Tolosako Udaberri Dantza Taldeak berrikuntzekin aurkeztu zituen asteartean eginiko agerraldian aurtengo Dantzari Txiki eguna eta Erromeria. Orain arte, egun bakarrean antolatzen zituen bi ekitaldiak, Aste Santuaren aurreko larunbatean. Aurten, baina, martxoaren 23an, eguerdi aldera, Korrika igaroko da Tolosatik, eta beraz, Dantzari Txikia ez dute egun horretan egingo.
Egitaraua
Larunbat honetan egingo dute, eta egun osoko egitaraua prestatu dute. Euskal Herriko hainbat talde gonbidatu dituzte Tolosako kaleak alaitzera: Hendaiatik (Lapurdi) Akelarre, Beratik (Nafarroa) Gure Txokoa, Errenteriatik (Gipuzkoa) Ereintza, Algorta-Getxotik (Bizkaia) Itxartu eta Amurriotik (Araba) Aiara. Horiekin batera Udaberriko haurrak ere dantzan ariko dira. “Kanpotik, 140 ume inguru etorriko dira, 25 bat begirale eta musikarirekin batera. Hemengoak 130 inguru izanik, 300 lagun izango gara”, azaldu zuten antolatzaileek. 11.00etan hasita, haurrak Tolosako kaleetan ibiliko dira beren dantzak eskaintzen, Alde Zaharrean batzuk eta herriaren erdigunean besteak.
Martxoaren 23an berriz, gazte eta helduek hartuko dute haurren erreleboa, egun horretan Erromeria antolatu baitu Udaberrik. Eguerdian, baina, Korrika Tolosatik igaroko da, eta festa egitarau zabala izango da egun guztian zehar.