Dokumentuaren akzioak
Tradizioa inprobisazio askearekin landu du Amaraunek lehen diskoan
Bi urte eta erdian emanaldietan landutako errepertorioa grabatu dute lan berrian
Ezpata dantza erritmoak, abesti herrikoiak, fandango eta arin-arinak entzun daitezke Amaraun taldearen disko berrian, baina oso era bitxian aurkeztuak. Izan ere, gure herriko ohiko musika jazz ukituarekin eta inprobisazio handiarekin jantzi baitute. Amaraun hitzak dioen moduan, estilo ezberdinek osatutako haria sortu dute. «Taldekideon musika heziketan pisu handia izan du musika tradizionalak, baina iturri askotatik edan dugu, eta horien denen batura da emaitza», dio Ander Erzilla oboe jotzaile eta diskoko hainbat kanturen konpositoreak. Tradizioaren pisua abesti batzuetan agerikoagoa da. «Kantu batzuetan tradizioa nabarmentzen da, baina azken batean jazza bera ere herri musika da, asko garatu dena eta forma ezberdinak hartu dituena. Edozein estilo integratzeko balio du. Blues bat edo zortziko bat berdin-berdin inprobisa daitezke».
Estudioan egindako grabazioa ere inprobisazioan oinarritu da. Abestiak oso landuta eraman dituzte; baina haien musika «zuzenekoa delako grabazioa ere halakoa izan da, freskotasuna eta taldekideen arteko komunikatzeko era islatzeko».
Erzillarekin batera, Iñaki Jaio bateria jotzailea, Jabier Fernandez Jauregi kontrabaxu jotzailea eta Javier Olabarrieta pianista kantu batzuren egilea hori ere dira taldekideak. Iñaki Salvador musikaria dute horiek denek lotura, Erzilla, duela bi urte eta erdi buruan zituen proiektuak gauzatzeko, musikari horiengana bideratu baitzuen Salvadorrek.
Formazio berezia
Amaraunen musikaren berezitasunetako bat instrumentuen nahasketak ematen dio, ez baita ohikoa oboea bateriarekin, kontrabaxuarekin eta pianoarekin jotzen jartzea, eta, laukotearen osaerak beregain dituen zailtasunak gaindituta, soinu berezkoa ematen dio taldeari. «Oboe batek inprobisatzea ez da oso ohikoa horrelako talde batean. Belarriarentzat soinu berria da, eta horrek taldea egokitzera behartzen du, ez baitago ohiturarik oboeari lotzeko. Talde lan handia dago atzean, komunikazio handia», Erzillak azpimarratu nahi izan duenez.
Bi konposizio dira batez ere adierazgarriak oboe jotzailearen arabera, Ezpatadantza edo... eta Albait arinen. «Ezpata dantzaren erritmoarekin zerbait egiteko nahia aspalditik neukan. Gurea da erritmo hori, baina unibertsala ere bada». Suite antzera idatzita dago. Albait arinen abestian, berriz, «Olabarrietak aurretik fandango bat idatzia zeukan, eta polita iruditu zitzaidan arin-arina idaztea fandangoaren ostean jotzeko». Albokaren erregistroak hartuta, pianoaren eta oboearen jolasa dago abestian, eta bateriak eta kontrabaxuak arin-arinaren egiturari soinu erabat ezberdinak gehitzen dizkiote, oinarri erritmikoz eta harmonikoz kontrastea sortuz. Finean, zuzenekoetan jotzen duten errepertorioaren bilduma da, «abesti batzuk kanpoan utzi behar izan ditugun arren».
Dokumentuaren akzioak