Dokumentuaren akzioak
'Tradizioa sormen iturri' liburua aurkeztu du Kresala dantza taldeak
40 urtean egindako ibilbidea batzen du eta Gene Yurrek dantzari egindako ekarpenak kokatzea du helburu
Liburuak Kresalak azken lau hamarkadetan sortu duen folklore antzeztua biltzen du. Liburua egitearen zergatia azaldu zuen Aranzabalek: «Garrantzitsua iruditzen zitzaigun arrazoitutako katalogo honen argitalpenaren bitartez, Yurrek Kresala bidez burututako lana modu zehatz eta justuan kokatzea; aurrera eramandako ekoizpen eta eszenaratze zainduaren bilduma eginez». Dantzari zein zuzendari legez Euskal Herrian zein atzerrian ibilbide luzea duen artista da Yurre, eta Aranzabalen aburuz, «euskal dantza tradizionalaren esparruan erreferentzia nagusietakoa da Yurre; azken lau hamarkadetan egin duen ekarpena garratzitsua da, eta aipatzekoa euskal folklorearen historia berrian».
Aranzabalen ustez, Yurrek iraganeko mistizismoak alde batera utzi eta dantzaren egungo zentzu garaikidea eskaini du, betiere, antzinako dantzak oinarri eta sustrai moduan hartuta. «Bide horretatik, dantza horiei distira, indar eta izaera handia eman die, pasioa eta energia berezia transmitituz», goraipatu du.
Azterketa kritikoa
Azken 40 urteetan, Kresalak bizia eman dioten euskarrietan lan egiten jarraitu duela azpimarratu nahi izan zuen Aranzabalek, «Euskal kultura herrikoia interpretatu dugu, baina beti, erantzukizunez jokatuz», azpimarratu zuen. Koreografoaren hitzetan, Kresala dantza taldeak, tradizioa, bizirik, eta aldaketa eta garapen etengabean dagoen elementu legez ulertzen du, eta horrek, izaera aktiboa eskatzen dio taldeari. «Tradizioak, sormenera daraman inspirazio iturri amaigabea den legez, aldiro azterketa kritikoa eskatzen du; hala, garapena bermatuta izan dezan».
Bide horretan, Kresalak «plazera» eta «hunkitzeko gaitasuna» bilatu dituela adierazi du Aranzabalek. «Horixe izan da, eta egun izaten jarraitzen du, gure sormen pentsaeraren oinarri eta abiapuntua».
Liburuak taldearen 40 urtetako ibilbidea batzen du, argazki ederrak tartekatuz. Beste batzuen artean, 1972an aurkeztutako Maskarada eta Iruleak lanak, 1983an Euskal Herriko dantzan mugarri izan zen Ioiak ikuskizuna edota 2008an aurkeztutako Sehaska-dantza lana.
Sormenera daraman inspirazio iturri legez, aldiro azterketa kritikoa eskatzen du tradizioak»
faustino aranzabal
Kresala taldeko zuzendari artistikoa
Dokumentuaren akzioak