Dokumentuaren akzioak
Thierry Malandain, Miarritzeko 'Dantzaren jauna'
Maitaldia dantza jaialdiaren zuzendari artistiko izendatu berri dute Biarritz Ballet zentro koreografikoko burua, bi entitateen arteko harremana indartzeko asmoz
Agian binaka lan egin zezaketela, eta menturaz zurrumurruek zioten bezala
pertsona arazo bat zela gordetzen horren guztiaren azpian, galdera zuzenean
pausatu zitzaion Malandaini: «Nik dimititu eta Claveriek berriz bere lekua hartu
zuenean zuzendari artistiko gisa, Maitaldia elkarrekin eginen genuela adostu
genuen. Garaian, gurekin lan egiten zuen Filgik. Bulego beretan ginen. Lehen
hilabeteetan proiektuen berri ematen zidan. Baina Donostiara joan zen egunetik
Biarritz Ballet Junior-ekin, eta gaur egun arte, Maitaldiaren berri irailean
bakarrik izaten nuen, mundu guztiarekin batera». Horiek horrela, «iragan» bat
badela onartu zuen Malandainek: «Ni lanean ari den tipo bat naiz, isiltzen dena
eta botererik ez duena nahi. Baina hori ez da denen kasua. Muturreko egoera
batera iritsiak ginen». Eta orain zer? «Ni emeki aitzinatzen ahalegintzen ari
naiz. Ez botere gosez baina bai, Miarritzerentzat, dantzaren alde baita zentro
koreografikoaren alde». Hori baita erronka Malandainen ustez: «Argi izan dadila.
Miarritzek bakarrik 30.000 biztanle dituela, zentro koreografiko bat izatea
arras salbuespenekoa da, jakinez gainera anitzek nahiko luketela, eta ez dutena.
Hori kontuan harturik, egia da ez duela zentzurik hiri bereko bi entitate
kulturek ez elkarrekin lan egitea».
Izan ere, Biarritz Balletak alde
guztietatik konplimenduak jasotzen baditu eta fama baldin badu, nazioartean asko
ari dela, aldi berean, urtea justu -justua bururatzen du: «Garaiak zailak dira
denentzat. Maitaldiaren aukeraz baliatzea, zentzu onean, zentroa bizitzeko
xantza bat gehiago ematea da. Eta zentroak, berriz, daukan hedaduraz baliatzeko
aukera eman diezaioke Miarritzeri».
Bestalde, edo gainera agian,
irailetik Ballet Biarritz Juniorrik ez da gehiago, eta horrek ere badu menturaz
zer ikusirik aldaketa horietan.
Dantzaz Konpainia Donostian finkatuz
joan zen Biarritz Balletarekin elkarlanean duela hiru urte, mugaz gaindiko
proiektu bat bezala. Baina irailetik Dantzaz Konpainiak bere bidea bakarrik
segitzen du Donostian. Ez du gehiago Biarritz Ballet Junior izenik, eta, beraz,
ez du loturarik Miarritzeko zentroarekin: «Izena aldatzea nahi zuen Gipuzkoako
diputazioak. Dantzaz izena bakarrik atxiki nahi zuen. Eta izenaz gain, dantzari
euskaldunak bakarrik behar zirela kontratatu aipatu zuten argiki. Geroztik,
ohartu naiz baldintza hori ez dutela gauzatua, baina, halere, garaian hori erran
zidaten, eta nik ezin nuen onartu. Nik unibertsala den arte bat dut defendatzen.
Hautua errespetatzen dut, baina hori ez da gehiago nire istorioa. Gure
konpainian euskaldunak baditugu, baina baita ere japoniarrak, italiarrak,
frantsesak, espainolak. Dantza ezin da mugatu. Badakit Bilboko Athleticek Euskal
Herriko futbolariak bakarrik dituela, baina hori ez da nire arazoa. Gaur egungo
errealitatea kosmopolita da. Funtsean, betidanik horrela izan da».
Dantzari. 1968an 9 urte zituela hasi zen dantzatzen. 1977an
Pariseko Operan sasoi bat egin zuen.
Sortzaile. 60 bat
koreografia sortuak ditu.
Biarritz Balleteko buru.
1998an Frantziako Estatuaren ezagutza duen zentro koreografiko hori
sortu zutenetik buru da. Baletak 17 dantzari eta lau langile ditu.
Maitaldiko zuzendari artistiko. 2001etik lau sasoiez.
Aitzin eta gero Filgi Claverie zen.
Dokumentuaren akzioak