Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Tokirik ez euskal dantzarentzat Donostian?

Dokumentuaren akzioak

Tokirik ez euskal dantzarentzat Donostian?

Egilea
Josu Narbarte
Komunikabidea
Argia
Mota
Albistea
Data
2019/12/13
Lotura
Argia

Ez da urte-bukaera samurra izaten ari Goizaldi Euskal Dantzari Taldeko (Donostia, Gipuzkoa) kideentzat. Urte osoan entseatzeko tokirik gabe gelditzeko mehatxuak jaso ostean, pasa den abenduaren 11n sarraila aldatuta topatu zuten hamarkada luzez erabili duten lokalean, Easo kaleko 45. zenbakian, Francisco Escudero Kontserbatorioaren sotoan.

Ohartarazi dutenez, gertaera hau Kontserbatorioko zuzendaritzaren aldebakarreko erabaki baten ondorioa izan da, haiek aldez aurretik jakinarazi arren horretarako eskumenik ez zuela. Eraikinaren jabea Donostiako Udala den arren, Goizaldi-k 1948tik du sotoa entseatzeko lokal gisa erabiltzeko baimena, eta hala egin du ordutik hona.

Eraikinaren gainerakoa, aldiz, Kontserbatorioak erabili izan du, eta hau Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren menpera pasa zen 1998an. Ordutik, zentroko zuzendaritza behin baino gehiagotan ahalegindu da Goizaldi eraikinetik kanporatzen. Saiakera larriena 2005ean izan zen, aldez aurretik ohartarazi gabe sarraila aldatu zietenean; orduan, oihartzun handia izan zuen Goizaldi, ateak itxita zergatik? kanpainak, eta elkartasun-adierazpenak euskal kulturaren arlo desberdinetatik iritsi zitzaizkien. Azkenean, Donostiako Udalaren nahiz Eusko Jaurlaritzaren esku-hartzeari esker lortu zuten lokala mantentzea.

Oraingoan ere, zentroko zuzendaritzak hartu duen alde bakarreko eta oinarririk gabeko erabakia ikusita, konponbideak bilatzeko lanean hasi da Goizaldi. Taldeak berme guztiekin eta askatasun osoz gauzatzen jarraitu nahi du euskal kulturari lotuta Donostian aurrera eramaten dituen jarduerak, eta horretarako laguntza-eskaera zabaldu du. Alde batetik, Donostiako Udalari eta Eusko Jaurlaritzari zuzendu zaizkio, bi aldeen artean bitartekaritza lanak egin ditzan. Beste aldetik, jendarteari ere dei egin diote, taldearen jardueretara bertaratu eta babesa eskain diezaien. Hala, Goizaldiren ateak bazkide berrientzako irekita ere badaudela gogoratu dute.

Euskal kulturaren inguruko eragile garrantzitsua

Hirurogeita hamar urtetik gorako ibilbidea eginda, Goizaldi Euskal Dantzari Taldea ez da inolako iritsi berria Donostiako kulturgintzara. Haren iturburua 1927an sortutako udal Dantza Eskola izan zen; handik atera ziren Kandido Pujana maisuak gidatutako taldeak, mutilez osatutakoa 1948an eta neskeena 1951ean. Azken urte horretan onartu zen Goizaldi izena, Jose Inazio Montes Astigarragak proposatua.

Frankismo betean, euskal dantzen berreskurapenean eta transmisioan aritu zen taldea; hala segitu du ondoren ere. Jatorrizko helburua Joan Inazio Iztuetak XVIII. mendean deskribatutako Gipuzkoako dantzak berreskuratzea bazen ere, Goizaldi bere lan-eremua zabaltzen joan da pixkanaka, Euskal Herri osoko dantzak lantzeraino. Hala, dantzari-belaunaldi ugari sortzeaz gain, munduko hainbat erakustaldietan aurkeztu ditu euskal dantzak, eta hainbat sari ere jaso ditu nazioarteko jaialdi desberdinetan. Azken agerpenak Rodezen (Frantzia), Murtzian (Espainia), Rexburgen eta Boisen (Idaho, AEB) egin dituzte.

Taldea erabat mistoa da gaur egun. Hogeita hamar dantzaritik gora aritzen dira urtean zehar entseatzen; gehienak donostiarrak diren arren, inguruko herrietatik ere ez dira gutxi bertara hurbiltzen direnak, eta hirira kanpotik ikastera etorritako gazteak ere badira. Horrez gain, haur eta nerabeei euskal dantzak transmititzen ere jarduten da taldea, horretarako sortu den Dantza Akademiaren zein Ikasbide Kultur Elkartearekin sinatutako lankidetza-hitzarmenaren bidez; 2019-2020 ikasturtean, hogeita hamar ikasle inguru dabiltza bide horietatik euskal dantzen munduan murgiltzen. Guztira, 100 bat bazkidek osatzen dute Goizaldi.

Hainbat ezkontza, omenaldi, ospakizun eta ekitalditan ohorezko dantzak egiteaz gain, hiriko urteroko egutegi erritualean ere presentzia nabarmena du Goizaldik. Hala, urtarrilaren 20an, San Sebastian egunez, Artesana Elkartearekin parte hartzen du Danborradan, Konstituzio Plazako bandera-jaitsierako dantzaldiaz arduratuz; otsailean, aldiz, Inauteriko ekitaldia antolatze du Ostegun Gizen egunean, hiriko gainerako dantza taldeekin batera. Ekainean, Artzain Onaren katedralean Corpus Christiko ezpata-dantza egiteaz gain, San Joan bezpera egunean (hilak 23) Konstituzio Plazan (Plaza Berria) zortzikoa dantzatzen du, sutea piztu aurretik, udal korporazioarekin batera. Urteroko ekitaldi potoloena abuztuan izaten da, Aste Nagusiaren testuinguruan Konstituzio Plazan eskaintzen duen dantzaldiaren harira. Horrez gain, Euskal Herriko Dantzari Egunean ere parte hartzen du, urtero herri eta egun desberdin batean.

Gauzak horrela, taldeak argi du Donostiak ezin duela euskal kulturgintzaren eremuan aritzen den erreferente bat galdu. Konpromiso irmoa berretsi dute, urte hauetan guztietan egin duten bezala, hiriko zein Euskal Herriko bizitza kulturalari ekarpena egiten jarraitzeko. Bide horretan, taldearen jarraipena eta sasoia ziurtatzeko, deia zabaldu diete inplikatutako aktore guztiei, elkarlanean egoera seriotasun osoz aztertu eta konponbide egoki bat topa dezaten.

Dokumentuaren akzioak