Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Tradizioa bai, baina berrikuntza ere bai

Dokumentuaren akzioak

Tradizioa bai, baina berrikuntza ere bai

Euskara, dantza eta kantua batzen ditu Ibarrako Alurr dantza taldearen ikuskizun berriak. Dantza eskolako gazteek taularatuko duten lana oinarri tradizionaletik abiatuz izaera berritzailera ailegatzen da. Datorren larunbatean, hilaren 18an, aurkeztuko dute Uztartuz jendaurrean, Manuel Lekuona kultur etxean, 20:00etan.
Komunikabidea
Tolosaldeko eta Leitzaldeko Hitza
Mota
Albistea
Data
2013/05/08
Lotura
Tolosaldeko eta Leitzaldeko Hitza

Iñaki Agirre altsasuarrak bost urte daramatza batez beste 13-14 urte duten gazteez osaturiko taldearekin lanean. Ibarran eskolak emateaz gain, Altsasuko Musika Eskolako dantza irakaslea da. Ikasturte hasieran ekin zion ikuskizun berria prestatzeari. «Zerbait desberdina» adierazi nahi izan du, «bizi dugun egoera» kontuan hartuz. «Gurea dena, euskara eta ohiturak, alegia, bultzatzea izan da xedea, eta hori dantzaren eta kantuaren bitartez egitetik sortu zen ideia», azaldu du.


Uztartuz lanarekin, dantzaren bitartez, tradizioa eta berrikuntzak  ezagutu eta bizitzeko aukera eman nahi izan diete gaztetxoei. Eli Nosellas Alurr dantza taldeko arduradunak dioenez, «atzera begiratuz, aurrera egitea posible eta beharrezkoa dela transmititu behar zaie gazteei». Tradizioari begira, beraz, baina berrikuntzari ere bai, eta uztarketa hori da, finean, ikuskizun berria nahiz Alurr bera definitzen duen ezaugarria.

Betiko dantzei pauso bereziak

Uztartuz dantza tradizionalek osatzen dute, «musika berritzaileekin eta pauso berriekin nahastuta». Hala, agurra, soletinoa, fandangoa edota arin-arina moduko ohiko dantzak daude, eta baita koreografiak ere. «Agurra bera betikoa da, baina, txalapartarekin eta pauso bereziekin; makilekin koreografia bat egin dugu, eta Ken Zazpi taldearen musikarekin garaikidea eta euskal pausoekin oinarrituriko beste koreografia bat», dio Nosellasek. Jantziei dagokienez, arropa tradizionalekin hasten da ikuskizuna eta pixkanaka arropa berritzailegoekin bukatzen dute. Nabarmentzekoa da, gainera, gurasoek eginikoak direla jantzi gehienak.

Bestalde, ikuskizuna hiru zatitan banatuta dago. Eguzki Errondosororen ahotsak eta Jagoba Astiasaranen piano doinuek laguntzen dute emanaldiaren jarraipena. Estreinaldia egin eta bere osotasunean ikusi arte ikuskizuna baloratzea «oso zaila» dela dio dantza taldeko arduradunak, baina, «maila handia» duen lana dela nabarmendu du, «batez ere, kontuan hartuta, gaztetxoak direla dantzariak».

Laugarren ikuskizuna
Alurr-en laugarren ikuskizuna da Uztartuz. 2008an Sua aurkeztu zuten, 2010ean Oinazez eta 2012an Izanak dirau, 1512. «Bakoitzak bere berezitasuna du, baina guztiak euskal dantzetan oinarriturikoak dira bide berritzailea hartu dutelarik», azaldu du Eli Nosellasek. Dantza talde batentzat bi urtetik bi urtera estreinaldi bat egitea ez dela erraza nabarmentzen du, baina, garai hauetan gero eta gehiago eskatzen direla horrelako lanak. «Gainera, gazteen artean ilusioa eta motibazioa mantentzeko ere beharrezko ikusten ditugu», dio.

2

IMG_1941

IMG_1936

 

Dokumentuaren akzioak