Hasieran, aspaldiko urteetako pastoralen agerraldietako giroarekin alderatuta, ez zen aldaketarik sumatzen. Alta, joan den igandean, Ürrüstoiko errebote plazan antzeztu zen Abdelkader trajeriaren (pastoralaren izen zaharra) ikusle kopurua mila lagunetara mugatua zen, COVID-19 gaitzarengatik hartutako osasun segurantza neurriei jarraitu beharrez. Mila ikusliar, eta seguraz ere apur bat gehiago, jende andana eskailera mailetan eserita baitzen; asko zirela ez da dudarik, eta giroaren araberakoa izango zela pentsa daiteke.
Antzeman zen aurreko pastoraletan aldi oro egon ziren 3.500 edo 4.000 lagunen presentziak dakarren suhartasuna nonbait falta zela. Hala, gorrien multzokoen ateraldietan eta horiek botatzen zituzten ahoberokeriei ihardukitze oso-oso gutxi egon zen ikusliarren aldetik.
Jean Louis Davant idazle eta euskaltzainak paratutako pastoraleko testuan, gorri horiek, frantsesek alegia, adierazten zituztenek bazuten zer haserretzerik eta aurkako oihuak pizterik. Alabaina, egia da ere pastoralak azken hamarkadetan pizten duen arrakasta jendetsuak publikoa eraldatu egin duela, eta gaur egun trajeria baten ikustera datozen askok ez dituztela horrenbeste ezagutzen Zuberoako herri antzerki zahar horren kodeak.
Ikusleen jokaera oro har motela hauteman bazitekeen ere, oholtzan jardun zuten ia 70 aktoreen jokoa lehiatsua eta kartsua izan zen, burutik buru. Horien joko egite serio eta kartsuan ez zitekeen batere nabaritu pastoral honen oholtzara eramateko pairatu izan dituzten egundoko nekeak.
Izurritea bizienean zegoelarik, 2020ko udaberrian, antolatzaileek urte batez atzeratzea beste irtenbiderik ez zuten izan. Are gehiago, urte horren amaieran eta aurtengoaren hasieran mustrakei edo trebaldiei ozta-ozta berrekin ziotelarik, horiek berriz eten behar izan zituzten, aktore batzuek gaitza harrapatu ondoren. Hala eta guztiz ere, saioak berrabiaturik, Battitta Berrogain errejentaren eta Sophie Larrandaburu kantari trebatzailearen aginduetara astean birritan bilduz, uztailaren amaierarako prest izatea lortu dute Abdelkader antzeztu dutenek.
Gorriak... kexu gorri!
Argi geratu da, beraz, bai errejentak, bai kantarien trebatzaileak, zein ere dantzarien eskolatzaile Margot Fauriek egin duten lana denen begikoa gertatu dela. Jendeak harrera ona egin die pastoral honetan azaldu diren berezitasunei, horietarik nabariena izanik Abdelkader musulmana ate urdinetik atera zedin. Horiek horrela, ezin zitezkeen multzo honetakoak kiristi gisa izendatu, ezta ere ate gorritik jalgitzen ziren frantsesak türk gisara jo.
Alain Merkapide süjetak oso txukun antzeztu du Abdelkader emir borrokalaria, serio eta neurrian jokatuz, urdinen aldetik egin behar den legez. Gorrien aldetik, berriz, guztiz alderantziz agertu behar da, eta horretan gaizto sinesgarriak, hots, oso garratz, gogor eta ahoberoak izan ziren, besteak beste, Bugeaud jeneral frantsesa jokatzen zuen Allande Davant eta Clauzel egiten zuen Beñat Kaskü. Bi alditan bederen, gorriek hainbeste zuten suharki jokatu, non mikrofonoak makilekin nahigabe jo zituzten. Biziagoa izatea merezi izango zuena, berriz, soinularien taldean jelkaldiaren zenbakia azaltzen duten panelen ezarlea zen, behin baino gehiagotan oso berandu ibili baitzen jarduera horretan.
Txalo zaparrada handia eta merezitua jaso zuen 24. jelkaldian eman zuten dantza sorkuntzak. Honetan ederki ari izan ziren pastoraleko hamahiru dantzariak, hauetatik 11 neskak zirela, eta mutikoak bi baizik ez.
Pastoral bati amaiera ematen dion azken kantuan, ikusleek obra eta horren antzezleak preziatu egin zituztelako seinale argi, jendeak zutik bota zituen txaloak. Trajeria emateetan behintzat ez da sarritan horrelakorik gertatu. Eskertzeak emateko orduan, Jean Louis Davant idazleari merezitutako gorazarrea egin zioten, eta hark eskerrak bueltatu zizkien aktoreei eta ikusleei. Abdelkader trajeria urtebetez atzeratu beharrak egutegia aldatu ondotik, pastoral bat emateko gogoan diren beste bederatzi herrietakoei esker onak eman nahi izan zizkieten antolatzaileek.
Abdelkader trajeria ikusteko hiru aukera haboro daude: uztailaren 30ean, 20:30etik haste, eta abuztuaren 1eko eta 8ko igandeetan, 15:30etik harat. Izurriak sortutako egoerari aurre egiteko neurriek beharturik, orduan ere mila ikusle baino gehiago ezingo da onartu. Hobe, beraz, urrundik etortzeko asmotan direnek lekurik baden edo ez den berri hartzea, helbide elektroniko honetara mezua bidalita: xiberokojaunaalkartea@gmail.com.
Enkantean, Pagola irabazle
Pastoraleko oholtza gainean moneiñak eta aitzina pika dantzak emateko ohorea irabazteko egin ohi diren antxeretan (enkanteetan) Pagola herria irten zen garaile, 2.000 euroko ordaina eskainita. Zeinek gehiago emate horretan lehiatu ziren, ordea, aldi batez gutxienez, Barkoxe, Gamere-Zihiga, Maule-Lextarre, Muskildi, Sohüta eta Urdiñarbe herrietako ordezkariak. Alabaina, ohituratzat bilakatu da pastoral baten lehen agerraldian antxeren irabaztera utz dadin aurreko urtean trajeria eman zuen herria, eta bigarren antzeztean hurrengo urtean ildoari jarraituko diona, hots Muskildi herria. Kontua da, baina, aurtengo lau agerraldietatik hirutan antxerak izango direla.