Dokumentuaren akzioak
Tradizioak gordetzen
Badira 500 urtetik gora Ordizian Santanazaleen Eguna ospatzen dutela. Iazko festetatik hona ezkondu diren herriko bikoteek esku dantza egiten dute herriko plazan.
Tradizio handia duen egitasmoa da, 1509tik egiten dute, eta iazko festetatik hona bitartean ezkondu diren bikote ordiziarrak dira protagonistak. Aurtengoan, 11 bikotek hartu dute parte: «bikotekide bat herrikoa izatea nahikoa da dantza egin ahal izateko», zioen ekitaldia noiz hasiko zain zegoen Jesus Mari Larizek, Ordiziako Udaleko Jai eta Azoka Berezien arduradunak. Gainera, atzotik Santanazaleen Kofradiako kide dira dantzari guztiak. Larizek ondo ezagutzen du egun hori, 1977an berak ere dantzatu baitzuen. «Egun polita» dela zioen: «Bikote asko daude dantza egitera animatzen ez direnak», gehitu zuen.
Meza bereziarekin hasi zuten eguna. Ondoren, udaletxean egin zuten bigarren geldialdia. Areto nagusian sartu ziren dantzari guztiak esku hartuta, bata bestearen atzetik, bikoteka kokatuta. Haien buru Jose Miguel Santamaria, herriko alkatea. Alkatearen hitzak entzun ostean, Joseba Juarez dantzariaren familiari omenaldia egin zioten: dantza eta oroigarria. Minutu bateko isilunearekin bukatu zen ekitaldia. Amaitutakoan, hasi ziren txistu doinuak. Beherantz abiatu ziren gizon dantzariak.
Emazteak udaletxeko balkoian geratu ziren, berehala gizonezkoak plazara iritsi ziren, emakumezkoen soaren pean. Santamariak azaldu zuenez, «etxezainak» irudikatzen zituzten kalejiran lehena eta azkena zihoazen gizonezkoek: «Aurreskua eta atzeskua dira», zehaztu zuen. Buruan txapela zuten bakarrak ziren haiek.
Lehen dantza aurreskuak egin zuen, udaletxeko balkoira begira. Herriko alkatea, Santamaria, emakumeen artean zegoen, goian, erdian. Hurrengoa zubi dantza izan zen. Goiz osoan errepikatu zen dantza. Jarraian, desafioa egin zuten aurreskuak eta atzeskuak. Bata bestearen parean eta gainerako dantzariak atzean. Eskutik helduta, serio, haiei begira.
Plazako giroa berotuta zegoen dantzariak agertu zirenetik. Dantza bakoitzaren amaieran txalo zaparrada zetorren. Bazegoen eserlekuen gainean zutik zegoenik ere, lurrean egonez gero ikusiko ez lukeelako edo besterik gabe irudia zabalago miresteko. Ia lehenengo ilaran zegoen Mari Carmen Barandiaran. Ordizian bizi bada ere, ez du esku dantza ikusteko ohiturarik, baina «egun polita» dela zioen. «Tradizio handiko eguna da, aspalditik egiten delako, eta aurrerantzean ere gorde egin behar da», gehitu zuen Barandiaranek. Aurten herriko erretiratu mendizale talde batek esku dantza hori Iruñera eraman duela ere esan zuen, irribarrez.
Emakumeen jaitsiera
Laugarren dantzarekin hasi ziren, eta lehen emakumea—aurreskuaren emaztea— jaitsi zen udaletxeko atarira. Lau gizonek babestuta egin zuen, eta plazan sartu ziren bostak. Bira pare bat eman zituzten plazan. Emakumea pozik zegoela sumatzen zen, irribarretsu begiratzen zien ikusleei. Plazaren erdian geratu, eta agurra dantzatu zion senarrak. Dantza bukatutakoan, sokan sartu zen emaztea, zapi zuriak erabiliz eskua eman ordez.
Atzeskuaren emaztea izan zen plazara sartzen bigarrena, eta sokan sartu aurretik lehenengoak egindakoa egin zuen. Lau gizonekin hasi, eta zapi zuria eskuan hartuta sokan sartzeraino. Jarraian, gainerako emazteak sartu ziren, haiek ere babestuta, eta sokan beren lekua hartu zapi artean kokatuz, bakoitza bere senarraren ondoan. Jendea bero zegoen artean, eta txalo artean oihurik entzuten zen dantza eta dantza artean. Dantzariei animatzeko oihuak: «Ana, guapa!». Irribarre lotsatia egin zion dantzariak lagunari, eta berean jarraitu zuen.
Dantzaldiko protagonista guztiak plazaren erdian zeuden jada, eta aurreskuaren eta atzeskuaren arteko bigarren desafioa hasi zen. Zubi bat gehiago dantza bukatutakoan, eta zortzikoaren txanda. Sokako lehenak eta azkenak, hurrenez hurren, beren emazteei dantzatu zieten zapi zuria helduta, askatu gabe. Emaztearen parean jarri eta zortzikoa dantzatu zuten. Plazako dantzak amaitzeko, ohitura onak gordez, fandangoa eta arin-arinaren ordua. Guztiek batera dantzatu zuten dantza bakarra izan zen. Ikusleen artean zen Lazkaoko Maddi Garmendia, «lehengusuak dantza nola egiten duen ikustera etorri naiz». Haren hitzetan, «hankekin trakets xamarra», baina ondo ikusi zuen familiartekoa. Guztiak txukun ibili ziren, oro har.
Plazako eginbeharrak bukatuta, herriko alde zaharrean zehar itzulia egin zuten. Esku dantzarekin jarraituz, zapi zuria bata bestaren artean, kaleetan murgildu ziren, plazan ez zeuden herritarrek ikus zitzaten.
Barrena jauregiaren parean izan zen geldialdietako bat, lehena. Han, arin-arina eta fandangoa dantzatu zituzten. Eguna amaitzeko, bazkaria egin zuten. Tradizio handiko ekitaldia jaiak behar bezala bukatzeko.
Dokumentuaren akzioak