Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Tradizioan oinarritutako maskarada berritasunez beteta abiatu da Sohütan

Dokumentuaren akzioak

Tradizioan oinarritutako maskarada berritasunez beteta abiatu da Sohütan

Egilea
Idoia Eraso
Komunikabidea
Gara
Tokia
Sohüta
Mota
Albistea
Data
2012/04/09
Lotura
Gara

Hokin hasi eta bukatu zen atzoko maskarada, Sohütako auzo horretako jaiei jarraipena emanez euskal tradizioa eta festa giroa elkartzen dituen antzerki herrikoiaren zatirik handiena bertan iragan baitzen. Baina eguneko unerik hunkigarrienetako batzuk herriko erdigunean bizi izan ziren, ikastolaren aitzineko barrikadan hain zuzen ere.

Bertan herriko etxeko kontseilariek eta ikastolako irakasleek harrera egin zieten Xiberoako Ikastoletako Ikasle Ohiak taldeko gazteei. Sinbolismoz beteriko momentua izan zen, baina inauteri giroa ahantzi gabe. Lehen dantzak hasi ziren momentuan buhame batek atsedenaldia bukatu dela adierazten duen txilina jo eta «denak ikastolara» egin zuen garrasi. Buhameek beren agerpena egiteko haurrek erabiltzen dituzten triziklo eta bizikleta txikiak baliatu zituzten, egindako bidea erakutsiz.

Maskaradak Sohütan hasi dira aurtengoan, baina abiapuntua 1972an Maulen ikastola sortu zenean dagoela esan ahal da, baita 1996an herriz aldatu eta egungo eraikuntza ederrera joan ziren unean ere. Txorrotxen nesken bikoteak horrela adierazi zuen irakasle izan zituztenei eskainitako peredikuan: «Maskarada egiten ari garen anitzek euskara dugu hemen ikasi».

«Peredikuan aipatu dugu eta jokoan ere sartu dugu berrikuntza izan delakoz. Geroz eta gehiago maskaradak euskararen menderatzearen muga atzematen ari dira, kargu nagusietan euskara menderatzen duten pertsonak eman behar baitira, baina guk ez dugu muga hori. Lehen aldikoz maskaradari guztiak euskaradunak gara, eta hori maleruski berrikuntza bat da», adierazi zuen Maddi Erreçaret kauterak.

«Bigarren berrikuntza emakumeen lekua izan da. Usaian dantzari egiten dute, eta duela hiruzpalau urte xorrotxetan sartu ziren. Baina guk erabaki dugu buhame eta kauteretan ere ematea. Buhameen kargu nagusia emakume batek egiten du», azaldu zuen Maddi Erreçaretek.

Xantiana Etchebestek egiten du buhameen nagusiaren papera: «Tradiziotik nahi genuen urrundu, berrikuntza zenbait egin eta horretan da ni emaztea izatea, baita kauterak ere». Bere paperari buruz horrela mintzatu zen Etchebeste: «Zailena peredikua idaztea izan da, ez dugu sekulan egin eta oso denbora gutxi izan dugu. Jokoan sartzea aldiz aise da, joaten uztea da. Astakeriak egitea beharrezkoa da kontaketan nahasteko».

Berrikuntza nabarmenetatik harago aldaketa txiki batzuk ere izan ziren atzokoan. Bi txorrotx beharrean lau izan ziren: nesken bikotea eta mutilena. Joana Etxart txorrotxak horrela azaldu zuen arrazoia: «Buhameak neskak izatea naturaltasunez etorri da, gogoak ekarrita. Guretzat ere horrela izan da, lehenik bazen gogoa eta gero, sobera ginenez, erran dugu bi bikote izaten ahal zirela».

Maskaradaren estetikak ere izan zuen berritasuna. Betiko jantziek look modernoagoa aurkeztu zuten Joana Etcheverryren eskutik. Parisen estilismoa ikasten ari denez pertsonaia batzuei aldaketak egin zizkien. «Pitxu oso erromantikoa denez, bihotz handiarekin horren irudia eraman dut gibelean eta lore handi bat aitzinean», azaldu zuen. Pitxu Bortukoak horrela erakutsi zuen bere bihotz handi eta umorez betea: «Oihanean bakarrik mintzatzen nintzen kabalekin jostatzeko. Baina jaitsi naiz herrira Maritxu bat atzematera, eta, atzemanen dudalarik, momentu azkar batean lorea emanen diot».

Berrikuntza anitz baziren ere tradizioa hor zen. Prestaketa lana, azken momentuko urduritasuna, aurrera joan ahalako mozkorkeria, eta, noski, Zuberoako dantza apartak eta betiko kutsukeri ulertezinak. Dantzariek beraien banakako dantzaldiak egitean ikusleen artean «ederra» entzun zen behin baino gehiagotan. Artearen edertasunetik harago lagunarteak ere zenbait txalo zaparrada ekarri zituen. Jaunarena egin zuen Julien Lucuixen kasuan, esaterako, lehen barrikadan dantzatu ostean gogor txalotu zuten lagunek bere esperientzia ezaren berri izanik. Laugarren barrikadarako, «ari zara trebatzen, baduzu estiloa» entzun zuen.

Zailtasunen artean, Lucuixek honakoa aipatu zuen: maskaradariak herri ezberdinetakoak izanik, dantza eskola bakoitzeko pausuak beteratzeko izandako lana. Maite txorrotxak urduritasuna izan zuen mintzagai: «Pixka bat beldurgarria da, denbora gutxi izan dugu prestatzeko. Kontent gara plazan ateratzeko, baina ximiko egiten du».

Biharamuneko kritikak

Ikastolako gazteek egindako tradizioaren berrikuntzak zuberotarren artean izanen duen oihartzunari buruz horrela mintzatu zen Maddi Erreçaret: «Badakigu kritikatuak izanen garela, berrikuntzagatik, elkarte bat garelako eta ikastolakoak garelako. Baina guk euskaraz emanen dugu maskarada, niretzat euskararen besta da eta xiberotar guztiek horrela ikusiko dutela espero dut».

Denek kritikak nolakoak diren ikusteko itxaron beharko dela adierazi bazuten ere, orokorrean iniziatiba positiboki hartua izan da Zuberoan. Hokiko ostatuko nagusia den Marie-Jo Élichalt oso argia izan zen bere baieztapenetan: «Arras ongi iruditzen zait, eta lan hori hartzea preziatzen dut». Okindegian igandeko kalakan ari ziren erosleen artean, berriz, oniritziarekin batera euskararen ezagutza eza zen nabarmena. Kritikarako bide laburra beraz.

Maskarada Sohüta aldera hurbiltzean maskaradariei harrera egiteaz arduratzen den Xiberoko Zohardia taldeko Maider Heguiaphal eta Marion Malbertek ikastolako gazteen lana preziatu zuten. Lehenak lan horri esker «tradizioa berpizten» dela agertu zuen, eta, bigarrenak, berriz, «euskararen eskola eta euskal tradizioaren euskarri» denari atxikitzeak duen garrantzia azpimarratu zuen.

Euskal Herriko inauterien eta bereziki maskaraden argazkiak egiten urteak daramatzan Eliane Heguiaphalek horrela adierazi zuen bere kezka: «Hastapenean beldur nintzen denak gazteegiak izanen zirela, baina ontsa da, adin guztietarik bada». Aurtengo aldaketak ekarri duena ere azpimarratu zuen: «Dantza eskola guztiak badituzu eta hori arras ontsa da, eskola bakoitzak baditu bere puntuak».

Kritikak beti kritikagarri. Kritikatu edo ohoratzeko lehengaia izan nahi dutenek hurrengo asteetan aukera izanen dute maskarada ikusteko. Heldu den asteburuan Muskildi-Urdiñarben eginen da. Ondoren, Lexantzün eta Barkoxen, maiatzaren 6an Gamere-Zihigan bukatzeko. Maiatzaren 13an, berriz, barrikadak eskainiko dituzte Herri Urrats festan.

 
 
 
Ijitoen Nazioarteko Egunean hasi dira buhameak protagonista dituen besta

Nicole Lougarotek maskaradak ijito, buhame, tzigane edo romen bestak zirela defendatzen duen teoria plazaratu zuen «Bohémiens» liburuan. Aurtengo antzerki zuberotarraren lehen emanaldiak Ijitoen Nazioarteko Egunarekin bat egin zuen atzo. «Kointzidentzia ederra izan da. Hala ere, maskaradak ikusten ditudanean ez dut besta giroa sentitzen, ijitoekiko alde aski arrazista dagoela iruditzen baitzait», baieztatu zuen idazleak.

Aditu gehienak ez datoz bat Lougaroten teoriarekin, beraien aburuz landa inguruko erritu europarra da maskarada. Aldiz, idazleak bestelako arrazoiak plazaratzen ditu. «Errumania-Moldavian izan naiz eta han maskarada bera atzeman daiteke, bereziki buhameen errepresentazioari dagokionez. Beraiek dituzte protagonismo handiena duten pertsonaiak. Ziur naiz beraiek sortutako besta dela; ijito herriak espektakulua egitea eta bere buruaz irri egitea maite du. Moldavian badira ere tziganoen maskaradak, baina ezberdina da norberak bere buruaz barre egitea edo besteek zure karikatura bat egitea».

Buhameak pasatu ziren tokietan maskarada egiten dela diote adituek, baina, Lougaroten aburuz, batez ere ijitoak instalatu ziren tokietan garatu da gaur egunera arte atxiki den ohitura hau. «Muga tokiak dira, Zuberoa bezala, horrela toki batetik botatzen zituztenean bestaldera joaten ahal ziren», azaldu du Nicole Lougarotek.

Italia eta Portugal iparraldean, Kantabrian eta Bulgarian, esaterako, zenbait ezaugarri komun dituzten maskaradak atzeman daitezkeela azaldu du Lougarotek. Hori bai, Zuberokoarekin antz gehien duena Errumania-Moldaviakoa dela azpimarratu du.

p056_f01_203x136.jpg

Dokumentuaren akzioak