Dokumentuaren akzioak
Tradizioarekin dantzan
Bizkai Folklore Elkarteak 30 urte baino gehiago eman du euskal folklorea aztertzen, eta artxibo mardula osatu du euskal dantzen irudiekin; egun, gogor ari da lanean euskal dantza tradizionalak berreskuratu guran.
Sabin Egiguren Apraizek (Bilbo, 1940) zuzentzen du Bizkai elkartea. Eskarmentu luzea bildu du Egigurenek dantza eta folklorearen arloan, Bizi Nai eta Gaztedi taldeetan gazte garaian, Gorantza taldearen zuzendari gisa (geroago Bizkai izena hartuko zuena), Euskal Dantzarien Biltzarraren sorreran eta, batez ere, Bizkai dantza taldea izateari utzi eta folklore elkarte izatera pasatu zenetik, elkarte horretako zuzendaritzan, ikastaroak antolatzen, artxiboa kudeatzen, liburu eta DVDak argitaratzen.
Gorantza dantza taldean du jatorria Bizkai elkarteak. 1964an sortu zuten Egigurenek, Jose Fernandez Armiñanzasek eta Josu Martinezek, eta Bilboko Solokoetxe kalean zeukan egoitza. 1970eko hamarkadaren hasieran izena aldatu zuen; Herrikoi izena hartu zuen, eta, geroago, Bizkai izena. 1976an dantza taldea izateari utzi zion, eta, geroztik, dantza irakaskuntzan eta folklorearen ikerkuntzan murgildurik egon da Bizkai elkartea.
Artxibo aberatsa
Bi jarduera horietatik, dantza eskolak dauka
lehentasuna, baina bestelakoak ez dituzte alboratzen Bizkaikoek. Elkartearen
artxiboa, esaterako, sekulako altxorra da, batez ere, ikus-entzunezko
dokumentuei dagokienez. 1972an hasi zen Egiguren euskal dantza tradizionalen
irudiak jasotzen, zinema kamera txiki batekin hasieran, bideoan geroago. «Nik
beti pentsatu dut hori grabatu behar zela, behintzat etorkizunerako jasota
geldi dadin. Dena dela, hori ez da nahikoa dantzak berreskuratzeko. Bideoa
ikusita ezinezkoa da dantzan ikastea. Bideoa ez da irakaslea».
Zinema kamerarekin, hiru minutuko grabazioak baino ezin ziren egin. Beraz, bideoa Euskal Herrira heldu zenean, aurrerapauso handia izan zen hori Egigurenen asmoetarako, ordu erdiko grabazioak egiteko aukera ematen baitzuen. Baina diru eskasia muga handia zen, eta, askotan, zinta zaharren gainean egin behar izaten zituzten grabazioak, aurretik grabatutakoa ezabatuz: «Maiz erabaki ezinik ibiltzen nintzen, aukeratu beharra zegoelako. Grabazio batzuk negarra begietan egin behar izaten nituen, horiek egiteko beste gauza batzuk ezabatu behar genituen eta». VHS bideo sistema agertu zenean arazoa konpondu zen, Bilboko Udalaren laguntzaz sistema horretako kamera bat erosi baitzuten eta, horrekin, hiru orduko grabazioak egin zitezkeen.
3.000 ordu baino gehiago dauzkate grabaturik Bizkairen artxiboetan, eta tresneria guztiz profesionala daukate. Mende berriarekin batera, irudi horiek digitalizatzeari ekin zioten elkartekoek, Bizkaiko Foru Aldundiaren diru laguntzari esker. Egun, baina, prozesu hori geldirik daukate, diru falta dela eta. Zaila da gordetako irudi horien artean bakar batzuk aukeratzea, baina, Egigurenek dioenez, bereziki garrantzitsuak dira zenbait dantzari zaharrek Bizkairentzat beren-beregi prestaturiko saioak, zenbait dantza, Zuberoakoak edo Lantzeko inauteria esaterako, urratsez urrats eta zehatz-mehatz erakusten dituztenak.
Grabazio horiek egiten, mota guztietako gertaera bitxi eta pasadizo jakingarriak izan dituzte Bizkai elkartekoek. Behin, pastoral bat grabatu behar zutelarik, ikusi zuten grabagailua ez zebilela, pastorala hastear zegoela, tresneria beroegi zegoelako. Gailuaren gainean izotza jarrita konpondu zuten arazoa, pastorala hasten zen une berean. Beste behin, 700.000 pezeta (4.200 euro inguru) gastatu zuten bideolari profesional batzuen laguntza izan ahal izateko, eta grabazioa amaituta zegoenean ikusi zuten kable bat agertzen zela irudien erdi-erdian. «Jakina, nire lehenengo erreakzioa izan zen pentsatzea zinta horiek itzuli eta sosik ere ez genuela ordainduko, baina ezin genuen horrelakorik egin; kablearekin edo kablerik gabe, grabazio hori urrezkoa zen guretzat».
Bestelakoak ere badituzte Bizkairen artxiboan, esaterako, Silbestre Elezkano Txilibrin albokari ezagunaren inguruko material ugari: haren jantziak, musika tresnak, argazkiak, albokak egiteko erabiltzen zuen lan mahaia eta abar.
Tradizioaren defentsan
Euskal dantzen esparruan, aspaldikoa da
tradizioaren eta betiko moldeen eraberritzearen inguruko eztabaida. Ika-mika
horretan, Sabin Egigurenek argi dauka bere iritzia, eta ez dauka inolako
arazorik sutsu defendatzeko. Haren ustez, egoera «oso larria» da, eta dantza
tradizionalaren arima galtzen ari dela iruditzen zaio. «Gaur egungo dantzan
balletizazio prozesu ikaragarria egon da. Gaurkoek ez dute dantzatzen
baserritarrek beti dantzatu duten moduan. Dirudienez, hori gutxi iruditzen
zaie, eta balletetik jarrerak eta osagaiak hartzen dituzte, barra klasikoa
lantzen dute eta gorputz lirainak lortzen dituzte horrela, baina hori ez da
dantza tradizionala. Ikuskizuna lehenesten dute. Eta okerrena da, horrelakoak
ikusita, baserritarrak, betiko dantzariak, kikildu eta lotsatu egiten direla,
eta ez direla ausartzen dantza egitera, haiena eskasa irudituta».
Egigurenen esanetan, gerra aurretik hasi zen gainbehera. Dioenez, Euzko Gaztedik Euskal Herri osoan dantzak zabaldu eta irakasteari ekin zionean, hainbat aldaketa sartu zituzten dantza horietan, urratsak errazte aldera. Era berean, garai hartan indar handia zeukaten dantza tradizionaletan oinarritzen ziren balletek, batez ere Errusiatik iritsitakoek, eta horrek ere eragin handia izan zuen euskal dantza ulertzeko moldean.
«Nik ulertzen dut», esan du Egigurenek, «euskaltasuna hedatzeko helburu horretan aldaketak sartu izana, eta Euzko Gaztediri leporatzen diodan gauza bakarra da argi mintzatu ez izana, gerra osteko belaunaldi berriok hazi ginelako pentsatzen ikasten genuen hura benetakoa zela. Nik Bizkaiko aurresku txapelketa irabazi nuen 1962an, eta Euskal Herrikoa 1963an. Baina lehenbiziko aldiz Garai eta Berrizera joan nintzenean eta aurreskua nola dantzatzen zuten ikusi nuenean, zur eta lur gelditu nintzen. Segituan utzi nion ordura artekoari, eta neu izan nintzen Durangaldean jaio ez zen eta hango erregelak ikasi zituen lehenengo dantzaria».
Dantza tradizionalaren defentsa sutsu horretan, kritikak ezker-eskuin banatzen ditu Egigurenek. Gipuzkoako jota txapelketak «benetako dantza tradizionala hiltzen» ari direla begitantzen zaio, eta ez du ulertzen zergatik hedabideek ematen dieten horrenbeste garrantzia horrelakoei. «Horrek kalte besterik ez du egiten». Dantza talde kaletarrak, bereziki Gipuzkoakoak, gogor kritikatzen ditu, «erabat balletizatuta» daudelakoan: «Gipuzkoako dantzari zaharrekin berba egiten dudanean, esaten didate nahiago dutela gaurko gazteak dantzatzen ez ikusi, ez sufritzearren».
Euskal dantzak oinarri hartuta prestatzen diren ikuskizun modernoak ere ez ditu begi onez ikusten. Kalitatearen aldetik «erdipurdikoak» begitantzen zaizkio, eta uste du horrelakoak ez direla «benetako folklorea; beste zerbait izango da, baina folklorea ez. Nik horrelakoei beti esaten diet ez direla dantzariak, balleteko dantzariak baizik, eta haserretu egiten dira nirekin, baina hori da nire iritzia». Era berean, kexu ageri da horrelako ikuskizunak atzerrira eramaten dituztelako, «Arizkun edo Berrizko betiko dantzariak eraman beharrean». Eta ez du ulertzen, esaterako, zergatik Ipar Euskal Herrian dantza berrien lehiaketak antolatzen diren, «dantza zaharrik izango ez bagenu bezala».
Egiguren jakitun da dantzaren munduan jende askok ez duela bat egiten bere iritzi eta jarrerekin, baina sutan paratzen da tradizioa ere aldagarria izan daitekeela esaten zaionean: «Eta nortzuk dira horiek esateko nire betiko kultura ahantzi egin behar dudala? Joan daitezela Berriz edo Abadiñora, ea hango dantzek bilakaera izan duten ala ez ikustera. Folklorean aldaketak gertatzen dira, jakina, baina aldaketa horiek oharkabean pasatzen dira dantzarientzat beraientzat ere, ez dute aldaketa horien kontzientziarik, denboraren poderioz jazotakoak eta berezkoak direlako. Baina aldaketak ekarri dituztenak dantza talde kaletarrak izan dira, hirietakoak, eta aldaketak haien lokaletan egin dituzte, benetako tradizioa ezagutzen ez dutelako».
Ezkor ikusten du geroa Egigurenek, baina oraindik irtenbiderik badagoela uste du. «Emaitzak ez dira berehalakoak izango, baina beste biderik ez dut ikusten». Hartu beharreko neurrien artean, tokian tokiko betiko dantza taldeak eta dantza talde kaletarrak desberdintzea proposatzen du: «Ikuskizunak egin nahi dituztenek egin dezaten ikuskizunen federazioa, baina betiko dantzak gorde nahi dituztenak bildu beharko lirateke, eta ziurtatu haiei ere diru laguntzak ailegatzen zaizkiela».
Eztabaida garratzak izan ditu Egigurenek bere
ibilbidean, baina, dena dela, euskal dantzek eman dizkioten poztasunak ez
dauzka ahanzteko: «Berriro jaioko banintz, bide berari eutsiko nioke,
zalantzarik gabe. Askotan esaten da ezagutzen dena baino ezin dela maitatu, eta
nik folkloreari esker nire herria ezagutu dut».
Irrintzi
bat entzun da
Egunotan, lanean buru-belarri dabiltza Bizkai
Folklore Elkarteko kideak. DVD bat prestatzen ari dira, Durangoko Disko eta
Liburu Azokan aurkezteko asmoz. Berrizko dantzak jasoko ditu DVD horrek. Hori,
baina, ez da ikus-entzunezkoen arloan Bizkairen egitasmo bakarra. Horrez
gainera, beste DVD sorta bat prestatzen dabiltza. DVD didaktikoak izango dira,
hainbat dantzaren pausoak irakatsiko dituztenak, eta lehenengoan jota eta
arin-arina agertuko dira.
Bestelako egitasmoak ere baditu Bizkai
Folklore Elkarteak, epe luzeagorako badira ere. Sabin Egigurenen aspaldiko
ametsa da Euskal Herriko irrintzilari txapelketa antolatzea, eta hori egiteko
orain arteko saio guztiek porrot egin badute ere, ez du esperantza galdu eta
ziur dago egunen batean egingo dutela. «Hil baino lehen antolatu nahi dut hori,
eta horretan ez dut etsiko».
Egigurenen ustez, irrintzia, edo «historiaurretik datorren euskaldunen
oihua», berak dioen bezala, galbidean dago, eta horregatik behar-beharrezko
ikusten du horrelako ekimen bat antolatzea. «Lehiaketan sari ederrak emanez
gero, mendietan dauden eta inork ezagutzen ez dituen irrintzilariak ausartuko
lirateke aurkeztera, eta pauso garrantzitsua emango genuke horiek ezagutarazi
eta gerorako irrintzia gal ez dadin». Herrialde guztietan kanporaketak
antolatzea; finalaren egunean, folklore erakustaldi handia egitea; eta saio
guztiak grabatzea aurreikusten dute Bizkaiko ardu≠radunek, horretarako oraindik
datarik jarri ez duten arren.
Dokumentuaren akzioak