Dokumentuaren akzioak
Tradizioa ulertzeko erak
Donostiako kaldereroen jaia. Emakumeek gizonen pare parte hartuko dute larunbatean Alde Zaharreko Konpartsa Tradizionalean; batzuk gustura ez erabakiarekin, eta beste bat sortu dute
Azken urteetan, dena den, han-hemenka aurrerapauso nabarmenak eman dira, eta adibideak nonahi aurki daitezke Euskal Herriaren luze zabalean: Nafarroako Ituren eta Zubietan Zanpantzar jaietan joaldun jantzirik parte hartzen dute emakumeek; Seguran (Gipuzkoa), iaz lehen aldiz, bost urteko neskato bat, Maddi, atera zen pottoka gainean San Nikolas Txiki apezpikuz jantzita, berrehun urtez mutikoek rol hori egin arren; Zuberoako maskaradetan ere antzeko zerbait pasatu zen edota Hernaniko (Gipuzkoa) Azeri-dantzan. Donostiako kaldereroak ditugu orain, zerrenda horretan gehitu beharreko jaia.Donostiako auzo batzuetan urrats hori normaltasunez eta hautsak harrotu gabe aspaldi egin zuten arren, Parte Zaharreko konpartsa ofizialean Udalak babesten duena, emakumeek ezin izan dute orain artean gizonen pare parte hartu. Alde Zaharreko Kaldereroen Konpartsa Tradizionalean gizonezkoak bakarrik irteten ziren garai batean. Gero, emakumeari parte hartzen utzi zitzaion, ez, aldiz, gizonaren pare: zingara gisa ari zitezkeen bakarrik eta ezin zuten koroan abestu, ezta mailuarekin zartagina jo ere. Hori dela eta, iazko konpartsaren amaieran, kaldereroak Konstituzio Plazan kantuan hasi zirenean, emakume talde bat ere kantuan hasi zen beraiekin batera, protesta moduan.
Bi konpartsa
Ekimen horrek kaldereroen artean emakumearen parte hartzearen inguruko hausnarketa eta eztabaida eragin zituen. Hala, Tribu Buruen zati batek konpartsak hala banatuta daude ehun kaldererotik gora ordezkatuz, batzar nagusi batera deitzea proposatu zuen. 2004ko ekainaren 2an egin zen batzar hura; bozketa bidez, baiezkoa eman zitzaion gehiengo handiz emakumeen parte-hartzeari.
Konpartsako tribu batzuek, aldiz, ados ez erabakiarekin eta beste konpartsa bat osatzea erabaki zuten: Hungariako Kaldereroen Konpartsa Primitiboa. Emakumeak konpartsan sartzea «tradizioaren aurka» doala uste dute. Gainera, beren esanetan, kaldereroen kantuak (Raimundo Sarriegik sortuak, 1884an) gizonezkoentzat soilik eginak daude, eta horietan ez omen dute emakumearen ahotsek gizonezkoarekin bat egiten. Besteen iritzia, ordea, bestelako da: «Emakumeak geure konpartsan sartzea tradizioa zaintzeari egin diezaiokegun ekarpenik handiena da». Donostiako Udalak hasieratik emakumeen parte hartzea bultzatu du eta konpartsa mistoa Alde Zaharreko Kalderoen Konpartsa Tradizionala jo du ofizialtzat. 311 lagunek osatzen dute, eta horietatik 130 emakumeak dira. Kontuak kontu, Alde Zaharreko betiko konpartsa bitan zatitu da eta hala desfilatuko dute larunbatean, ibilbide eta ordutegi ezberdinetan Udalak zehaztu bezala: Tradizionalak 21:30ean du abiapuntua Fermin Calbeton kaletik; eta Primitiboak 22:30ean Ijentea kaletik. Gaiak, dena den, ika-mikak eragin ditu , Konpartsa Primitiboa ez dagoelako ados Udalak zehaztutako ordutegiarekin. Atzo egin zen kalderero jaiaren aurkezpena, eta bertan Denis Itxaso, Donostiako zinegotzi eta KTEko Kultura eta Turismo Ekintzetxea presidenteordea, Juanjo Perez, Alde Zaharreko Kaldereroen ordezkaria, eta konpartsan parte hartuko duten emakumeekin batera, Txaro Arteaga, Emakundeko zuzendaria, eta Julia Hernandez, EAEko Aratekoaren laguntzailea, izan ziren. Arteagak eta Hernandezek Udala eta kaldereroak zoriondu zituzten eta berdintasuna lortzeko bidean urratsak egitearen garrantzia azpimarratu zuten. Larunbatean, beraz, emakumeek nahi duten rolean desfilatuko dute, gizonek bezalaxe: kantari, dantzan batzuk, besteak panderoa jotzen eta nahi dutenak, zartaginak jotzen. Denak jai giroan eta umorez.
Dokumentuaren akzioak