Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Tio Teronen Semeak: “Ez dugu plazer hau lanbide bilakatu nahi”

Dokumentuaren akzioak

Tio Teronen Semeak: “Ez dugu plazer hau lanbide bilakatu nahi”

Euskal dantza eta parranda dira Tio Teronen Semeak dantzari kuadrillaren ‘Frescool’ emanaldiaren oinarriak; Herriz-herri saltoka, giro paregabea sortzeko gai dira. Uneaz gozatzen dabiltza eta ez dute festa amaitzeko asmorik.
Egilea
Ane Urrutikoetxea
Komunikabidea
Gaztezulo
Mota
Albistea
Data
2016/09/13
Lotura
Gaztezulo

Topikoak gaindituz, badira gerrikoa ederki astintzen dakiten euskaldunak. Oinak arinak dituzte Tio Teronen Semeek, eta egun bakar baterako sortutako ikuskizuna izan behar zuenak urtebete darama Euskal Herriko plazetan, bertaratzen direnei irribarre eta algarak ateraz. Hogei bat dantzari eta lau musikariz osatutako lagun talde bihurriak sare sozialak irauli ditu; kuadrillako batzuekin bildu gara, beren arrakastarako sekretua ezagutzeko.

Nondik datorkizue izen bitxi hau?
Dantzaren semeak gara, eta ideia horri lotutako izen dibertigarri eta xelebrea aurkitu nahi genuen, euskal dantzaren kutsua agerian utziko zuena, baina misterioa mantenduz. Ideia guzti horiek biltzeko beste gauza hoberik ez zitzaigun bururatu, eta aurreskuaren doinuari keinu eginda, Tion teron, tiraron tion teron, tariraron… doinuarekin jolastea erabaki genuen. Elkartzeko dei moduko bat bihurtu da guretzat, nahiz eta hasieran gutako baten batek izena Googlen bilatu behar izan zuen, Tio Teron norbait zelakoan! Kar, kar, kar...

Eta non ezagutu zenuten elkar dantzaren semeok?
Euskal dantza tradizionaletik gatoz guztiok; kontua da ordu asko igarotzen genituela elkarrekin jaialdietan, entseatzen… Eta atsedenaldietan, lanak sortutako tentsio horren eraginez, oso une politak sortzen ziren, tontakeria pila bat egiten genituen. Hortik sortu zen txorakeria horiek ikuskizun bihurtzeko ideia zoroa.

Mutilak zarete dantzari guztiak; propio bilatu al duzue hori?
Inoiz modu kontzientean pentsatu gabeko kasualitate bat da. Gainera, uste dugu badagoela horrela suertatzeko arrazoi bat; izan ere, dantzan, tradizionalean batez ere, neskak dira nagusi. Ondorioz, mutilok konpainiaz konpainia saltoka ibili ohi gara, mertzenarioen moduan, mutilen falta izaten dutelako; horrek elkar ezagutzeko aukera eman digu. Dena den, neskak ongietorriak dira!

Musikari propioak erabiltzen dituzue beti?
Hasieratik argi izan dugu zuzeneko musikarekin lan egin nahi genuela. Gainera, gure pausoetara oso moldatutako musika erabiltzen dugu, erabat pertsonalizatua; ondorioz, garrantzitsua da gurekin datozen musikariek gure taldea, izpiritua eta proiektua ezagutzea. Musikariak ikuskizunaren parte dira; haiek ere egiten dute dantza. Dena den, noizbehinka atseden tarte bat hartzen dutenean, irrati-kasetea piztu eta doinu parranderoren batekin egiten dugu dantza.

Lagunarteko taldea izanda, nola moldatzen zarete entseatzeko eta erabakiak hartzeko?
Sistema anarkikoa daramagu, oso asanblearioa. Egia esan, erraza egin zaigu guztion artean proiektua moldatzen joatea. Herri eta dantza talde ezberdinetatik gatoz, eta adin diferentekoak gara, baina ez dugu arazorik elkar ulertu eta ados jartzeko. Aniztasun hori ona da guretzat, ikuskizunean joko asko ematen digulako.

Koadrodun alkandoraz uniformatuta zoaztela dirudi...
Herriko festetara parrandan ateratzen den edozein kuadrillaren istorioa kontatzen dugu, eta umore puntu bat emateko erabaki genuen koadrodun alkandorak erabiltzea, txikitero itxura hartuz. Dena den, alkandora ezberdinak janzten ditugu; uniformatuak goaz, baina uniformerik gabe. Hala, ikusleak gai dira dantzari bakoitza identifikatzeko, gutako bakoitza aktore bat balitz bezala.

Eta zaldi buruarena?
Zein zaldi buru? [Elkarri keinuka] Guk ez dugu ikusi! Askotan aipatu digute… baten batek bestelako animaliak ere ikusi izan ditu…

Orduan, inprobisatutakoa al da dena?
Inprobisazioak pisu handia du, bai. Pentsa, ikuskizun hau hasiera batean egun bakar baterako sortu genuen, Donostiako Olatu Talka jaialdirako, hain zuzen; eta ikusi non gauden orain! Askotan, taldekideek ezer jakin gabe gauza berriak egiten ditugu zuzenekoetan; sareetan bueltaka ibili den Michael Jacksonen bideo horretan, adibidez, askok ez genekien dantzariak amaieran egitera zihoana!

Eta zerbait gaizki irteten bada?
Kaka eginda geunden lehen aldiz Donostiako Konstituzio plazan bildutako jende mordo horren aurrean jarri ginenean! Ez dakigu zergatik, baina nolabaiteko ikusmira sortu zen jendartean, inork ez zekielako zer zen egitera gindoazena. Guk beti izan dugu argi euskal dantza maite dugula eta urtetan egindako lanari omenaldia egin nahi geniola guzti honekin… baina, ulertuko ote zuen jendeak? Ala errespetu falta bat zela pentsatuko zuten? Beldur handia genuen, baina harrera ezin beroagoa izan zen, zorionez. Handik aurrera, ez dugu horre

nbesteko beldurrik izan hanka sartzeko.



Dantza tradizionalari buelta eman, eta umorea eta parodia sartu dituzue zuen emanaldietan; nondik atera dituzue pauso horiek?
Pixkanaka moldatzen joan gara gure hasierako emanaldi hori, eta inprobisazioen fruitu, break dance eta bestelako mugimenduak txertatzen hasi gara; beti unean bururatzen zaigunaren arabera. Dena den, ondo dakigu noraino eraman daitekeen bat-batekotasun hori; geure buruari mugak jarri behar dizkiogu.

Plazak betetzeaz gain, sare sozialetan sekulako arrakasta izan duzue; zer sentitzen duzue jakitean, adibidez, Donostiako Parte Zaharrean egindako emanaldiaren bideo batek 200.000 bisitatik gora izan dituela Facebooken?
Ikaragarria iruditzen zaigu horren denbora gutxian lortutako arrakasta; erabateko poztasuna sentitzen dugu plazak betetzen ditugunean, eta bertaratutako jendeak eskaintzen digun babesa eta maitasuna jasotzean. Sare sozialetako oihartzunak ere zur eta lur utzi gaitu, eta publizitate asko eman digun arren, kalte egiteko arriskua dute bertan eskegitako bideoek. Badakigu egun ezinezkoa dela teknologia gelditzea, eta jendeak ez duela borondate txarrez zabaltzen gure lana, baina zoritxarrez, ikuskizuneko gag eta ezustekoak zapuztu daitezke bideoen erruz, sorpresa efektua desagerraraziz.

Azkarregi ari ote zarete gora egiten?
Izan daiteke, baina guk ez dugu arrakasta bilatu, hark aurkitu gaitu. Dena den, guk argi daukagu zer izan nahi dugun. Ez dugu plazer hau lanbide bilakatu nahi; bakoitzak bere lanbidea badu jada. Tio Teronen Semeak lagunen artean kudeatutako proiektua izaten jarraitzea nahi dugu.

Zergatik uste duzue zabaldu zaretela horren azkar sare sozialetan barrena?
Dantza tradizionalak badu bere publikoa, baina tradizioak ez du horrenbeste konektatzen jendearekin. Sare sozialetan gauza zehatzak bilatzen ditu jendeak, kasu honetan, umorea. Biak lotu ditugu guk; euskal dantza umore klabean eraikita dagoenez, publiko zabalago batera iristea lortu dugu. Umorea oso komunikazio tresna potentea da, plazer azkarra eskaintzen duelako. Bestalde, unibertsala ere bada; horri esker, Euskal Herritik kanpora joaten hasi gara, eta Salamancan adibidez, jendea barrez lehertzea lortu genuen, ikuskizuna euskaraz eskaini arren. Umoreari esker konektatu dugu jendearekin.

Inoiz norbait haserretu al zaizue dantza tradizionala parodiatzeagatik?
Noizbait egin digute komentarioren bat, baina orokorrean alderantziz izan da; oso harrera ona egin izan digute toki guztietan. Guk errespetu osoz eraiki dugu ikuskizuna, azken finean, euskal dantza tradizionala gure mundua delako; baina egia da beldur pixkat sentitu genuela Agurra bezalako dantza serio bat parodiatzean.

Zer da emanaldi batean gertatu zaizuen gauza bitxiena?
Denetarik gertatu zaigu! Ikusleak asko inplikatzen ditugu gure ikuskizunean, eta mota guztietako erreakzioak ikusi ditugu. Adibidez, txundituta utzi gintuen Eulaten topatu genuen amona bat; plazara atera genuen Agurra hari dantzatzeko, eta emakumea, pixka bat izututa, zer egin behar ote zuen galdezka hasi zen; bat-batean hura ere dantzan jarri zen! Amaieraraino dantzan jarraitu zuen amonak, plazako jendeak animatzen zuen bitartean. Oso polita izan zen; herri osoak kalejiran amaitu zuen.

Zer du Tio Teronen Semeak momentu honetan labean?
Uneaz disfrutatzen ari gara, presiorik gabe. Hau opari bat izan da, eta gozatzen jarraitzeko asmoa dugu. Ez dakigu noruntz eramango gaituzten oinek, baina ateak irekita mantenduko ditugu. Aurten Frescool emanaldiarekin ari gara, eta ez dugu nazkatu nahi; fresko mantendu nahi dugu proiektua. Ez dadila festa amaitu!

Dokumentuaren akzioak