Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Traspasos-en dantza eta Urdangarinen musika, bide berrian, bi hizkuntzak uztartzen dituen «nora»n

Dokumentuaren akzioak

Traspasos-en dantza eta Urdangarinen musika, bide berrian, bi hizkuntzak uztartzen dituen «nora»n

Egilea
Itziar Amestoy
Komunikabidea
Gara
Mota
Albistea
Data
2009/05/23

Instrumentu bat jotzen duen musikaria eta dantzaren bidez adieraztea xede duen dantzariak musika dute ardatz. Bi hizkuntza dira, hala ere, eta batak bestearekin bidaia bati ekiterakoan zentzu berriak har ditzakete, non bukatuko duten argi izan gabe. Hori da «Nora», eta izenak berak iragartzen duenaren arabera, xede zehatzik gabe hasi zuten bidaia hau Mikel Urdangarinek eta Traspasos dantza taldeko koreografo eta dantzariek. Batasun honetatik ikuskizun berezi bat sortu da eta gaur ikusi ahal izango da oholtza gainean lehendabizi. Gasteizko Jesus Ibañez de Matauco antzokian izango dira gaur eta bihar «Nora» aurkezten. Publikoak izango du, hortaz, lotura hau nora iritsi den ikusteko lehen aukera. Baina, behin Kavafis idatzi -eta ondoren Lluis Llachek abestu zuen bezala, bidaia luzea izan dadila eskatu «Itaca»rako bidean, bidaiak berak baitu garrantzia.

Ikuskizun honek iaz izan zuen abiapuntua. Traspasos-eko dantza talde batek Urdangarinen «Panderuaren gizona» abestia aukeratu zuen euren ikasturteko lana egiteko. Kointzidentziak nahi izan zuen hau musikariarengana iristea. Azken entsegura joateko gonbita egin zioten Mikeli eta «hunkituta geratu» zen aurrean zeukana ikusita. «Burua zabal-zabalik» udako tartea uztea erabaki zuten, musikariak azaldu duenez. Berriro elkar topatu zutenean, ikuskizun oso bat egiteko asmoa agertu zuten. «Mikelek proposatu zuen, eta uste dut oso adoretsua izan zela une hartan», laburtu du Marga Arroyok, ikuskizunaren koreografotako batek -Gema Espinosarekin batera lan egin duena eta gainera Damian Muñozen laguntza izan duena azken dantzarako-.

Ondoren, lan gogorra etorri zen. Dantzariek eta koreografoek abestiak aukeratu zituzten. Horretarako, Mikelek, Nika Bitchiashvili eta Koldo Uriarterekin batera biolin eta pianorako moldatu zituzten euren abestiak. Traspasosekoek izan zuten abestiak aukeratzeko erantzukizuna. «Oso aukeraketa ona egin dute, hirurak ados gaude horretan», azaldu du Urdangarinek. Gaur taularatuko den ikuskizunean, hortaz, koreografiagileenaz gain, dantzarien izaera ikusi ahalko da, hauek egon baitira bai abestiak aukeratzen bai dantzak proposamenez hornitzen. Sei dantzari izango dira taula gainean: Nagore Sagardui, Ainara Biteri, Eider Mendizabal, Eva Gasul, Idoia Blanco eta Albina Ayupova.

Mikel Urdangarinek honela azaldu du sortze prozesua: «Gu -hiru musikariak- atzetik ibili gara denbora osoan. Traspasosekoek ikasturte osoa eman dute ikuskizun hau prestatzen, orduak asmatzen edonon. Bi lanak batzeko momentua orain dela pare bat hilabete iritsi zen. Elkarren ondoan jarri gara eta oso inportantea izan da musika eta dantza sentitzea, haiek eta gu, diziplina desberdineko aktoreak izanda, nola eraiki dezakegun diskurtso bat». Bestalde, Margaren hitzetan, musikaria oso eskuzabala izan da. «Eremu pertsonalean sartzen utzi digu, guk mugimenduaren bidez berak sortutakoaren gainean eraiki dugu gure lana», esan du. Urdangarini honek sentsazio berezi asko sortu dizkio. «Sentimendu berria ikusten ari zara aurrean, zuk egindakoak alde egin dizu eta beste forma bat hartu du, ohiko izaeratik beste bat hartu du».

Batzuen gosaria, besteen bazkaria

Ikuskizunean lantzeaz gain, haientzat ere bizipen pertsonal bat izan da. Horretarako besteen erritmoak ezagutu dituzte. «Elkartu garenean, haien gosarietan zen, hau da, gure bazkarietan», aipatu dute irribarre artean Margak eta Nagore dantzariak. Bestalde, Mikelen musikak zerbait ere sortzen die, oraindik bere abestiak entzuten jarraitzen baitute, «eta entseguak, sortzeko prozesua eta hamaika momentuekin nazkatuta amaitu dezakezu». Mikelek, bestalde, dantza betetzeke daukan ikasgaia duela aitortu du, «askatu beharreko korapiloa». Gainera, ilusioz hartu du haren musika dantzarako erabiltzea. «Sekula ez didate esan nire musika dantzatzeko denik. Kontrakoa esan didate, baina begira orain jende honekin».

Gaur heldu da jendartean zabaltzeko unea. Ilusioz itxaron duten unea dira gaurko bi emanaldiak (18.30 eta 20.30) eta biharkoa (19.30) Jesus Ibañez de Matauko antzokian, Hegoalde gizarte etxean. Horren ondoren «Nora» joango den ikuskizuna ez dakite. Hori azalarazi nahi izan zuten, bide batez, izenburuarekin. Mikelek jarraipena izango duela uste du, «gehiago ez errepikatzea pena bat litzateke». Margak dio garrantzitsuena eginda dagoen lana dela, funtzionatzen baitu eta Nagorek, bestalde, ilusio handia egingo ziola esan du. Ikusi beharko da, orain, programatzaileen eta publikoaren artean zer-nolako harrera izaten duen dantza eta musika uztartzetik jaio den lan honek. Baina «bidaia egiten irabazitakoa» dagoeneko badaukate.

p048_f01_68x96.jpg

Dokumentuaren akzioak