Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Tradizioak mantentzea, gure esku

Dokumentuaren akzioak

Tradizioak mantentzea, gure esku

Larunbat honetan hasiko dira Lizartzako inauteriak, gibel jatearekin hasiko dituzte jaiak eta datorren asteburua inauteri dantzena izango da.

Landa eremuak hobeto eutsi die ohiturei. Juan Garmendia Larrañaga etnografo eta historialari tolosarrak zioen hori. Tolosako inauteriak eta hiri handietako inauteri jaiak gizartearen joan-etorriekin batera moldatu dira, baina badira ohitura zaharrei, tradizioari, eutsi dioten herriak. Horietako bat da Lizartza. «Lizartza esaterako, lehen bezain txikia da. Aldatu dena joan-etorriak egiteko bizkortasuna da, eta hala handiak txikia jan du. Hau kaltegarri da herrian festarako, baina bestela, herri bezala mentalitatea ez da aldatu, iñauteriaren izatera ere ez», zioen artikulu batean Garmendia Larrañagak.
Egilea
Rebeka Calvo
Komunikabidea
Tolosaldeko ataria
Tokia
Lizartza
Mota
Albistea
Data
2017/02/08
Lotura
Tolosaldeko ataria

Ohiturei heltzen diote, beraz, Lizartzan, baina ez da kasualitatea. Ez da bakarrik etorri den zerbait. Otsolar dantza taldeak du errua, duela 24 urte herriko altxor hori berreskuratzeko hasi baitzen lanean. «Gerra garaian, beste hainbat herritan bezala, inauteriak ospatzeari utzi genion Lizartzan, eta 1993. urtean hasi ginen berriz ere inauteriak berreskuratzen», esan du Otsolar dantza taldeko Malentxo Arrospide Arratek.

Aurten, hortaz, 24 urte beteko ditu Lizartzako inauteri jaiak, eta ohiturari jarraiki, bi asteburutan banatuta ospatuko dute txantxo eta dantzarien festa. Datorren larunbata, hilak 11, txekorraren larunbata izango da eta horrela emango diete hasiera inauteriei. Lehen larunbateko protagonistak izaten dira txekorra, jaietarako izendatzen dituzten udal ordezkari bereziak, herri antzerkiko antzezleak eta Otsolar dantza taldeko dantzariak.

«Garai batean txekorra hiltzen zen eta hortik izena», azaldu du Otsolar dantza taldeko Eli Ferrero Bengoetxea gazteak. Gaur egun, txekorra herrian bertan ez dutela hiltzen gehitu du Arrospidek. «Azken urteetan hiltegian hiltzen dugu, lehen plazan egiten zen», gogoratu du.

Txekorra plazan bertan hiltzea ez da posible, baina garai bateko ohiturei jarraitu asmoz, «tradizioa mantentzeko», antzerki moduko bat egiten dutela esan du Arrospidek. «Txekorraren parodia egiten dugu; zertarako zen, zergatik... Agintari berezi batzuk ere izendatzen ditugu eta horiei baimena eskatzen zaie txekorra hiltzeko».

PARODIA

Antzerkia eguerdian izaten da, pilotalekuan, baina aurten ordu laurden bat lehenago joatea ere aholkatu dute, frontoiaren atarian zerbait berezia egingo baitute; «gure esku dago hiltzea edo ez hiltzea...», ideia horretatik abiatuta egingo dute aurtengoan, parodia. Aurten 8 bat antzezlek hartuko dute parte herri antzerkian eta ondoren, urteroko moduan, Otsolar dantza taldekoek emanaldia eskainiko dute. Txekorraren larunbata kantu poteo batekin amaitzen dute urtero. Kantu poteo berezia da, izan ere, lizartzarrak badute musika tradizio handia, musikari bat baino gehiago eman du Lizartzak; «Kaxiano, bere anaia Manolo, Jesus Mari Esnaola... duela urte batzuk akordeoi-jotzaile asko genituen, gaur egun ere badira musikariak, baina beste instrumentu batzuk jotzen dituzte», gogoratu du Arrospidek. Kantu poteoan Kaxianok, Manolok eta beste musikari batzuk inauterietarako konposatutako 14 kantak abestuko dituzte.

Baina nondik dator txekorraren larunbataren ohitura? «Otsolar taldean bazegoen kide bat tradizio horiek guztiak bizitu zituena. Beste gauza batzuk bere gurasoengandik jaso zituen. Berak esan zigun nola gogoratzen zuen gaztetan denak biltzen zirela inauteriak egiteko. Dantza propioak ditu Lizartzak eta horren inguruan egiten ziren inauteriak. Gazteak baserriz baserri ibiltzen ziren dantzan eta puskak biltzen eta hori dela eta, jakia izan zezaten, inauteriak baino aste bete lehenago txekor koxkor bat hiltzen zuten. Horrekin jakiak prestatu eta egunero izaten zuten otordua. Dantzak ez baitziren egun bakar batean egiten; larunbata, igandea, astelehena eta asteartea ere dantzan ematen zituzten. Eta horretarako, indarra edukitzeko edo, hiltzen zuten txekorra. Guk ere hori berreskuratu nahi izan genuen, baina ez bakarrik dantzarientzat, baizik eta herri osoarentzat. Inauteri igandean izaten dugu txekor jatea».

INAUTERI ASTEBURUA

Txekorraren larunbatarekin hasten dira Lizartzako inauteriak, baina ez da hor bukatzen jaia. Hurrengo asteburuan, aurten otsailaren 18 eta 19an, izaten dira inauteri dantzak, Lizartzakoak direnak, bereziak.

Goizean goiz hasten da errituala. Txantxo eta dantzariak ateratzen dira inauteri larunbatean puskak bildu eta baserriz baserri dantzatzera. Zuriz jantzita joaten dira xal koloretsuak soinean dituztela. Gerrikoak eta txapelak gorriak dituzte eta espartin zuriak ere zinta gorriekin lotzen dituzte. Alkandorako bularraldean pitxiak izaten dituzte, «garai batean bakoitzak zituen pitxiekin apaintzen zituzten», gogoratu du Ferrerok. Garai batean mutilen dantzak ziren inauterietakoak, beste asko bezala, baina gaur egun, neskak ere ateratzen dira. «Janzteko ere bazeukaten bere errituala: andregaiak edo emakumeren batek jantzi behar zizkieten xalak dantzariei», gogoratu du Arrospidek.

Aurten bi talde atera nahi dituzte, horretan ari dira, jendea lotzen, baina gutxienez zortzikote bat atera ohi da. Zortzi dantzari eta baita kapitaina eta sarjentua ere. «Sarjentua aurretik joaten da ezpata moduko batekin eta kapitainak ere makil txikiago bat eramaten du. Espenseroa atzetik joaten da dantzatzeko erabiltzen diren makilekin eta palekin», esan du Arrospidek. 9 bat dantza izaten dira eta guztiak «berdintsuak» direla diote Otsolar dantza taldekoek, baina «keinu bereziak» dituzte bereizgarri.

Inaute dantza berezi hauek larunbatean baserriz baserri egiten dituzte. 07:00etan ateratzen da diana eta 07:30k aldera gosaltzen dute elkartean. «Txantxo eta dantzariak biltzen dira elkartean eta goiza baserriz baserri puskak biltzen eta dantzan ematen dute. Hamaiketakoa baserri batean egiten dute. Baserrikoen eta elkartearen artean prestatzen dute hamaiketakoa eta atsedenaldia izaten da. Ondoren, elkartu eta puskak biltzen eta dantzan jarraitzen dute. Ospela egiten dute lehenik eta egutera gero. 13:30ak aldera herri sarrerako zubira joaten dira eta han kalean mozorrotuta egon direnekin elkartzen dira. Kalejiran joaten dira denak plazara txarangak lagunduta». Inauteri larunbatean herri bazkaria ere egiten dute pilotalekuan, bakoitzak jatekoa ematen du eta herritar asko biltzen dira bertan, «geroz eta jende gehiago joaten da», esan du Ferrerok. Iluntzean taloak erretzen dituzte indarberritu eta jaian jarraitu ahal izateko.

INAUTE IGANDEA

Lehen egun horretan inauteri dantza bereziak baserriz baserri egiten dituzte, eta hurrengo egunean, inaute igandean, kalean egiten dituzte. Garai batean jaia mezarekin hasten zen, agintari bereziak eta dantzariak mezetara joaten ziren eta gero joaten ziren puskak biltzera eta dantzara. Gaur egun, urteen poderioz, ohitura hori eraldatu egin da, eta jada ez dira mezetara joaten. «Igandean kaleko puska biltzea egiten dute eta 13:00etan plazan egiten dituzte inaute dantzak».

Lehen asteburuan hildako txekorra ere igandean jaten dute. Hori da inauterietako bazkari nagusia. Herritarrak pilotalekuan biltzen dira, bazkarirako txartelak erosita. Eta bazkaria lehengo erara mantentzen dute: lehenengo garbantzuak jaten dituzte eta gero txekorra, «baina txekorraren onena, txuletak eta saiheskiak».

BAZKARI BEREZIA

Bazkalostea girotze aldera Otsolar dantza taldekoek hainbat gauza egin dituzte azken urteetan; dantzak, bertsoak, jokoak... Aurten apustu berezia egin dute eta Tio Teronen Semeak taldea izango dute. Euskal dantza tradizionalak eta umorea uztartzen dituen taldea da eta Freshcool emanaldiarekin Euskal Herri osoko plazak zeharkatu ondoren iritsiko dira Lizartzara. Herritar guztiak bertaratzera gonbidatu dituzte Otsolar dantza taldekoek.

Bazkalostea sari banaketaren unea ere izaten da. Hainbat sari banatzen dituzte; 14 urtetik gorako gazteen artean, taldeka, oilaskoak banatzen dituzte, apaindutako balkoirik politenari ere ematen diote saria.... Baina sari nagusia Luzea saria da. Helduen artean banatzen dute eta jaia antolatzen lanean aritutako talde bati esker ona adierazteko modua da. «Inauterietan lan berezia egiten duen talderen bati ematen diogu. Bazkaria erretzen aritzen direnei eman genien iaz, Manolori ere eman genion... Aurten ere laguntzaile berezi bati emango diogu». Orain 15 urte hil zen herriko Luzeren omenez jarri zioten izena sari nagusiari eta txantxo edo dantzari baten buztinezko figura bat da banatzen dutena.

Aurki mende laurdena beteko da Otsolar dantza taldeak herriko inauteri jaiak berreskuratzeko apustua egin zuenetik eta jada antolakuntzan aldaketa garaia ere iritsi dela dio Arrospidek. «24 urtek euren faktura pasatzen dute eta hasierako gazte taldeak bere bidea hartu du. Belaunaldi berriak iritsi dira eta horrek aldaketak ekarri ditu, inauteriak bizitzeko beste modu bat». Ea taldea biziberritu eta Lizartzako inauterien soka ez den eteten.

Dokumentuaren akzioak