Dokumentuaren akzioak
Tradizioa
Arbelari begira. Euskal Kulturaren Transmisioari Buruzko 3. Graduondokoa
Oier Araolaza dantzaria izan genuen asteazkenean Eskoriatzan. Eta bi
hitzetan azaldu zigun dantza zer den: komunikazio-lengoaia. Gure
gorputzak komunikatu egiten baitu soka-dantzan talde baten babesera
biltzen denean. Komunikatu egiten baitu ezpata-dantza batean zurrun
jartzen denean. Komunikatu egiten baitu inauterietako festa-giroaren
erdian. Eta, aldi berean, dantzak sentimendu kolektiboak eragiten ditu.
Dantza
ez da komunikazioa bakarrik, ordea. Euskal dantzek izan garena
erakusten dute, komunitatean bizitzeko daukagun modua. Gure gorputzetan
sentitu genuen taldean borobilean biltzeak sortzen duen kohesioa; binaka
jartzen garenean datorkigun jolaserako gogoa, eta banan-banan ipintzen
garenean sentitzen den isolamendua. Gizartea aldatu egiten baita, eta
horri lotuta, baita dantza ere. Beste garai batzuetan dantzatzen ziren
dantzak egiten ditugu gaur ere, baina ez orduan bezala. Tradizioa ez
baita fosil bat; etengabe aldatzen den zerbait da. Gaur egun daukaguna
berretsi edo zalantzan jartzeko balio duena. Horretarako, beharrezkoa da
lehendik daukaguna ezagutzea, ordea.
Kantagintzan aspaldi ohartu ziren bilketaren beharraz ere. Asteazkenean Badok.info
ataria ezagutu genuen. Interneten klik batean milaka kantari buruzko
informazioa daukagu eskura. Bildutakoa denen eskura jarri beharra
baitago. Eta hori sozializatu. Kantagintzak eta dantzak, biek elikatzen
dute gure komunitatea sinbolikoki. Biak behar ditugu euskaldun izateko.
Eta, tamalez, beti ez da hala gertatzen. Askotan jotzen dugu kanpora
hemen daukagunaren bila. Kulturak etengabe aberasten dira kanpoko
eraginekin. Baina urrutiko intxaurrak dotoreegi ikusten ditugu sarritan,
gurearen muina ahaztarazteraino.
Tamalez, askotan daukaguna
ezagutu gabe aritzen gara. Ustez tradizioa den zerbaitetik edaten dugu;
dantza bakoitzaren urratsik ikusgarrienak elkartzen ditugu. Eta ahaztu
egiten zaigu horien esanahia ezagutzea dela lehenengo urratsa. Sortzea,
azken finean, hori baita: ezagutzen dugunetik abiatuta egiten den
eraldaketa. Baina non bukatzen da tradizioa, traizioa hasteko?
Dokumentuaren akzioak