Dokumentuaren akzioak
«Tradizioak asmatuak dira: apurtu daitezke»
Amaia Aroma. Txistularia
Behin eta berriro errepikatzen du ideia bera elkarrizketan: «Nik ez nuen aparteko ezer egin». Egia da, Amaia Aromak (Durango, 1936) txistua jo zuen Euskal Herriko hamaika plazatan hogei urtean. Beste askok egin duten gauza bera egin izan du bi hamarkadaz. Baina ohiko jarduera bat egin izan arren, aitzindaria izan zen. Eta hori ere onartzen du berak. Izan ere, Bizkaiko plazetan txistua jo zuen lehen emakumea izan zen. Jaioterrian omenaldia egin zioten martxoan, Durangaldeko 60. Txistulari Egunaren barruan. Gustura agertu da Aroma omenaldiarekin, «egun polita izan zen». Omenaldia datorkio orain, hastapenetan begirada txarrak jaso zituen txistulari aitzindariari. «Baina babes handia ere izan nuen».
Zein da musikarekiko daukazun lehen oroitzapena?
Etxean ez zegoen musika askorik, egia esan. Aitak kantatzen zuen, eta osabak, bestetik, bazekien musika. Baina ni izan nintzen gure etxean solfeoa ikasten lehena, eskolan eskaintzen hasi zirelako. Pianoa ikasten hasi nintzen, eta horrela hasi nintzen musikan.
Bazenuen gogo berezirik?
Tira, pianoa beti gustatu izan zait. Etxean ez zegoen piano bat erosteko dirurik, beharginen alaba naizelako. Lagun bat banuen pianoa zuena etxean, eta han praktikatzen nuen batzuetan. Horrela ikasi nuen pixka bat, baina gerora ez nuen jarraitu. Solfeoak balio izan zidan ondorenerako, hori bai. Baina besterik gabe, kontzertu batzuk emateko ongi, baina ni ez nintzen Chopin bat izan.
Gustuko al zenuen?
Bai, oso. Musika kontua gustatzen zitzaidan. Erraztasuna izango nuen, ez dakit, horretarako orduak sartu behar direlako. Eta pianorik eduki gabe, alferrik da. Etxean eduki izan banu, ezberdina izango zen, baina hor geratu zen.
Pianoa handia da; txistua, aldiz, txikia.
Noski! Dantza talde baterako txistularirik ez zegoelako hasi nintzen txistua ikasten.
Nola izan zen hasiera hura zehazki?
Ba hori, Andra Maria elizan Garbi Alaiak dantza taldea sortu genuen, baina txistularirik ez. Txistularirik gabe hasi ziren, herrian zeuden biek astirik ez zeukatelako. Egia esanda, ez dakit zergatik bidali ninduten ni txistua ikastera. «Zuk joko duzu!», esan zidaten, eta hor joan nintzen. Solfeoa eta pianoa ikasiak nituen, eta hori sasoi hartan ez zen oso ohikoa. Ikusi zuten modua baneukala, eta horrela hasi nintzen, beharrizanagatik. Dantza taldearekin ibili nintzen, baita kontzertu batzuetan ere.
Txistua irakasleren batekin ikasi al zenuen?
Bai, Murgoitirekin. Harengana joan nintzenean, pentsatzen zuen ni denbora pasatzera joango nintzela, ez nuela jakingo txistua jotzen. Izan ere, aurretik izan zuen beste neska bat, eta hura segidan nekatu zen. Beraz, pentsatu zuen nik ere berdin egingo nuela. Baina ikusi zuen modua banuela, solfeoa neukalako. Euskal Herriko txistulari onena izango nintzela esaten zidan berak. [Barreak]. Bai, nirekin gogobetez aritu zen ondoren.
Dantza taldearekin hasi zinen ondoren.
Bai, hala izan zen.
Plazara irten zinen lehen emakume txistularia izan zinen, eta arazorik izan zenuen. Bilbon bertan debekatu nahi izan zizuten txistua jotzea...
Bai, duela 50 bat urte edo izango zen hori abuztuko kontzertuetan. Polemika bat izan nuen: bertan egin behar zuten alardera joateko eskatu bainuen, eta ez zidaten utzi. Ahizpa haserretu zen, eta gutun bat idatzi zien emakumeek ere txistua jotzeko eskubidea daukatela esanez. Azkenean onartu ninduten, eta ni lotsatuta, ehun gizon ingururen artean andrazko bakarra. Bilboko kaleetan desfilatu genuen, eta, ondoren, Areatzan jo genuen. Ahizpa bertan zegoen, dena ikusten, pozik.
Nola hartu zintuzten?
Orokorrean ondo. Gazteek ondo hartzen ninduten, animatuz. Baina zaharrek arraro begiratzen zidaten. Ez dakit zergatik. Ohiturak izango ziren, baina zergatik ez dugu parte hartuko bada emakumeek?
Txistua jotzeko eskua eta ahoa bazenituen, ala?
Berdin-berdin. Beste gauza batzuk izango genituen. Baina bai, betitik horrela izan zela esaten zuten. Beste instrumentu askorekin ere gauza bera gertatuko zela pentsatzen dut. Galizian gaitak ere beti gizonek jotzen zituzten, eta hor ere kostako zen seguru.
Eta, ondoren, festarik festa joaten zineten.
Horrenbeste ere ez zen, baina joaten ginen, bai. Debako euskal jaiekin oroitzen naiz. Jendeak zelako sorpresa hartu zuen. Argazkiak atera zizkiguten, gauza kuriosotzat hartzen zuten. Han ni nintzen andrazko bakarra, nebaren laguntzarekin.
Zure nebak ere ikasi zuen txistua jotzen?
Nik erakutsi nion. Ondoren, bera ere etorri zen taldera. Aroma neba-arrebak hor ibiltzen ginen txistua joz. Berak oraindik jarraitzen du jotzen.
Debako euskal jai hori nola oroitzen duzu? Halako jaien gosea egongo zen garai hartan...
Bai, izugarria. Jai euskalduna izan zen erabat, gutxi egiten ziren eta. 1960ko hamarkadan izan zen, eta Euskal Herri guztitik etorri zen jendea. Arrakasta izan zuen, lehena izan zelako. Hartan behar bat zegoen asetzeko.
1960 eta 1970eko hamarkadetan, folklorea nola ikusten zen? Zer zen zuentzat?
Dantzak aldatu egin ziren. Lehen ezpata dantzak egiten ziren Durangaldean, eta garai hartan hasi ginen gauza gehiago egiten. Folklorea beste modu batean ikusten genuen.
Testuingurua bera ere berezia zen...
Bai, sarritan beldurra pasatzen genuen txistua jotzen ari ginela.
Bai?
Bai, noski! Guardia zibilak ondoan badituzu, beldurrik izango ez duzu, bada! Sarri joaten ziren halako ospakizunetara. Kontzertuetara agian ez ziren joango, baina aurretik jo behar genituen pieza guztiak gobernadoreak ikuskatu behar zuen. Jakiteko zer jo behar genuen. Oztopoak ere jartzen zituzten askotan, txistua zelako, bertako instrumentu bat.
Sanferminetan ere izan zinen txistua jotzen, ala?
Bai. Han ere ikusmin handia sortu zen gure inguruan. Ordurako ez nintzen ni andrazko txistulari bakarra, Durangoko hiru joaten ginen. Eta jendeak argazkiak ateratzen zizkigun. Hainbeste, postal batean ere atera ginen hiru andrazko txistulariak. Gordeta daukat oraindik postal hura, bai.
Txistularien artean aitzindariak izan zineten.
Bai, duda barik. Nik, hala ere, ez nuen Amerikarik ere, baina horretan lehena izan nintzen. Garai hartan egin beharreko borroka txikien artean beste bat izan zen.
Etxean begi onez hartu al zuten zure hautua?
Bai, bai. Aitari gustatzen zitzaion, eta amari ere bai. Etxean ez nuen arazorik izan alde horretatik. Aitak poz handiagoa izango zuen ziurrenik, nire kontzertuak ikustera joango zelako. Eta ondoren, badakizu, atera egingo zen alaba jotzen ari zela aprobetxatuz... [Barreak].
Gaur egun, oraindik ere, festa batzuetan emakumeen parte hartzea eztabaidagai izaten jarraitzen du. Zuk zure garaian hasitako bidean oraindik trabak daudela ikusita, zer sentitzen duzu?
Bai? Halako eztabaidarik ba al dago gaur egun oraindik?
Bai, Irungo eta Hondarribiko alardeetako arazoa hori izaten da funtsean, esaterako.
A, Gipuzkoan! Baina gipuzkoarrak ezberdinak dira, bereziak. Gauza batzuetan askoz ere tradizionalistagoak dira. Eta tradizio horiek nondik atera dira? Asmatu egin dira; beraz, asmatu ziren bezala, berriz apurtu daitezke. Bai, Gipuzkoan lotura handiagoa dago tradizioarekin. Eta andreak ezin joate hori, zer deabru? Orduan ere nonbait parte hartuko zuten ba, ala? Alardean, gainera, duela zenbait urte emakume asko sartzen zituzten gizonezkoek ezkutuan. Bazegoen hori egiten zuen talde bat. Baina ez dakit zergatik ez dieten uzten. Gerretan ere parte hartuko zuten, bada, emakumeek! Ez ziren heroi gisa agertuko, baina bertan egongo zirela seguru egon.
Baztanen, mutil dantzan polemika egoten da, emakumeei parte hartzen uzten ez dietelako.
Bai? Ados. Mutil dantza badago, egin dezatela gizonek bakarrik. Baina andreek egin dezatela beste bat aldamenean. Edo aurrean, behar baldin bada!
Egungo ikuspegitik egin zenuten lana ez zen txikia izan.
Atzera begiratuta sumatzen dut gauza handirik ez nuela egin, baina tira.
Omenaldia egin zizuten, duela gutxi, ordea.
Ondo joan zen, bai. Orfeoiak kantatu zuen eta guzti.
Jo al zenuen bertan?
Ez, orain jotzeko arnasarik ere ez nuen izango. Nahiago nuke ez jo.
Zergatik?
Hogei bat urtez jo nuen txistua, eta etxean arazo batzuk izan ondoren utzi egin nuen. Ez zen atsegina izan, baina hala izan zen. Gainera, jotzen hasiz gero, negar egingo nuen akaso. Nostalgia sartuko zitzaidan, eta ez dut berriz jo. Gainera, arnasa faltako zitzaidan. Kontsekuentea izan behar da. Sekulako txistularia izan banintz, ados, baina ez zen horrela izan. Txistua hemen daukat, ordea.
Eta Durangon emakume txistularirik ba al dago?
Bai, hiru edo lau badaude. Baina gaur egun txistua akademizistagoa da, aldatu egin da. Orkestretan sartu dira eta antzera. Noski, gauzak aldatu egin behar dira, bestela desagertu egiten baitira. Oraingo biolinek eta lehengoek ere ez zuten soinu bera izango, ala? Horixe ba.
Dokumentuaren akzioak