Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Tradizioak emazteei esker eutsi dio

Dokumentuaren akzioak

Tradizioak emazteei esker eutsi dio

Egilea
Unai Brea
Komunikabidea
Argia
Mota
Albistea
Data
2008/04/28

2006an, Zuberoako Aitzindariak elkarteak Aitzina Pika ikusgarria aurkeztu zuen Maulen, eta ondoren Euskal Herri osoan zabaldu. Zuberoako dantza eta kantuan oinarritutako sorkuntza zen, eta herrialde osoko hainbat herritako gazteek hartu zuten parte bertan. “Neskatilek salbatü die dantza Xiberoan”, zuten leloetako bat.

“Duela hamabost bat urte, memento batez, ez zen haboro mutikorik dantza eskoletan ez eta dantza taldeetan”, oroitzen du Patrick Queheille “Kanpo”-k, Aitzina Pika-ko zuzendariak. Garai hartan, neskek bete zuten mutilek utzitako zuloa eta, “Kanpo”-ren zein beste askoren aburuz, zuberotar dantza salbatu. Ez maskarada bakarrik, baita pastoralak eta sorkuntza berriak ere.

Luzaroan zuberotar emakumeek debekatuta izan zuten plazan aritzea. Duela 30 urte inguru gauzak aldatzen hasiak ziren, astiro bada ere: baziren emakumezko dantzariak Zuberoan, baina gutxi. Hamabost baino gehiago ez, Queheilleren esanetan. Garai hartan, 1979an, eman zen Etxahun Iruriren Ximena pastorala eta jokalari guztiak emazteak izan ziren. Baina duela hogei urtera arte ez zuten emakumeek hartu gaur duten protagonismoa. Halabeharrez hartu ere. Mutilik ez zen, kultura ahantzia baitzuten beste eginkizunetan aritzeko, kirolean batez ere.

“Nire ustez, emazteak berdin sartuko ziren, mutil faltarik izan ez balitz ere”, dio Queheillek. Azken batean, emakumeek lekua aurkitu dute bestelako arlo batzuetan, eta dantza ez da salbuespena. Azken hamar urteotan, mutilak hasi dira berriz dantzan, baina neskak gehiago dira oraindik. Eta gizonek utzitako zuloa bete ez ezik, ekarpen handia egin diote zuberotar kulturari. Esaterako, dantza egiteko teknika garatu dute. Zuberoako dantzek, gizonek eta gizonentzat sortuak izaki, indar handia eskatzen dute zenbait jauzi eta urrats egiteko; neskek, horren faltan, teknika hobetuz bide berriak zabaldu dituzte. Eta bikain urratu dute bide horiek. Gaur egun, herrialdeko dantza irakasleen erdia, gutxi gorabehera, emakumeak dira.

Zer iritzi dute zuberotarrek?

1992an, Eskiulako herriak maskarada berezia antolatu zuen: parte hartzaile guztiak emakumezkoak ziren. Kepa Fernandez de Larrinoa antropologoak aztertu egin zuen zer nolako harrera izan zuen saio hark Zuberoan. Hasieran askok ezin izan zuten irentsi, azkenerako onartu egin zuten gehienek.

Baina eztabaida nagusia ez zen neskek dantza egin zezaketen ala ez –ordurako ohikoa baitzen hori–, betidanik mutilek egindako rolak joka ote zitzaketen baizik. Duela urte batzuk, esaterako, nekez ikus zitekeen zamaltzain neskarik, eta oraindik ere, ahal dela mutil bati ematen zaio zeregin hori. Adierazgarriagoa da beste pertsonaia batzuen adibidea. Esaterako, 92an izan ezik ez da emakumezko Pitxu edo Kabanarik izan, eta oso gutxitan emakumezko buhamerik. Xorrotxak ere, eskiulatarrak salbu, beti gizonak izan dira iaz arte, eta gauza bera esan genezake musikariez. Orain arte sekula ez da izan mutil faltarik pertsonaia horiek jokatzeko, beraz mutilek jokatu dituzte. Genero-bereizketa lerro batek indarrean segitzen du maskaradan, Oier Araolaza dantzan.com webguneko arduradunak 2005ean zioenez.

argazkia

Iñaki Zugasti - Dantzan.com

Dokumentuaren akzioak