Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka tradizioa eta transgresioa

Dokumentuaren akzioak

tradizioa eta transgresioa

Andaluziako dantza zentroak fallaren 'el sombrero de tres picos' eta garcia lorcaren poemetan oinarrituriko 'el cafe de chinitas' eskainiko ditu gaur, jose antonio ruizen zuzendaritzapean

Egilea
Ainara Gorostitzu
Komunikabidea
Berria
Tokia
Donostia
Mota
Albistea
Data
2004/08/24

Itxuraz oso diferenteak diren bi obra ekoitzi ditu Hamabostaldiak Andaluziako Dantza Zentroarekin eta Granadako Musika eta Dantzako Nazioarteko Jaialdiarekin, Castell de Peralada jaialdiarekin eta Santanderko Nazioarteko Jaialdiarekin batera. El sombrero de tres picos obrak eta El café de Chinitas-ek ezaugarri bat dute: Salvador Dali. «Daliren aberastasuna, haren beldurrak, obsesioak eta erreferentez beteriko mundua oso era berezian azaltzen dira bi obretan», Jose Antonio Ruiz koreografoaren arabera. Izan ere, bi koreografia horientzat oihalak, eszenografia eta jantziak egin zituen Dalik, eta bere garaian Europan ikusterik izan ez ziren haiek berreskuratuko ditu Hamabostaldiak, margolaria omentzeko.Parisen aurkitutako zirriborroetatik Ivonne Blakek berrinterpretatu du Daliren mundua, margolariaren estetika. Koreografiak Jose Antonio Ruizek eginak dira eta El sombrero de tres picos obrako eszena zuzendaria ere bera da; El café de Chinitas lanean, ostera, Lluis Danes kataluniarra da zuzendaria. Bertan Chano Dominguezek eta bere taldeak musika joko dute zuzenean.



El sombrero de tres picos eta El café de Chinitas Espainiako dantzako «obra oinarrizkoak» dira, Ruizen arabera: «Tradizioa eta sorkuntza uztartzen dituzten lanak dira; flamenkoan oinarriturik ere, ukitu garaikideak dituzten ikuskariak. Tradizionalak eta berriak dira».



Fallaren obra 1919an estreinatu zen, Picassoren diseinuekin; eta Daliren lanekin 30 urte beranduago New Yorken estreinatu zenean, Picassok marrazturiko paisaia berbera berregin zuen. 1986an ere estreinatu zuen Ruizek El sombrero de tres picos, baina oraingo honetan aldaketak nabarmenak izango dira: «Bakarlariak eta duoak mantendu egingo dira, baina herriaren koreografia asko aldatuko da, eta, noski, arropak eta eszenografia ere erabat desberdinak izango dira; horrek guztiak asko aldatzen du ikuskizuna».



Korrejidoreak errotari andrearen maitasuna lortzearren ekintza grotesko eta sinpatikoak egingo ditu obran, eta errotari gizon-emakumeek ere probetxua atera nahiko dute egoeratik. «Korrejidoreak ez du amaiera ederra izango», aurreratu du Jose Antonio Ruizek, obra zuzentzeaz gain korrejidorearen rola jokatuko duen dantzariak. Ursula Lopez izango da errotari andrea, eta Miguel Anjel Corbacho, errotari gizona.



Daliren eta Lorcaren arteko harremanaz



El café de Chinitas Daliren eta Garcia Lorcaren harremanaren emaitza da, adiskide minak izan baitziren bi sortzaileak gaztetan. Poetaren Canciones populares españolas-en oinarritzen da, eta horien artean aukeraketa bat egin dute Ruizek eta Chano Dominguez musikariak, ikuskizunean musika eskainiko baitute zuzenean. Encarnacion Lopez La Argentinita-k eskaturik 1944an hainbat oihal egin zituen Dalik Canciones populares españolas-eko lanentzat, «dramatismo handikoak», Ruizen arabera.



Canciones populares españolas-etik abiaturik zortzi abesti aukeratu eta Lluis Danesek gidoi bat eginez istorio bat taularatuko dute. Kontakizuna Salvador Dali haurrak gidatuko du eta narrazioaren eta abestien ardura Esperanza Fernandezek izango du.



Lluis Danesen arabera, «beldurrezko istorioa» kontatzen du El café de Chinitas-ek: «Norbera bakarturik ikustearen beldurra eta sexualitateari zaion beldurra agertzen ditu obra honek». Daliren eta Lorcaren arteko «gatazka» erakusten du koreografiak: «Lorcak Daliren aurrean ispilu bat jarri eta sexualitatea konpartitzera gonbidatu zuen, homosexualitatera gonbidatu zuen. Dalik, ordea, nahiago izan zuen ispilua apurtu, Lorcarekin zuen harremana hautsi homosexualitate beldurgarria onartu baino. Lau-zazpi bat urte bata bestearengandik urrun izan ziren Lorca eta Dali; eta elkartzean, 36ko Gerrako intolerantziaren eta homofobia giroan, fisikoki fusilatu zuten Lorca», gogoratu du Danesek. Dena den, obrak duen tesia ondorengoa da: «Guardia Zibilak berak baino lehenago fusilatu zuen Dalik Lorca». «Diferentziarako eskubidea» aldarrikatzen duen obra da. Aldarrikapen horretaz gain, «adiskideak izan ziren bi lagunen inbokazioa» da kontakizunaren premisa, koreografoaren arabera.Daliren eta Lorcaren arteko kontrajarpena ere agerikoa da obran: «Dali haurrak femeninoa den guztiari nazka dio; eta Lorca, berriz, askatasuna da, femeninoa, erokeria. Magiatik beldurrera igaroko da obra», eszena zuzendariaren hitzetan. Sentimendu aldaketak «koreografia ikusgarrien bidez» taularatuko dira, «flamenkoa eta dantza garaikidea uztartuz». Dena den, obra kontzeptualki eta bisualki oso konplexua da, «istorioa norberak amaitzeko».Chano Dominguezek eta haren jazz taldeak gitarraren eta teklatuaren laguntza izango dute oraingoan: «Tradizioa eta transgresioa elkartzen ditu obrak, eta, kolore hori azaltzeko, gaurko instrumentuak sartu ditugu». Musikaren eta dantzarien artean «magia» sortuko dela iragarri du: «Ekitaldi bakoitzean inprobisazioa dago, emanaldi bakoitza berezia izango da, gauza txikiei esker».

Dokumentuaren akzioak