Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Tradizioaren isuri berritzaileak

Dokumentuaren akzioak

Tradizioaren isuri berritzaileak

Gaizka Sarasolak eta Xabier Erkiziak 'Ixuriak' diskoa kaleratu dute

Egilea
Mikel Lizarralde
Komunikabidea
Berria
Tokia
Donostia
Mota
Albistea
Data
2005/01/29

Ixuriak sortze prozesu oso berezi baten emaitza da. Sarasolak aspalditik zuen Lesaka inguruko mendietara joan eta hango txokoetan musika jotzeko ohitura, baina iazko neguan grabagailu batez hornituta hasi zen joaten: «Leku horiek nigan zer eragin zuten ikustea zen helburua. Batzuetan zerbait prestatua eramaten nuen, jakinda zein tresna erabiliko nuen, eta beste batzuetan, berriz, ideia finkorik gabe eta inprobisaziorako tarte handi bat utziz abiatzen nintzen». Txistularia da Sarasola, baina saioetan silbotea, ttunttuna, txirula, kalabazak, alboka, bonbetea eta txanbela ere erabili zituen. Sarasolarentzat hau da lehenengo grabazioa, Berandu disko-liburuan sartutako pieza albo batera uzten badugu. «Beti folklorearen barruan egin dut lan; bai txistulari gisa, bai dantza taldean. Eta horrekin batera musika tresnak eta dantzak ezagutzen joan naiz, ikertzen». Oraingoan, musika folklorikoaren «funtzio sozialetik ihes egin» eta barrura begira egin du lan: «Egoera primitibora jo dut. Neure burua ezagutzeko edota ingurunearekin harremanetan jartzeko bide bat izan da musika tresna». Ingurunearekin sortutako jolas horrek leku bakoitzaren berezko musika jasotzea ahalbidetu dio musikariari, eta hori berak sortutakoarekin jarri du harremanetan. «Pieza batzuk dorretxe batean eta ganbara batean grabatu ditut, eta garbitegi baten soinua ere azaltzen da. Azken batean leku bakoitzak bere musika propioa du». Euskal folklorean oinarritutako doinuak diren arren, Ixuriak-eko pieza guztiak Sarasola berarenak dira. «Batzuk etxean sortutako ideiak dira eta beste zenbait, ordea, jotzeko orduan bertan azaldutakoak». Izan ere, inprobisazioari eta esperimentazioari tarte zabala utzi dio eta horrek «libreago» egin ditu abestiak. «Txistuarekin jotzeko erritmo arraroak dira zenbait».



Etxeko lana



Xabier Erkiziak, bere aldetik, grabatutako material horrekin guztiarekin egin du lan, doinuekin eta elementu elektro-akustikoekin jolastuz. «Batek kanpoko lana eta besteak barrukoa» egin dutela dio Sarasolak. «Tarteka elkartzen ginen eta erakutsi egiten zidan zer egiten zuen. Nik esaten nion manipulatzaile hutsa dela, ikaragarria baita nola alda eta molda ditzakeen grabazio batzuk». Jatorrizko grabazioetan oinarritu da Erkizia haiek gordetzen zituzten soinu guztiekin ikuspegi berri bat azaleratzeko: «Pieza bateko ahotsa eta une batean sartu duen harmoniuma izan ezik, dena grabazio haietatik dago aterata. Detaile gutxi batzuekin asko jantzi du».



Bordienea kantuan Juanen Saralegik jarri dio ahotsa Sarasolak idatzitako testuari. Ez da hitzak dituen pieza bakarra, nahiz eta musika hutsez grabatu dituzten ia guztiak. CDaren azalean barnealdean gelditu dira. Sarasolak dioenez, «hasieran kantu guztiek zuten beren letra», baina Erkizia moldatzen joan zen neurrian, kendu egin zituzten: «Batzuetan musikak dena esaten duelako eta besteetan, hitzak gehiegi esaten zuelako»Sarasolaren arabera, diskoaren sortze prozesuari lotuta dago izenburua ere. «Zerbait isurtzen denean ez dugu jakiten nora doan. Bakoitzak bere bidea egin dezake, baina ez da zehaztua egoten. Eta doinu eta testuek ere hori dute oinarrian».Erkiziak eta Sarasolak inprobisazio saio bat egin zuten Ertz kolektiboak Berandu diskoa aurkeztu zuenean, eta aurrera begira badute asmoa zerbait egiteko elkarrekin. Hala ere, Erkizia atzerrian ari da emanaldi batzuk egiten, eta bitartean Iñigo Telletxearekin egingo du saio bat Ernest Lluch Donostiako Kultur Etxeak abian jarri zuen Erakusleihoa programaren baitan.

Dokumentuaren akzioak