Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Tradizioekin dantzan

Dokumentuaren akzioak

Tradizioekin dantzan

Santanazaleen Eguna ospatuko dute bihar eguerdian Ordizian. Esku dantza egingo dute plazan azken urtean ezkondutako bikoteek

Egilea
Iñaki Balerdi Toledo
Komunikabidea
Berria
Mota
Albistea
Data
2016/07/26
Lotura
Berria

Santanetako azken eguna izango da biharkoa Ordizian (Gipuzkoa). Izen bereko eguna izango da gaur, eta Santanazaleen Eguna ospatuko dute bihar ordiziarrek. Hori dela eta, esku dantza egingo dute iazko festetatik hona ezkondu diren Ordiziako bikoteek, herriko plazan, eguerdian.

Hala ere, esku dantza egin baino lehen, udaletxean bilduko dira senar-emazteak Santazanale izeneko akta liburuan sinatzeko, eta meza entzungo dute parrokian, herriko alkatearekin batera. Hamabiak direnean emango diete hasiera esku dantzari plazan. Alkandora zuria eta praka beltza eramango dituzte soinean gizonek, eta soinekoa, zapata takoidunak eta zetazko xala emakumeek.

500 urteko usadioari segika

Ordiziako udaletxera joango dira guztiak jarraian, eta balkoira aterako dira emazteak. Bitartean, plazan geldituko dira senarrak. Aurreskua dantzatuko dute ilarako lehenak eta azkenak, hurrenez hurren. Desafioa egingo dute bien artean segidan.

Azkenik, plazara jaitsiko dira emazteak, eta sokan sartuko dira zapi zuria eskuan hartuta. Atzeskuaren eta aurreskuaren arteko bigarren desafioa egingo dute. Fandangoa eta arin-arina dantzatuko dute euren bikoteekin emakumeek. Ondoren, Ordizian barrena ibiliko dira dantzariak itzulia egiten.

Esku dantza egitea usadio zaharra da Gipuzkoako herrian, 1509an egin baitzuten aurrenekoz. Alabaina, birritan ez zuten ospatu ordiziarrek Santanazaleen Eguna: karlistaldiagatik 1873an, eta Espainiako gerrarengatik 1936an. Zortea edukitzeko eta espiritu txarrak uxatzeko egiten dute esku dantza Ordizian ezkondutako bikoteek.

Santanazaleen Eguna Bihar, 12:00etan, Ordiziako plazan (Gipuzkoa).

Dokumentuaren akzioak