Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka "Tradizioa ez galtzea da gure nahia, hau aurrera eramatea"

Dokumentuaren akzioak

"Tradizioa ez galtzea da gure nahia, hau aurrera eramatea"

Kudeaketa kontuak direla medio, ZEBE Zarauzko Erraldoi eta Buruhandien Elkartea sortu dute. Igandean kalez kale irtengo dira, Haurren Eskubideen Egunaren harira. Gorka Ostozala eta Oier Mutiozabal dira elkarteko bi kide.
Egilea
Aritz Mutiozabal
Komunikabidea
Urola Kostako Hitza
Tokia
Zarautz
Mota
Elkarrizketa
Data
2021/11/14
Lotura
Urola Kostako Hitza
Eskuinean Gorka Ostolaza eta ezkerrean Oier Mutiozabal. (Aritz Mutiozabal)
ZEBE Zarauzko Erraldoi eta Buruhandien Elkartea sortu berri duzue. Nolatan eman duzue pausoa?
Gorka Ostolaza: Lehen Oierren aitak eramaten zuen guztia [ Oskar Mutiozabal zenak], eta orain elkarte berri bat sortu behar izan dugu dena ongi kudeatu ahal izateko. Pauso hori eman beharra zegoen, eta Zarauzko Udalaren laguntzarekin, Zarauzko Erraldoi eta Buruhandien Elkartea sortu dugu.

Oier Mutiozabal: Lehen Txabillo Zarauzko Buruhandi eta Erraldoien Elkartea ginen, baina, orain,  kudeaketa aldatu beharra zegoenez, elkarte berria sortu dugu. 

Jende berdinak jarraitzen al duzue taldean?
G.O.: Gehientsuenok bai. Batzuek utzi egin dute; baten bat adinean aurrera ere badoa… Une honetan, bost gazte eta beterano bat gaude erraldoiekin. Beraz, probatu nahi duenak gugana etorri besterik ez du.

Lekukoari eusteko prest?
O.M.: Tradizioa ez galtzea da gure nahia. Hemen herriko festak aurrera eramateko eta erraldoiak plazara jaisteko, norbaitek zerbait egin behar du. Gu hor ibiltzen garenez, aurrera atera nahi izan dugu.

Zuei familiatik datorkizun zerbait ere bada. Erantzukizuna al da zuretzat?
O.M.: Beno, ni nahikoa saltsatan ibiltzen naiz, eta denbora justua edukitzen dut. Hau ere hortxe izaten dut, eta gustatzen zaidan zerbait da. Beraz, beti egongo naiz laguntzeko prest.

Oker ez banago, buruhandietatik hasitakoak zarete biok.
G.O.: Hori da, bai. Gogoratzen naiz Oierren aitonarekin [Pepe Txabillo] probatu nuela lehen aldiz, erraldoiak Udaberrin gordetzen zirenean. Urtebete egin nuen buruhandiekin, eta gero erraldoiekin hasi nintzen, pixka bat oreka lortzen eta ikasten. Jada badira hiru urte erraldoiekin nabilela, eta Oier txikitatik dabil, erraldoi txikiekin hasi baitzen. Hemen aditua bera da.

Fase ezberdinak al daude? Alegia, buruhanditatik pasatu behar al da erraldoi izateko?
O.M.: Ez, inola ere. Bi mundu oso ezberdin dira. Egia da buruhanditan aritzen direnak gazte samarrak izaten direla, 14-15 urte inguruan hasten baita jendea. Erraldoiak eramateko, aldiz, gutxieneko altuera behar izaten da. Bizkarrarekin indarra egiten dugunez, erraldoiak duen  euskarrira iritsi egin behar duzu ezinbestean, beraz, gutxieneko altuera bat eduki behar duzu.

Eta dantzan egiten jakitea?
G.O.: Zarautzen kalejiran irteten garenean ez dugu dantza bat prestatuta eramaten. Biraka ibili, pixka bat atzera eta aurrera, erritmoaren arabera. Aitzitik, Azpeitira joan izan garenetan, jada dantzak prestatu egin izan ditugu. Hara lehiatzera joaten gara!

O.M.: Beste talde batzuk gehiago entrenatzen dituzte dantzak, baina gu gehienok ikasleak gara eta ez dugu hainbeste denbora horretarako. Denok elkartzea ere kosta egiten zaigu.  Beraz, gure asmoa da ongi pasatzea, eta erraldoiak biraka jartzea.

Bakoitzak bere erraldoia al du?
G.O.: Nik lehen Anbotoko Mari eramaten nuen, baina orain Mikel Urbietak taldea utzi du, eta hark eramaten zuen Basajaun erraldoia hartuko dut.  Oierrek bere aitonarena eramaten du.

O.M.: Hori da, Pepe Txabillo eramaten dut nik. Ni hasi nintzen Iñaki Osak eramaten zuen Emakume baserritarraren erraldoiarekin: hori da finena, eta erabiltzeko errazena. Aitonarena egin zutenez geroztik, harekin nabil. Niretzat berezia da, maitasun handia baitiot. 

Jendea behar duzuela diozue.
G.O.: Hala da. Interesa dutenak gurekin harremanetan jarri daitezke edo turismo bulegoan komentatu. Egokiena litzateke hasieran erraldoiak probatzea, eta ikustea jarduera polita dela.

O.M.: Erraldoientzako ez ezik, buruhandientzako jendea ere behar dugu. Beraz, gazteak ere animatu nahi ditugu gurekin parte hartzera.

Dokumentuaren akzioak