Dokumentuaren akzioak
Tradizioa, sorkuntza tresna
Tradizioa biziberritu, aldatu eta apurtu egin behar dela aldarrikatu dute Igor Elortzak, Mikel Markezek eta Jon Maiak UEUko Bertsolantegiaren azken egunean.
Tradizioa izan zuten hizpide atzo Bertsozale Elkarteak eta UEUk antolaturiko Bertsolantegia ikastaroan, Tradizioa atzo eta gaur izenburupean. Baina ez bertso tradizioa soilik, euskal dantzaren eta musikaren tradizioa ere bai, Igor Elortza bertsolariaren, Mikel Markez kantari eta trikiti adituaren eta Jon Maia dantzariaren ahotan, Iñaki Apalategik gidaturik. Tradizioa zerbait hibrido moduan deskribatu zuen Elortzak, eta haren «desakralizazioa» aldarrikatu: «Tradizioa ez da inondik inora sakralizatu behar».
Tradizioa galtzen edo balore eskalan ez ote den garrantzia galtzen ari galdetu zuen Apalategik: «Moderno izateko, tradizioa ukatu beharra dago?». Bai bertsolaritzan eta baita dantzan edota trikitian ere tradizioaren ukazioa nahiko bazterreko kontua da, hizlarien arabera. «Badago trikitilariren bat bere burua trikitilaritzat hartzen ez duena, baina kasu bakanak dira», Markezen arabera. Jon Maiaren ustez, moderno izateko tradizioa ukatzen dutenek «beren burua nabarmentzeko besteak zapaltzen dituzte», eta, Elortzaren hitzetan, «tradiziotik modernoa ukatzen duenak eta modernotik tradizioa ukatzen duenak bere burua anputatzen du». Markezen iritziz, tradizioaren eta modernotasunaren arteko diskurtsoa faltsua da, «norberaren konbentzimendu falta estaltzeko jarrera artifiziala».
Plazaren aldarrikapena
Bertsolaritza sagardotegietatik plazetara eta plazatik antzoki eta aretoetara eraman izana kontsideratu ohi da bertsolaritzaren modernismoaren garapenaren erakusle. «Denok liluratu gaitu aretoak, gauza sofistikatuak» aitortu zuen Elortzak; baina, era berean, plazak erreibindikatu zituen: «Plazetan bertsolariak duen funtzio soziala inportantea da, eta nik defendituko dut ez dela folklorikoa». Bertsolaritzan, dantzan edota musikagintzan dabiltzan sortzaileak antzokietan bezala plazetan aritzen dira Euskal Herrian, kanpoan goi mailako artistekin gertatu ohi ez den moduan. «Gaur, Eibarren, Koliseorako edota Arrateko plazarako dei diezagukete dantzarako», esan zuen Maiak: «Biak dira garrantzitsu; izandako garapenagatik dago egun dantza antzokietan , baina ezin dugu ahaztu nondik gatozen».
Tradizioa gaizki ulerturik
Plazak eta plazak daude, baina. Eta zenbait plazatara bertsolariak, kantariak nahiz dantzariak «dekorazio lanetarako» deitzen dituzte, Elortzak esan zuenez: «Halako eguna ospatzen dela eta bertsolariak deitzen dituzte, nahiz eta gero inork ez dieten kasurik egiten». Plaza horiek «leku ez duintzat» jo zituen Maiak, «denoi tokatu izan zaizkigu, baina ezetz esaten ikasi beharko genuke». Ukitu folklorikoa emateko tradizioa baliatzen duten plaza horiei «errazegi» esaten zaie baietz, Elortzaren ustez, «baina horrek ez du zertan tradizioarekin zerikusirik izan».
Bestela ulertzen dute tradizioa Maiak, Markezek eta Elortzak, tresna moduan. Sortzeko eta berritzeko langai. Azken batean, Elortzak esan zuen moduan, «berritzeko garaian norberaren tradiziora nahiz munduko beste tradizioetara jotzen da».
Bertsotan ez dakit noiz ari naizen Txirrita erreproduzitzen, noiz 'Aida' , edota Calamaro»
igor elortza
Bertsolaria
«Tradizio-moderno diskurtsoa erabiltzea konbentzimendu falta estaltzeko jarrera da»
mikel markez
Kantaria
«Izandako garapenagatik dago dantza antzokietan; baina ezin dugu ahaztu nondik gatozen»
jon maia
Dantzaria
Dokumentuaren akzioak