Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Trajeriaren ilunak, zenbait ñabardura argi

Dokumentuaren akzioak

Trajeriaren ilunak, zenbait ñabardura argi

Aurten, lau pastoral emanen dira Euskal Herrian. Erdi Arotik heldu da pastorala, eta, azken urte luzeetan Zuberoan besterik ez atxiki ondotik, honetarik atera eta eredu berriak asmatzea ala antzinakoei berriz lotzea lortu du.
Egilea
Leire Casamajou Elkegarai
Komunikabidea
Berria
Mota
Albistea
Data
2024/04/07
Lotura
Berria

"MONZON" PASTORALA

Telesforo Monzon pastorala Larrainen, artxiboko irudi batean. BOB EDEME                                                  

«Agur, agur jende onak,/ konpainia agradablea;/ Heldu da pastoralaren/ aztertzeko tenorea». Hori da gaia, eta, hortaz, behin hori entelegaturik, pastoral koblaren doinuan irakurtzen ahal da berriz erranaldia, hala boz gora ala pentsamendutik. Ez da kasualitatea. Erdi Arotik egiten dira trajeria horiek, eta izigarriko fama dute gaur egun ere. Geroz eta haboro. Eta horrek darama doinua zuzen irakurlearen ezpainetara. Eta, justu, pastoralaren gizarte funtzioa, haren funtsa, egitura eta euskara dira oraingoan azterketaren alorrak.

Aurten, lau pastoral emanen dira Euskal Herrian. Bat: Pierre Bordazarre Etxahun Iruriren Matalaz pastorala, Batitte Berrogain errejentak eramanik eta Oilarrak kantu taldeak emanik, Urdiñarben (Zuberoa). Bi: Mitikilen (Zuberoa) eta Baigorrin (Baxenabarre), Mikel Tabernaren Julia Fernandez Zabaleta pastorala, Ihitz Iriart errejentak eramanik eta Zaldiko Maldiko elkarteko kantu taldeak emanik Iruñean. Hiru: Itxaro Bordaren Inesa Gaxen pastorala, Pantxika Urruti errejentak eramanik eta Xarneguko herritarrek emanik Bastidan (Baxenabarre) eta Bardozen (Lapurdin). Eta lau: Beñat Larroriren Ligetx koblakaria(k) pastorala, Xantiana Etxebest errejentak eramanik eta gamerear zihigarrek (Zuberoa) emanik herrian berean.

Ikusten da hor pastoralaren bizi berritze prozesua. Ligetx koblakaria(k) da, adibidez, Larrorik idatzi duen lehen pastorala, eta zinez laket zaio idazleen artean gertatzen ari den belaunaldi aldaketa: «Noiztik ez da agitu lau urte segidan lau idazle berri izatea. Jakinez 50 urtez, heldubada, lau pastoral idazle izan direla». Belaunaldi aldaketaz beste, azpimarratzekoa da azken hamabost urteetan emazteen parte hartzean ere izan dela aldaketa. Emeki-emeki, emazteak ere idazle eta errejent lanetan sartu ziren, historiako zenbait emazte protagonisten bizitzak kontatzen hasi ziren ber.

«Noiztik ez da agitu lau urte segidan lau idazle berri izatea. Jakinez 50 urtez, heldubada, lau pastoral idazle izan direla».

BEÑAT LARRORIPastoral idazlea

Trajeria eta haren kodeak

Erdi Arotik heldu da euskal opera hau, eta, urte luzez ez bada Zuberoan besterik atxiki, honetarik berriz ilki eta eredu berriak asmatzea ala antzinakoei berriz lotzea lortu du egun; aurtengoa froga. Jaiak halako arrakasta baldin badu, ikuskizun formatuarekin baduke lotura. Larrorik argi du: «Nahasten ditizu maite ditugunak oro: kantoreak, dantzak eta, nahi ala ez, koblak. Koblakari zenbaitek ez ditezu maite pastorala, baina pastorala kobla duzu; eta pastoral so egile zenbaitek ez ditiztezu maite koblak, baina pastorala kobla duzu ere bai». Irriz hasi da.

Kantu eta dantzatik at, pastorala antzerkia ere bada, hori bera du generoa. Urrutiri oso harrigarria zaio beti, nahiz baduen urteak errejent lanetan ari dela, nola gauza gutirekin ere mezu baten pasarazteko gai den pastorala: «Ez duzu deus ere tauladaren gainean, ez duzu tresnarik ere; makila bai, tresnarik inportanteena. Egoten dena duzu begitartearen espresioa, boza eta izateko manera».

Halere, segitu beharreko kodeak dira, kultura ohitura haboroenen gisara, pastoralen ezaugarrietarik beste bat. Eta baliagarri dira. Ados dira horretan aurten Itxaro Bordaren Inesa Gaxen pastoralean errejent ari den Pantxika Urruti bai eta Ihitz Iriart Julia Fernandez Zabaleta pastoraleko errejenta ere. Urruti lehenik: «Jendea lotsarazten ditezu, baina nik sentitzen dizut lagungarriak direla». Eta Iriart gero: «Koadro bat baldin bada ere, arau zenbait oso abstraktuak dituzu, eta irudimenarendako leku anitz bada». Eta zehaztapena, Larrorik erranez «libertatea beste manera batez» hartzen ahal dela. Azkenarentzat, halako koadro zehatza izateak, hain zuzen, pastoral baten idaztea zinez erraza zatekeela ustearazi zion. «Arrailerian erraten nizun aise zela: lehen peredikua, azkena, ezteiak, bi bataila, hiru satan eta, azkenean, baratzen dituzu hamar jelkaldi idazteko». Halere, historiari dagozkion ikerketak egitekoak dira aitzinetik, eta, behin lana errejentari aurkezturik, beste kanbio andana bat ere testua tauladara egokitzeko.

«Kodeek erraten ditezu bi talde badirela, eta laguntzen gaituzte gauzak ontsa ezartzen, hau ala hau beste honen kontra... Nik ez dizut kodea urratu nahi, baina bai harekin jostatu. Katalina de Erauso, adibidez, borta gorritik iragan zuzun 2016an».

PANTXIKA URRUTIErrejenta

Historiak, justuki, zehatzak eta zorrotzak diruditen kode horien aldatzera bultzatu zuen Urruti 2016ko Katalina de Erauso pastorala plantatu zuenean. Azaldu du: «Kode horiek erraten ditezu bi talde badirela, eta laguntzen gaituzte gauzak ontsa ezartzen, hau ala hau beste honen kontra...». Alta, hala bizian nola pastoraletan, dena ez da beti zuri ala beltza, eta, grisa ohiko dualismoari borogatzen zaionean, orduan hautuak egin behar dira. Urrutik gris horren esperientzia izan zuen: «Ez dizut kodea urratu nahi, baina bai harekin jostatu. Katalina de Erauso, adibidez, borta gorritik iragan zuzun 2016an». Alegia: pastoraleko pertsonaia nagusia pasarazi zuela, berez trajeriak gaiztotzat irudikatuentzako eskainitako atetik. Eta Urrutik aitortu du azken hamarkadetako pastoralgintzako zenbait pertsona jin zitzaikiola hautu hori ulertu ezinik. Ordea, azalpena argia zuen, baita horretarako eskubidea nondik zetorkion ere. «Katalina de Erausok berak erran baitzuen kantore batean bide zuzenetik galdu zela». Sujeta borta gorritik ilki zen lehen eta azken aldia izan zen, orain arte gutienez.

Soilaren alternatiba

Matalaz pastorala berriz ematera ausartu dira aurten Oilarrak gizon abesbatzakoak. Bi emanaldi emanak dituzte jadanik, Urdiñarben eta Mitikilen, Bernard Goihenetxe Matalazen herrian. Etxahun Irurik idatzia da testua: 1955ean eman zen lehen adiz, Eskiulan (Zuberoa). Urte berean zuberotar batek Herria astekarian honi buruzko iritzia idatzi zuen: «Hanitchek plazer lukie ber phastoala orano beste zounbait herri eta kartieletan emanik izaten ahal balitz. Agian!». 1964an Parisko euskaldunek eman zuten han berean, baina Euskal Herrian ez zen haboro antzeztu; aurtengoa arte. Azken emanaldia baratzen zaie, eta taularatze soila aurkeztu diote publikoari: ate urdin eta gorriak, musikariak erdian, zenbait kantu eta satan elibat, hori guzia 30 bat aktorek emanik.

https://www.berria.eus/lurraldeak/ipar-euskal-herria/etxahun-iruriren-matalaz-pastorala-taularatuko-dute_2121817_102.html

Ez da lehen aldia apurrez pentsatu pastoral bat plantatzen dena; baina ez dira halakoak udako pastoralak, uda oro 3.000 bat jende biltzen baita pastorala ematea dagokion Zuberoako herri bateko soro edo plazan, birritan. Zaleak sarrera erosia du aitzinetik, gero liburua pagatzen du, zeinaren barnean liburu ttipiago bat baita kultur proiektua sosez lagundu duten enpresak agertzen dituena; orduan, pastorala begiratzeko garaia heldu zaio, eszenatokitik 30 bat metrora, eta entzuteko garaia ere bai, aktoreen jantzietan gorde mikrofonoetatik bafleetara heltzen den soinuari esker. Horrek guziak sekulako diharu zamak ondorioztatzen ditu, beti hein horretan beharrezkoak ez direnak. Udako pastorala hartzen ari den norabideaz, hain zuzen, geroz eta jende gehiago arranguratzen hasia da.

«Testuari garrantzi berezia ematea oso inportantea iruditzen zait; ez dizut erraten pastoral testuei inportantziarik ez zaiela ematen Zuberoan, baizik eta agian beste gauza anitzei ere inportantzia emanez amiñi bat lausotzen dela».

IHITZ IRIARTErrejenta

«Pastorala ekologikoak» kontzeptua aipatu du Iriartek, Ketariatik mundura nano pastorala sortu zutenei atera zitzaien terminoa. Zuberotarra da Iriart, baina Nafarroan bizi, eta, han denaz geroztik, bigarren aldia du pastoral bat muntatzen duena. Garaian, jadanik, Joxemiel Bidador pastorala eraman zuen errejent lanetan. Aparte, arizale gisa ere aritua da Ederlezi ala Ketariatik mundura pastoraletan; horietan ere, taularatze soilagoa landu zen. Antzezpen biluziagoei buruz hausnartu du: «Testuari garrantzi berezia ematea oso inportantea iruditzen zait; ez dizut erraten pastoral testuei inportantziarik ez zaiela ematen Zuberoan, baizik eta agian beste gauza anitzei ere inportantzia emanez amiñi bat lausotzen dela». Hark «pastoral paraleloetan» parte hartuz soberakin horiekiko duen askatasunaz mintzatu da: «Beharbada ez da hainbeste publikoren beharrik, ez hainbeste ostatuaren beharrik, ez sos sortu beharrik ere; amarruak, edo beharrezkoak ez diren elementu anitz ilkitzen ditugu».

Amarruak; hori ere bada ahapeka udako pastoralari egiten hasten zaion kritika bat: komedia musikal bat bilakatzen aritzea. Orduan, bi aldeak badira, kantu eta dantza anitz dituzten pastoralak gustuko dituztenak, eredu tradizionaletatik kanpokoak, gainera, eta badira pastoral sinpleagoak diruditenen zaleak, edukian, halere, hain sinpleak ez direnak. Iriarten ustez, komedia musikalerako joera hori gizartearen fenomeno orokorraz aise azaltzen da: «Amiñi bat munduan agitzen denaren ondorioa duzu: pastoralak lehen egun osoa irauten bazuen, bagenizun horretarako denbora, bagenizun hortarako bizi erritmo bat, eta bazizun pastoralak beste funtzio bat. Azkenean, pastorala egokitu duzu egungo egunari, eta pentsu dizut pastorala eramaten duen jendeak eta ikusleak ere hori galdegiten». Orduan, denboran zehar zenbait gauza kanbiatuz joan dira. Haren ustez, halere, «pastoral paralelo» horiek alternatiba izan daitezke «munduak hartzen duen abiadurari freno bat emateko». Bakoitzaren gustuetatik at, esentzialera itzultzeko gogo bat ere sentitzen da. Iriart: «Ez baita bortxaz beharrezkoa dantza baten sartzea, adibidez, harremanik edo beharrik izan gabe eta ez badu pastorala aitzinarazten».

Dena dela, pastoralak duen neurriari ere arras lotua da eztabaida. Iriartek aurten eramaiten duen pastoralaren proiektua Zaldiko Maldiko elkarteko kantu taldetik abiatu zen; 30 bat lagun dira, eta, beraz, hori bezainbeste arizale. Gehienetan, udako pastoraletan edo Lapurdin ere plantatu direnetan, ehun bat arizale bildu ohi dira. Neurria ez da bera, eta, orduan, lana ere ez. Iriartek: «Aktore gutiago delarik, agian, parte hartzearen kalitatea anitzez ere inportanteagoa da kopurua baino. Neurri ttipiarekin, arizale, errejent eta idazlearen artean hausnarra oso intentsoa izaten ahal duzu. Parte hartze nozioa duzu, kalitatea eta kantitatearen artean».

Euskara

Pastorala eta euskara, zeinek zein laguntzen du? Zuberoan Erdi Arotik geroz mantendu badira pastoralak, euskaratik izan da beharbada, testua bera, antzerkiaren muina, euskaraz idatzi baitu norbaitek hatsarrean. Baina, pastorala bere osotasunean harturik, euskarak duen lekua ez da beti argia, behin beste batek idatzi kobla emanik guti zenbaitek baizik ez baitute euskaraz egiten mustrakatik landa. Larrorik, pastoral idazle gisa, ez du Gamere Zihigako errepiketan parte hartzen, baina, hori aitzin, beste zenbait pastoraletan parte hartu izan zuen aktore gisa, eta errepikez oroitu da: «Ez dizut euskararen presentzia handirik ikusi tauladatik kanpo; amiñi bat hola, axalean, baina oso guti, zeren bortxaz badituzu frantximantak erdian, eta frantsesez ari gaituzu».

«Ez bazen pastoralik edo maskaradarik, ez zukezun haboro deus ere. Ez baziren horiek, jadanik galdurik zitukezun ikastolan ez direnak oro».

BEÑAT LARRORI Pastoral idazlea

Ligetx koblakaria(k) pastoraleko testua bi aldiz idatzi zuen: lehenik, jin zeion bezala, eta, bigarrenik, zehazki sartu nahi zituen zenbait hitz gehituz. «Anitz bermatu nauzu maite nituen hitzetan, zerrenda bat egin dizut etxean usu entzuten nituenekin edo lanean entzun ditudanekin, adinetakoen etxean ibilten baininduzun kronika egitera». Hitz horien artetik, azaldu du anitz laborantzaren mundukoak direla. Larrori bera ez da laboraria; haren aitañi eta amañiak, berriz, baziren, eta Luis Ligetx ere bai. «Eman dezagun: bedajoa. Bedajoa duzu kabalak lehentze joaten direlarik bortura, eritzen direlarik ez baitira ber indarrak hango belarretan». Haboro edo guti erabiltzen ez diren mota horretako hitzak berreskuratzeko ariketa gisa hartu du pastoralaren idazketa, Zuberoaren kasuan, gutienez, bidea izan baitaiteke gazteak euskarara hurbiltzeko: «Ez bazen pastoralik edo maskaradarik ez zukezun haboro deus ere. Ez baziren horiek, jadanik galdurik zitukezun ikastolan ez direnak oro».

Iriart ados agertu da: «Egia duzu pastorala lan ederra dela herri batendako, eta biltzen duela jende anitz hizkuntza baten inguruan, baina badakizugu zer muga baden ere bai». Muga, hain zuzen, euskararena da, ez baita gauza bera euskaratik sortu elkarte batek pastorala ematea, ala herri batek bere herritar aniztasunarekin. «Baduzu borta hori zabaltzen dena jendeengana eta ez dena zerratu behar, baina iruditzen zaidazu ere noiztenka euskaradunek badutela beharra oasia gune baten ukaiteko, gune bat non eta euskaraz aritzen ahal den egiazki, hatsarretik urrentzera». 

Errealitateko esperientziek erakusten dutenaz, trajeria euskararena da gehiago, baina honen arintzeko, eta kontraesanetan ito behar bada, agerikoa da pastoralaren ilunetik zenbait argi izpi ilki daitezkeela.

          

 

 

                    

 

Dokumentuaren akzioak