Dokumentuaren akzioak
«Tradizioak bezala, dantza maisuaren figura moldagarria da»
Iazko urtarrilean zendu zen Xabier Sarriegi Olano Pasatxo, 42 urtez Beasaingo (Gipuzkoa) dantza maisua izandakoa, eta, hala, herriko figura bat galdu zen. Aurtzaka dantza taldekoek proposatuta zuzendu du haren ilobak, Bira produkzioak-eko Mikel Alvarezek (Beasain, 1982), Azken dantza maisua dokumentala. Gaur zortzi egingo dute aurrestreinaldia, Beasaingo Usurbe antzokian, eta Euskal Herrira zabaldu nahi dute gero.
Molde zaharreko azken dantza maisua zen Sarriegi. Zer esan nahi du horrek?
Figura bat da dantza maisua, eta dantza taldeetatik independente mantentzen da. Beasainen, jaietako bi dantza ohiturekin dago lotuta: San Martingo prozesioa eta sokadantza. Dantza taldeen ordez, maisu batek prestatu izan ditu haurrak egun horretarako.
Nola irakasten zuen dantza?
Adituek aipatu digute duela 400 urte dantza tratatuetan agertzen zen moduan irakasten zuela Pasatxok dantza Beasainen duela bost urte; sinestezina da. Ilaran jartzen ziren ikasleak, eta banan-banan egiten zuten dantza, haren aurrean. Maisuak momentuan zuzentzen zien, eta esaten zien zer hobetu hurrengorako; orduan, hurrengoaren txanda hasten zen. Izaskunek [Salazar, Aurtzaka dantza taldeko kidea] aipatzen zuen hor konexio berezi bat sortzen dela, bere bizitzako momentu bat zuri bakarrik eskaintzen zizulako.
Osaba zenuen Sarriegi. Nola eraman duzu hori dokumentala egiteko orduan?
Aurtzaka dantza taldekoen ideia izan da dokumentala egitea, eta, egia esan, bizitza guztian eskertuko diet. Oso prozesu hunkigarria izan delako; barrenak mugitu dizkit. Nire ama, nire osabak, nire lehengusuak... elkarrizketatu ditut.
Tradizioaz aritu zarete, eta gertukoak elkarrizketatu dituzu. Arduratu zaitu horrek?
Egia esan, aurreiritzi asko neuzkan. Ez naiz batere tradizionalista, baina ikusi dut tradizioan sartuta dagoen jendeak nik uste baino askoz ere begirada zabalagoa daukala. Hori izan da ondorio nagusia: nik tradizioa begiratzen nuen zerbait estua bezala, hertsia, baina gero ikasten duzu tradizioak moldagarriak direla. Eta tradizioa moldagarria den bezala, dantza maisuaren figura ere moldagarria izango da.
Futbola agertzen da teaser-ean.
Ezer baino lehen, audio elkarrizketa batzuk egin genituen. Horietan errepikatzen zen elementuetako bat zen futbola. Izan ere, dantza taldeek badute ardura bat: mutilak bereziki futbolak ateratzen dituela dantzatik. Gainera, kasu honetan, familia ohitura baten azken kate burua izan da osaba. Haren aurretik aitona zen maisua, eta gero sartu zen bera. Beraz, gero, denak nire lehengusu Josebari begira zeuden.
Baina Joseba futbolaria da.
Bergaran [Gipuzkoa] jokatzen du, eta bere bizitzako anbizioa beti izan da futbolean aritzea. Hor zerbait elkartu zitzaigun. Eta hau ere esaten ziguten: normalean, dantzari onak izaten dira futbolean onak direnak, gorputzaren domeinu hobea dutenak, trebeak direnak... Hortik tiraka, landu ditugu maskulinitate hegemonikoa eta haurrek aukeratzeko orduan dituzten presioak ere.
Zergatik galdu da maisuaren figura?
Garai batean, izugarrizko lan baldintza onak zituzten. Azken urteetan, prekarizazioak ekarri du jendeak lanpostu hori ez edukitzea, eta, orduan, dantza taldeek asimilatu egin dituzte. Eta ez da txarra, dantza taldeek bete dute hutsik geratzen ari zen leku bat. Baina bide horretan galdu da figura bat, eta hori da egiten genuen galdera: zer gertatuko da orain ohitura horrekin?
Eta zein da erantzuna?
Ez dut askorik aurreratu nahi. Pelikula ikustera gonbidatuko dugu jendea.
Dokumentuaren akzioak