Dokumentuaren akzioak
Toberakoen 'Gaztainak erre artian' dantza-ikuskizuna gaur Zegaman
Zegamako dantzari gazteentzat beren lanean motibagarri izango den ekimen-modura dago pentsatua eguberri-kutsuko ikus-kizun hau, baina baita ikasitakoa herritarrei modu erakargarrian erakusteko ere, eta Zegamako kultura-egitarauari ekarpen berezia eta handia egiteko ere bai. Askotariko helbururi erantzuten dien dantza-jaialdia da, beraz, Zegamako, Segurako, Zeraingo eta Mutiloako Tobera Musika-eskolak gaurko, abenduaren 28rako, mimoz prestatu duen hau.
Gaur, inuzenteen egunean, iluntzeko 7etan Zegamako gimnasioan eskainiko dena, ordea, Zegamako gazteen ekimen-gisa deskribatuko genuke ezeren gainetik. Ikasleak berak izan dira jaialdiaren ardura beren gain hartu dutenak, eta eskolak motibazio hori indartu eta bideratu baino ez du egin. Publiko zabalari irekitako ordu eta erdi inguruko saioa izango da. Tobera musika-eskolako dantza-taldeetako bi izango dira protagonista Gaztainak erre artian jaialdian, eskolako txistulariek lagunduta. Ez da, ordea, dantza tradizionalek osatutako emankizuna soilik izango, areago, koreografia garaikideak, janzkera modernoa eta egungo musika izango dira osagai nagusiak ekintza berezi honetan.
Ikuskizunak euskal dantzen bilakaera irudikatu nahi du. Agurraren bertsio garaikideak abiatuko du emanaldia, eta Korteseko Zinta-dantza eta Mikel Urdangarinen Banakoa etorriko dira gero, lehenengo blokean.
Atsedenaldian, txistulariekin batera, dantza tradizionalak taularatuko dira: Banakoa, Binakoa eta Bizkaiko Makil-dantza.
Bigarren blokean, koreografia garaikideekin beste behin, Atxiki-atxiki, Kaixarranka eta Arin-arin interpretatuko dituzte ikasleek.
Bigarren atsedenaldian, tradizioak hartuko du atzera oholtza, eta San Joango zortziko ezaguna eta Gipuzkoako Ezpata-dantza erakutsiko dira txistu-soinuak lagunduta.
Itxierako blokean Mikel Urdangarinen doinu berri bat eta Maite eta Hator Hator konposizioetan oinarritutako koreografia modernoak jendarteratuko dira. Atsedenaldietan Toberako handien dantza-taldea arituko da eta nagusiena gainerakoetan; azken bi doinu hauek, ordea, batera dantzatuko dituzte, eskenatokia betez. Bloke bakoitzak janzkera propioa eta desberdina izango du gainera, saioa ikusgarriago egite aldera. Urretxuko Lurra Dantza-taldearen laguntza jaso du Toberak jaialdirako.
Sarrera sinbolikoa kobratuko da gastuak estaltzen laguntzeko, eta saioan bertan egingo den eguberri-saskirako zozketa-zenbakia jasoko da sarrerarekin batera.

'Akelarrean' ikuskizunak aho-zapore bikaina utzi zuen 2010. urtean.
Dokumentuaren akzioak