Dokumentuaren akzioak
Tradizioaren eta modernitatearen arteko oreka
Donostiako Gero Axular dantza taldeak Noainen eskainiko du ‘Itzal galduak’ ikuskizunaren hurrengo emanaldia, maiatzaren 24an
“Hau da, ikastolan bazegoen dantza talde bat, baina haurrak bost urterekin dantzan hasi eta zazpi urterekin utzi egiten zuten”. Horri erantzun bat eman nahian gurasoak biltzen hasi ziren, egoera nola irauli aztertzeko, haurren eta gazteen ilusioa zein zen jakiteko, eta, ondorioz, haien jarraipena bermatzeko. “Helburua garbia zen: haurrei eman nahi genien betegarri zitzaien hura; kulturak aurrera egin dezan, haurrei eta gazteei eurek eskatzen dutena eman behar zaie”.
Eta ahalegin horrek guztiak emaitza positiboak ekarri dizkio taldeari. Izan ere, momentu honetan 290 kidek osatzen dute dantza taldea. Gaur egun, betiko fandangoa, arinarina eta edozein herritako jaietan dantzatu ohi diren beti-betiko dantzak irakasten eta dantzatzen dituzte, baina baita, horiek oinarri hartuta, koreografia landuagoak ere. Unzurrunzagak dio eraldaketa gertatu aurreko garaietan, Gero Axularren dantzaren irakurketa tradizionala baizik egiten ez zen garaietan, 30 dantzari bakarrik zebiltzala taldean, eta seguru dago emandako pausoak eragin zuzena izan duela.
“Oso garbi izan behar dugu nondik gatozen eta zein den gure tradizioa, horretan ados gaude. Talde batzuek ikerketa lan hori egin behar dute, eta, lan hori ez balego eginda, guk geuk egin beharko genuke; baina, hori argi esan ondoren, uste dugu gaur egungo gazteek beste pauso bat emateko eskatzen digutela, eta horri erantzuna eman diogu Gero Axular dantza taldetik”.
Esate baterako, aldaketetako bat musikaren alorrean gertatu da. Unzurrunzagak dio haurrak eta gazteak ez zirela motibatzen txistu bakar batekin, eta, hortaz, “musikari garrantzi handia eman behar zitzaiola”. Horregatik, bai haurrei, bai unean uneko ikuskizunari berari gaur egungo soinuen berezitasuna ematen saiatzen da taldea, eta, betiko txistu eta txirulez gainera, adibidez, flautak, gitarrak eta era guztietako perkusioak erabiltzen dituzte.
TALDE ZABALA Dantza taldearen bigarren sasoian abiatutako haur horiek 20 urtetik gorako gazteak dira dagoeneko, eta “umetan hasi ziren haietatik erdiek baino gehiagok jarraitzen dute taldean”; beraz, taldearen egitura zabaldu egin da: egun umeen talde bat, gazteen talde bat eta nagusien talde bat barnebiltzen ditu Gero Axularrek. Gainera, atea edonorentzat irekita dagoela azpimarratu du zuzendariak, eta horren erakusle da ikastolarekin zerikusirik ez duten partaideak ere badirela dantza taldean.
Dantzarien mailari begiratuta ere, ez dute inolako eskakizunik egiten. “Ia gehienak zerotik hasten dira, eta, beraz, irakasle lana ere egiten dugu, haurrei zein nagusiei zuzenduta. Gero, gainera, horietako batzuk taldean bertan geratzen dira. Baina, era berean, maila jakin bat dutenekin hobekuntza eta teknifikazio saioak ere egiten ditugu”.
DANTZATIK KOREOGRAFIARA Martxoaren 28an aurkeztu zuen Gero Axular dantza taldeak bere azken ikuskizuna, Donostiako Viktoria Eugenian: Itzal galduak. Pozik agertu da Juan Luis Unzurrunzaga zuzendaria obrak izandako harrerarekin: “Jendetza batu zen antzokian, eta kritika onak eta baikorrak egin dizkigute; denek zoriondu gaituzte, oso pozik gaude”. Ikuskizunen bidez, dantza erakusteko beste modu bat eskaintzen du taldeak, tradizioan oinarritu arren, pauso bat egiten du aurrera, eta hori da ikusleak aurkituko duena Itzal galduak lanean ere.
Azkeneko ikuskizunetan taldeko kideek sortutako istorioak kontatzen saiatzen direla aipatu du Unzurrunzagak, betiere momentu historiko jakin eta erreal batean kokatutako istorioak. Azken lan honetan Nafarroan kokatzen da lana. Bigarren gerra karlista eta gero, Nafarroan krisi ekonomiko handi bat bizi izan zuten, eta, ondorioz, milaka gizonek eta emakumek Maulera alde egin behar izan zuten, bertako espartina fabriketan lan egitera. Testuinguru horretan, Otsagabiako mutil gazte bat da ikuskizuneko protagonista; bere arima saltzen dio deabruari, ikasketak ordaindu ahal izateko, eta, ikasketak amaitu ostean, Otsagabiara itzultzen da, herria etorkizun hobe batera gidatzeko.
Koreografia sortu, zer pauso erabiliko duten aukeratu, musika moldatu, arropa sortu… Hori guztia zaindu behar omen da oholtzara emanaldia atera aurretik, baina oraingoan taldekideek beste urrats bat gehitu nahi izan diote obrari: “Sortu genuen aurreko lana Argizaiola izan zen, eta Gernikako bonbardaketaren ondoren herrian bertan kokatzen zen istorio bat kontatzen genuen bertan. Baina lan horrekin alderatuz gero, dantzarien teknikari dagokionez, aldaketa batzuk dakartza Itzal galduak ikuskizunak. Obra honetako pausoak, adibidez, zailagoak dira, zailtasun bat bilatu dugu ikuskizun hau sortzeko orduan. Teknikoki erronka hori jarri nahi genion taldeari, eta uste dugu erronkari erantzun ona eman diogula”.
Donostiako emanaldia eta gero, ekitaldiz beteta ditu datozen hilabeteak Gero Axular dantza taldeak. Maiatzaren 24an, esaterako, Itzal galduak ikuskizuna Noainen (Nafarroa) egongo da ikusgai. Ekainean tradizioarekin eta San Joan bezperako dantzekin du hitzordua, Donostiako Aiete auzoan, eta hilabete horretan bertan, 27an, Greziara joango dira taldekideak, besteak beste. Beraz, Gero Axular dantza taldeak argi du ez duela ez itzalik eta ez galdutako ezer nahi, etorkizunari bizi-bizi begiratzen dioten argi printzak baizik, gazteenei ere erakargarri zaizkien euskal dantzak baizik; eta horri arnasa emateko aukera ugari izango du eguzkiak berotutako datozen hilabeteetan.
Dokumentuaren akzioak