñaki R. Mendoza
Komunikabidea
Berria
Tokia
Iruñea
Mota
Albistea
Data
2024/07/12
Lotura
Berria

Gata al Kuadrado trabestia, atzo Iruñean egindako 'Travestika ' ikuskizunean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Gata al Kuadrado trabestia, atzo Iruñean egindako 'Travestika ' ikuskizunean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU 

Mahai luze eta hornituek hartu dituzte Iruñeko Konpainia plazaren inguruko kaleetako espaloiak; hamaiketakoa egin ostean, bermutaren ordua da. Larrainean murgildu ahala, hamaika poteatzaile dabiltza harat-honat edariak eskuetan, aurki plazaren erdian hasiko den ikuskizuna tokirik freskoenean ikusi nahian. Eguzkiak gogotik jotzen du; oraingoz, hutsik dago oholtzaren parea, inor ez baita ausartzen gerizpea utzi eta eguzkiari desafio egitera. Halako batean hasi da musika, eta Gata al Kuadrado trabestia irten da frisoen atzealdetik, abanikoa etengabe astintzen duela. Orain bai, ikuskizuna hastear dela, itzaletatik irteten hasi dira ausartenak, eguzkitik babesteko zapi, haizemaile eta bestelakoak lagun.

Madrilgo txapel gorri tradizional bat darama ileorde marroiaren gainean, eta zetazko xal gorri batek estaltzen du soinean daraman peto zuri-gorria; goitik beherako chulapa bat da Gata al Kuadrado. Cuando vengas a Pamplona txotisa abesteari ekin dio —artista horrek berak sortua da—, haizemailea pikardiaz astintzen duela. Xtreya eta Exia Vermut trabestiak batu zaizkio, Travestika egitasmoaren sortzaileak horiek ere. Iruñeko drag eszena sustatu eta ezohiko esparruetara eramatearren sortu zuten, eta hiri horretako Zentral antzokian egin ohi dituzte ikuskizunak, arratsaldean. «Denbora gutxian gauza asko erakusten dituen errebista estiloko ikuskizun pikaroa da Travestika», esan du Gatak. Oraingo honetan, Gata al Kuadrado eta Exia Vermut izanen dira ikuskizunaren zeremonia maisuak.

Aurkezleak joan, eta Xtreya artista iruindarrak hartu du oholtza. Lady Gagaren Born This Way abesti ezagunaz lagundurik irten da, San Fermin yassifikatua dirudiela. Kantaren leloa iristearekin batera piztu dira ikusleak, eta artistak haiekin batera kendu du kapa gorria, drag erregina famatuenek egiten dituzten reveal-en antzera: azpian daraman janzkerak ez du inor epel utzi: bi adar zorrotz irteten dira bular bietatik, odola dariela. Columpio Asesinoren Toro abestiak jarraitu dio aurrekoari, eta hastearekin batera, mototsa askatu du Xtreyak, Rapunzel printzesaren txirikorda luzea izan zitekeena gora eta behera astinduz. Halako batean, atzera joan, eta afixa zuri bat eskuetan duela itzuli da: «Gure jaia odolez zikindurik dago», irakur daiteke. Ikusleria txalo zaparrada batean urtu da.

(ID_14065516) Travestika
(ID_14065516) Xtreya trabestia, Travestika ikuskizunean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Sargoriari ongi egokitzen zaio hurrengo artista: Chile Guero drag erregea. Haren dantza eta mugimendu beroek are gehiago berotu dute giroa. Mariatxien kapela tipikoa darama buruan, eta katrina makillajea aurpegian. Beroari eskaini dio kanta bat: «Rata inmunda, animal rastrero….». Mecano taldearen, Maria Isabelen eta bestelako taldeen abestiek hornitu dute haren ikuskizuna. «Una piedra en el camino…», hasi da abesten.

May O’Naisse trabesti bilbotarrak eutsi dio mikrofonoari ondoren. Dua Liparen Illusion eta Lady Gagaren Replay abestiak uztartu ditu, eta dantzan hasi da, ileorde gorri zetaduna lirainki mugituz. Xtreya igo da halako batean, eta Drag Race telebista saioan ateratzeko modukoa den lypsinc-a, karaokea, egin dute. Ezpainetan eman duten musuarekin eman diote amaiera: «Musukatzen diren lagunak konpainia hoberena dira», esan du Gata aurkezleak.

Bakarrik gelditu da Exia Vermut, eta bereari ekin dio. Pasodoble torero delako bat dantzatzen hasi da, eskuetan dituen adar-aldaxkak iltzatuko balitu bezala eginez. Toreatzaileen traje distiratsu bat darama, eta buruan dituen bi tximek adarrak irudikatzen dituzte. Chayanneren Torero abestia hasi da. «Zeinen ederrak diren traje distiratsuak eta zeinen itsusia den lanbide hain polemiko batez zikindurik egotea», esan du. Gata al Kuadrado eta May O'Naisee oholtzaratu dira segidan, Oskorriren Kalian Gora abestiarekin. «Euskarazko oinarrizko kontu batzuk azalduko dizkizuet...». May O' Naissek eten egin du Gata, Doraemonez jantzirik: «Zorua laba da», esan du, euskaraz egiteko duen abilezia erakutsi nahian. Benetan ere!

Azkena izan da Tati Kieta, baina ez txarrena; Valentziakoa da (Herrialde Katalanak). Nebulossaren Zorra abestia performatuz hasi da, soinean daraman soineko zabal eta beltza kendu du, eta pantera estanpatua duen body bat agerrarazi. Barra amerikar bat gerturatu diote, eta pole dance-ean hasi da ondoren; barran gora eta behera egiten dituen mugimenduak bertigoa sentiarazten dute, erotismoa bezainbeste. «Ron-cola bat, mesedez!», esan du amaitutakoan.

(ID_14065548) (Jagoba Manterola/@FOKU) 2024-07-11, Iruñea. Sanferminak
(ID_14065548) Tati Kieta, Chile Guero, May O'Naisse eta Gata al Kuadrado, oholtzan. J. MANTEROLA / FOKU

Bukatu da ikuskizuna, eta aurkezleek banan-banan igoarazi dituzte artistak. Sukha DJari eman dizkiote esker bereziak, hura izan baita musikaren arduraduna. La Otxoaren Libérate abestiarekin jaitsi dira oholtzatik, eta behean esperoan zituzten zaleak agurtu dituzte, argazki eskaera frankoren artean. Horietako bat da Maite Santa Cecilia, Gata al Kuadradoren ama. «Ikaragarri polita da egiten dutena; bazen garaia Iruñean halako zerbait egiteko», esan du, harro.

Dokumentuaren akzioak