Dokumentuaren akzioak
Tradizioa egin egiten delako
Dantzaren eta literaturaren inguruko bere
ikerlanengatik egin zen ezagun Joxemiel Bidador (Iruñea, 1970-2010),
baina haren beste alderdi orain artean bederen ez horren ezaguna
erakusten duen liburua kaleratu du Pamiela argitaletxeak: Hutseaniko hazkurria eta beste poema liburua. Aurtengo martxoaren 2an hil zen Bidador, garuneko isuri baten ondorioz. Ordurako bizpahiru hilabete ziren Hutseaniko hazkurria
poemategia Pamiela argitaletxean entregatua zuenetik, argitaletxe
horren bitartez kaleratzeko asmotan. Bidadorren poemategi horretaz gain,
egile beraren beste bi ere sartu dituzte Pamielako arduradunek
liburuan, Iruñeko Udalak egile berrientzat antolatutako lehiaketan
sarituak biak ere: Andrea eta desgizonaren gauzatzea, 1993koa, eta Garañoko gatazkaren bart bezperan egin besta isila, 1995ekoa.
Lehenengo
pertsonan idatziak dira poemetako asko, eta liburuan «barne hustuketa»
bat egiten du Bidadorrek, haren adiskide Patxi Larrionek azaldu duenez.
«Haren iritzi artikuluetan ageri diren ideietako batzuk poema liburuan
ere ageri dira. Inork baino hobeki ezagutzen zuen tradizioa, eta hori
ere islatzen da liburuan. Joxemi ezagutu genuenok badakigu zein jostaria
zen, eta hori ere antzemango du irakurleak».
«Euskal
literaturaren tradizioa, eta batez ere Nafarroa Garaiko euskal
literaturaren tradizioa, ez dela uste zen bezain urria jakin genuen
Bidadorren lanari esker», dio Larrionek. «Ikerlari eta dibulgatzaile
gisa ezagutu dugu, eta berak egindako lanak hor daude. Besteen lanei,
bai gerra aurreko eta bai gerra ondorengo idazleen lanei hauspoa eman
die. Bidadorren sormen lanaren hazkurria tradizioa izan da, baina argi
zuen, bere ikerketek ere hori frogatzen baitzuten, tradizioa sortu
egiten dela, guk sortzen dugula».
Ikerlari eta dibulgatzaile gisa idatzi zituen bi liburu nagusien ondoren —Materiales para una historia de la literatura en Navarra eta Dantzaren erreforma Euskal Herrian—
Bidadorrek «oso garbi» zuen, Larrionen ustez, «eta liburu hau da horren
lekuko», sormenari emana segitu behar zuela. «Hil aurreko garaiko bere
kezketako bat horixe zen».
Poeta gisa «bere lekua»
Poema
liburu berriarekin, Bidadorrek poeta gisa «bere lekua» hartuko du, Jose
Angel Irigarai idazle eta Pamiela argitaletxeko editorearen ustez, eta
bere poemak «erreferente» bilakatuko dira. Liburua kaleratzea
«betebeharra» izan da Irigarairentzat, eta zuzenketa lanetan Bidadorren
alargun Idoia Sararen laguntza izan du.
Heldu den urteko
martxoan, haren heriotzaren lehen urteurrena gogoan, Bidadorren omenezko
ekitaldia egiteko asmoa dute haren adiskide eta gertukoek, Hutseaniko hazkurria eta beste poema liburua oinarri hartuta.
Joxemiel Bidador, Hutseaniko hazkurria eta beste liburuaren egilea. / - / BERRIA
Dokumentuaren akzioak