Dokumentuaren akzioak
Tradiziotik abangoardiaraino
Dantza Garakidearen Zirkuituan, 27 taldek erakutsiko dituzte lanak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 17 aretotan
Estilo askotariko piezak erakutsiko dituzte; tradizionalak,
neoklasikoak nahiz abangoardiakoak. «Dantza garaikidea ahal denik eta
toki gehienetara zabaltzea da gure asmoa», azaldu du Aranak. «Sorkuntza
ez ezik zabalpena ere sustatzea». Natxo Montero Euskal Herriko Dantzari
Profesionalen Elkarteko kideak uste du «ezinbestekoak» direla mota
horretako languntzak ere. «Gertatu baita pieza egiteko dirua izatea
baina gero ez edukitzea gure herrian bertan erakusteko modua».
Carni de prima qualita obra estreinatuko du
Monterok, azaroaren 6an, La Fundicion aretoan, Dantza Garaikidearen
Zirkuituaren barruan. Patricia Fuentesekin batera sortutako lanean,
gorputza oso bestela desantolatzen da. «Ez dago lehengairik, talkak
baino ez daude. Igurtziak eta azalaren bidez eginiko ukituak, abiadura
eta intentsitate askotan. Ukituz mugimendua eta soinua sortzeko».
Jorge Jauregik zuzendutako Ember taldeak ere Laura Arisen Impostura lana estreinatuko du, azaroaren 13an, La Fundicionen. Gorputza ordezteko ariketa da Impostura. «Ariketa
horren asmoa gorputza deformatzea eta eraldatzea da, etengabeko
nortasun jolasa sortzeko», dio piezaren sortzaileek idatzitako oharrak.
Dantza Garaikidearen Zirkuituan, halaber, azken urtean
estreinaturiko lanak ikusi ahal izango dira, hala nola Maritzuli
konpainiaren Aurrez aurre, Ion Munduateren Astra tour, Idoia Zabaleta eta Antonio Tagliariniren Royal dance, Ertzaren Bihar jaio nintzen, La Intrusaren Pobres bestias, Eliraleren Otto, Colectivo vuelo 6408ren Vuelo 6408, Aukeranen Gernika, Dantzaz taldearen 1.01, Verdiniren Dantzaria naiz eta Argira lanak, Atxarte Lopez de Munainen Higikaria, Matxalen Bilbaoren Sast!, Logela multimediaren Papiroflexia, La Dinamikaren Animaliak, Kukai eta Tanttakaren Soka eta Hnuy illa...
Atzerriko konpainiak ariko dira, orobat. Espainiako Aracaladanzak Nubes aurkeztuko du, Kataluniako Thomas Noonek Tort-the chaos quartet, Frantziako Wanted Possek Transe, Galiziako Entremansek Ven eta Kataluniako Sol Picok El llach de les mosques. Herrialde hartako Nats nusek obra bi ekarriko ditu: Maps eta Momentari. Hangoak dira Ananda Dansa ere, eta El circo de la mujer serpiente emango du Dantza Garaikidearen Zirkuituan. Espainiako Da.te eta Raul Ortega ere izango dira; Sueña eta Hermanos de baile eskainiko dituzte, hurrenez hurren.
Arrasaten, Bergaran, Irunen, Leioako Campusean eta Gasteizko
Artium museoan ere izango dira emanaldiak aurten. Baita iazko herrietan
ere: Agurainen eta Amurrion (Araba); Bilbon, Zornotzan, Durangon,
Leioan eta Elorrion (Bizkaia); eta Donostian, Bergaran, Eibarren,
Andoainen eta Lasarten (Gipuzkoa).
Orotara, 68 emanaldi egingo dituzte, iaz baino bederatzi
gehiago. Horrenbestez, Jaurlaritzak aurrekontua zertxobait handitu du:
140.000 euro jarri ditu konpainiak kontratatzeko eta 60.000 inguru
promozioa egiteko. Tokian tokiko udalek ere dirua jarri dute.
Dokumentuaren akzioak