Dokumentuaren akzioak
Tolosako Udaberri Dantza Taldeak parte hartu du Belgikako folklore jaialdi inportante batean
Ekainean
San Joan jaiak amaitu zirenez geroztik, Udaberriko dantzari eta
musikariek Belgikarako bidaia buru-belarri presta-tzeari ekin zioten.
Europa aldera bidaiatzen zuten lehen aldia zen aurtengoa dantza taldeko
belaunaldi gaztearentzat (aurreko bi udetan Katalunia aldean aritu
ziren arren), eta gogo biziz ekin zieten entseguei.
Belgikako Sint-Niklaas hirian bi urtez behin antolatzen
da Volkskunstweek deritzon folklore jaialdia. Europa osoko talde
ezberdinek parte hartzen dute bertan, eta aurtengoan, Udaberrikoekin
batera, Belgika, Suedia, Gales eta Alemania aldeko taldeak ere aritu
dira.
Esan beharra dago, jaialdia nahiko gogorra suertatu
zitzaiela dantzariei zenbait momentutan. Izan ere, egunero dantzatu
behar izaten zuten, eta hainbatetan bi aldiz ere bai. Dena dela,
taldeko giro apartak eta ikuslegoaren txaloek neke guztiak arindu
zizkieten.
Aktuazioen artean aniztasuna izan zen nagusi. Izan ere,
mota guztietako eszenatoki eta lekuetan astindu zituzten oinak:
parkeetan, ezindu psikikoen aurrean, zahar- etxeetan, antzoki
txikietan, plazetan eta areto handietan ere bai.
Emanaldi hauetan ia Euskal Herri osoko dantzak erakutsi
zituzten: Gipuzkoako dantzak (Agurra, Desafioa, Brokel-dantza,
Uztai-txiki dantza, Soinu zaharrak eta Saltokakoa), Bizkaiko Dantzari
dantza, Ziekoko dantzak (Araba), Xuletino (Zuberoa) eta Fandangoa eta
Arin-arina.
Dantza egiteaz gain ordea, jaialdiko egunerokoaren
barruan zeuden ekintzen bidez, Sint-Niklaas, Brujas eta Belgikako
kostaldea ezagutzeko aukera ere izan zuten tolosarrek.
Zalantzarik gabe motibazio iturri bikaina izan da bidaia
hau Udaberriko partaideentzat, eta horrelako beste bidaia bat
antolatzeko irrikaz daude.
Momentuz Izaskun auzoko festetan parte hartu dute eta,
bestalde, hilaren 28an Uharte-Arakilen eta Urriaren 5ean Irurako
Kilometroak festan dituzten 3 aktuazioak prestatzen dihardute.
Dokumentuaren akzioak