Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Thierry Malandainek Maitaldiko zuzendaritza artistikoa utzi du

Dokumentuaren akzioak

Thierry Malandainek Maitaldiko zuzendaritza artistikoa utzi du

Filgi Claveriek hartuko du bere esku Maitaldiko programazioaren ardura, Biarritz baleteko mugaz gaindiko harremanen karguaz gain

Egilea
Nora Arberbide
Komunikabidea
Berria
Tokia
Miarritze
Mota
Albistea
Data
2004/09/17

Kargua «lan zamagatik» utzi du. Biarritz baleteko zuzendari eta koreografoa baita, gainera. Nahiago izan du lehentasuna horri eman, sorkuntzarako denbora gehiago ukaiteko. «Programazio bat kudeatzea esperientzia bakana da. Biziki ohoragarria da. Baina, aldi berean, alimaleko lana eskatzen du. Zailena ez da hautatzea, baina bai negoziatzea. Biarritz baletak ondoriok izan ditzake, nik nire programatzaile konpetentziekin ezetza ihardesten badiot Maitaldian aritzea eskatu duen talde bati, adibidez. Aurreiritziak baitira», esplikatu zuen Malandainek. «Egun guziz kiloka dosier eskuratzen ditugu, e-mailak, deiak... Eta, gainera, nire baleta kudeatu beharra dut. Cannes hiriko bienalari konparatzen bagara, han aste bat irauten duen dantza jaialdirako bost langile dituzte bakarrik horrentzat».



Bere ordez ez da zuzendari artistiko berririk izanen aldiz, Jakes Abeberri Biarritz Cultureko lehendakariak azaldu zuenez. Malandainek Biarritz baleteko zuzendaritzan segitzen duenez, «ez zelako egokia», erran zuen Abeberrik. Horiek hola, Maitaldiko programazio lana hemendik aitzina Filgi Claveriek du hartuko bere gain, Biarritz Culture elkartearen barnean. Postu horren betetzeko, Seaskako lehendakaritza utzi berria du. Seaskak eta Miarritzeko baletak ez dute berez gauza handirik ikustekorik, baina Claverie ez da mundu horretako atzerritar bat. Biarritz Culture elkarteko zuzendaria izana da bederatzi urtez. Horretaz gain, azken lau urte hauetan Biarritz baleteko mugaz gaindiko harremanak kudeatu ditu. Funtsean, hemendik aitzina ere eginkizun horren segitzeko asmoa du. Bere eginbehar berriaren komentatzerakoan pozik zela berriz «etxean» izateaz adierazi zuen. «Ez naiz artista, baina jadanik aritua naiz programazioan». Heldu den ekitaldietarako, xedeak «orain arte hasi dena segitzea da, arlo zenbait sustraituz eta garatuz». Ideia berri anitzekin heldu dela berretsi zuen CLaveriek. «Biarritz Culture elkarteak urtean zehar eramaten duen lanarekin zubiak indartzeko» nahia du, adibidez. Biarritz baletarekin eraman ekimenei esker, mugaz gaindiko harremanak sendotzeko aukera ikertuko dute Maitaldiarako. «Segur da kontaktuekin heldu naizela. Egia da dantza arloan ez dagoela Maitaldia gisako ekimenik. Interesgarria litzateke elkarlana abiatzea. Baina eztabaidatu behar den gai bat da», zehaztu zuen Claveriek. Dena dela, Malandain ez da arrunt desagertuko jaialdiaren lan taldetik. Ez du kargu zehatzik izanen, baina aholkuak ematen segituko du. Erdi irriz erran zuen bezala: «Zehazki mintzatzeko, goiz guztiz kafea elkarrekin hartzen segituko dugu Filgirekin». Jaialdiaren aurtengo ekitaldia iduriz «ona» izan da. Publikoa gero eta «ausartagoa» delako, poztu zen Malandain. Maitaldia jaialdiaren aurrekontua 500.000 eurokoa da.

Dokumentuaren akzioak